miércoles, 8 de agosto de 2012

Hilabete barru...

   Gure festetan aldaketa proposatzen zuen galdeketa hori eta gero, eta emaitza ikusi eta hausnartu ondoren, ezer gutxi gehitu genezakeela uste dezake inork. Esan beharreko guztiak esanda gelditu zirela pentsatu dezake edonork, eta egin beharreko guztiak eginda.

   Baina ez.

   Galdeketak zauri sakona sortu du herrian. Galdeketaz geroztik bi hilabete pasa direnean, eta zekorketetarako hilabete justu gelditzen denean, oraindik gaur, sua ez da itzali.
   Akaso erruaren zati handi bat nirea izango da, gehiegi jarduteagatik. Baina dena dela, ni isilduta ere, suak piztuta jarraitzen du. Ez garretan, baina bai bizirik.
   Eta morboak gora egin duela esango nuke.

   Aurtengo irailak 8koa ikaragarria izango da. Aurreikuspenek diotenez (hau da, jendeak, kaleak,...), aurtengoan erdi-kalea lehertu beharrean izango dugu, 17:30 ingurura iristen garenean. Ekainak 3an egin genuen aldarrikapenaren segida izango da, festa borobiltzeko unea. Ondoren, eta aurreko bi urteetakoa berriz errepikatuko denaren esperantzan (azkena berau galtzen baita), plazara joango gara, sasi guztien gainetik berriz gure herriko plazara itzuliko diren zezenketak ikustera (tira, inoiz ez dira joan, baina kolokan izan ditugu).
   Baina aurtengo Irailak 8an gertatu beharreko beste une baten zain dago jendea. Zeren ez gara ez tontolapikoak, eta ahaztu behintzat, etzaigu ahazten batek eta besteak esandakoa.
   Jendea (batzuk behintzat), morbo itzelez, zekorketa ondorengo pasodobleen korroaren zain dago. Nik kareta kenduko zain.

   Sentitzen dut batzuek hartuko duten desengainua baina, Irailak 8an ez dut aurpegia erakutsiko.

   Erabaki hausnartua da. Gogoeta ugari egin dut horren inguruan, eta erabakia irmoa da.
   Bi hilabete izan ditut, galdeketa ondorengo tenperatura neurtu eta momentu horren inguruan pentsatzeko. Eta azkenean, aurpegia publikoki ez ematea erabaki dut.
   Lau arrazoitan laburtuko nuke nire erabakariaren zergaitia:

     1.- Ni neu ez nago prest aurpegia emateko, eta horrek suposatu dezakeen guztiari aurre egiteko.


   Aurpegia ematen badut, zenbait ondorio ekarriko dizkit, jakinekoa da hori. Eta egia esan, beldurra ematen dit ondorio horiei aurre egiteak. Ez beldur fisikoa, edota errepresio ekintzak edo hitzak jasotzeko beldurra. Beste beldur mota bat da, ez dakit, "vertigo"-a... edo horrelako zerbait.
   Ez dut neure burua prest ikusten, horrelako konpromiso publiko bati aurrakastaz aurre egiteko. Bapatean pertsonaia publiko bat bihurtzeak, eta agindu nuen kontestuan gainera (jendartean,...), beldurra sortzen dit.
   Horretaz aparte, bigarren arrazoiak aitortzen duenak ere, asko eragiten du lehen arrazoi nagusi honetan.

     2.- Herria ez dago prest horrelako albiste bat kudeatzeko.

   Ez dago prest orain, eta ez da inoiz prest egon. Ohitura itzela dugu herri honetan  sugandillak krokodilo bihurtzeko, eta koskak amilegi. Baba aleetatik zeppelinak ateratzen ditugu, eta ipurtargiak ilargiaren pare jartzen ditugu. Laranjadiko iturria urjauzi bihurtu duenik ere, egongo da seguruasko.
   Herri txikia gara.  Onerako eta txarrerako. Eta herri txikietan ohikoa izan ohi den mingain luze eta pozoindua daukagu. Hori gutxi balitz, denok ezagutzen dugu elkar, eta herritarrak "klasifikatzea" eta epaitzea, herriko kirol nagusia da.
   Kotillero hutsak gara.
   Horri, zekorketen inguruko galdeketa bezalako gai korapilatsu bat gehitzen badiogu, denbora luzerako saltsa daukagu herrian. Eta gure herria saltsan bustita dagoenean, gustora jarduten dugu, plisti-plasta bati eta besteari buruz.
   Zekorketen gaia bero dago oraindik, eta zenbait gauza ez ditu begi onez hartu jendeak. 
   Zenbait zezenzaleren ohitura normal eta ohikoen aurkako komentarioak entzun daitezke, eta beste batzuk oraindik galdeketa galdu izanaren errudun bila ari dira, edonori eta edozerri behatzarekin seinalatuz.
   Nik aurpegia emango banu, jende honekin liskarrean ibiltzeak etzidan inongo graziarik egingo. Eta badakit, guztiak ez badira ere, bakarren batek izango duela zeresana niretzako.
   Herria bero dago. Eta momentu konkretu horretan, oraindik bizirik dirauen suari gasolina botatzea, etzait zuzenegia iruditzen. Horregatik diot, herria ez dagoela prest, horrelako albiste bat kudeatzeko.
   Guzti honek, nire lehen puntuko arrazoian pisu handia izan du.
   Sua itzaltzen denean (inoiz itzaltzen bada, zeren zekorketen gaia... bueno, denok dakigu nolakoa den), izango duzue nire benetako izen abizenen berri. Egunak, hilabeteak, edo urteak pasa daitezke. Baina iritsiko da eguna.

     3.- Ez da nire momentua.

   Irailak 8an, banda erdikalean jotzen ari denean, etzait momentu egokia iruditzen aurpegia emateko. Zeren, azken finean, eta gertatzen ari den moduan, nire agerpenak protagonismoa kendu edo jan diezaioke momentu horretan benetako protagonista diren haiei.
   Zentzu horretan, "Errexill"-ek soloa jotzen badu, "Errexill" da protagonista. Eta ez ni.
   Bestalde, "Errexill" ez dut erabaki bat hartzera behartu edo bultzatu nahi. Eta "Nerva"-n soloa jotzeak bere erabakia izan behar du, edota zuzendariarena, edo denadelakoarena. Baina nire presentziak ez dut nahi inor nahi ez duen zerbait egitera bultzatzerik. Eta Josebak erabakiko du, soloa jo, ala ez jo.
   Jotzen badu, bera izango da protagonista. Eta ez ni.
   Bere momentua da. Bandaren momentua da. Ez dut beraien festan arrotz bat izan nahi. 
   Ez diet protagonismorik kendu nahi.
   Ez da nire momentua. Beraien momentua da.

     4.- Hau ez da amaitu, eta armak ezkutatu egingo ditugu, baina ez entregatu.

   Ekainak 3koa lehen borrokaldia bakarrik izan zen. Hemen ez da amaitzen dena.
   Antitaurinoek, zilegitasun osoz, beraien aldarrikapenekin jarraituko dute. Eta izango da seguruasko, beste borrokaldirik gai honen inguruan.
   Udal egitura honekin, edo beste berri bat sortzen denean. Baina zezenketen gaiaren inguruko beste eztabaida uneak sortuko dira. Fortzatu nahi izango dira.
   Eta horregatik, eta etorkizuneko prespektiba honekin, etzait egokiena iruditzen aurpegia ematea.
   Zeren aurpegia emango banu, blog hau etzen berdina izango. Idazten jarraitu nezakeen, baina etzen berdina izango. Izen bat izango nuen, aurpegi bat, abizen bat,... Idatziek idazle identifikagarri bat izateak, blogari puntu asko kenduko zizkiola iruditzen zait.
   Azken finean, Amparo edonor izateko aukera hutsak, edozein herritarren pentsamendu edo sentimenduak islatzeko modu bat ematen dit.
   Horregatik, eta etorkizunean gai honekin aurrera eta atzera jardungo dugula pentsatuz, Amparoren bloga gorde nahi dut. Etorkizunean ere, eztabaida sortzen bada, orainarte bezala, nire pentsamendu eta sentimenduen defentsan irmo jarraitzeko.
   Amparo ezkutatuko da. Baina ez dut horren erraz nire arma nagusia izan den identitate asmatu hori entregatuko.
   Izango baitira borroka gehiago.
   Eta hor egon nahi dut nik.


   Hau azalduta gelditu dela pentsatuz, kezkatzen nauen beste zenbait gauzei buruz hitzegitea gustatuko litzaidake.
   Hasteko, Irailak 8an, eta zezenketen aurkako elkarretaraztea egongo dela pentsatuz, elkar topo egingo dugulakoan nago. Batzuk erdikalearen alde batean, eta besteak beste aldean.
   Aurrez aurre egongo gara, elkarri aurpegia erakusten. Eta horrek beldurra ematen dit.
   Ekainak 3an ez genion elkarri aurpegirik erakutsi. Botua sekretua izan zen, eta gure botuaren erantzukizuna gugan hartu genuen, emaitza onartu genuenean.
   Baina Irailak 8an ez dugu botua emango. irailak 8an gure ekintzen erantzule izan beharko dugu. Bai kalearen alde batean egongo garenok, eta baita kalearen beste aldean egongo direnek ere. Elkar topo egingo dugulako.
   Eta ez dut nahi oldarkeriarik. Ez batzuen aldetik, eta ezta besteen aldetik ere.
   Batzuentzat taurinoen klimax-a izango da, eta etzaie ongi irudituko antitaurinoek beraien momentu gozo hori izorratzea pankarta eta leloen abestearekin. Besteei berriz, beraien kausari pisua emateagatik edo, momenturik egokiena hori irudituko zaie, beraien aldarrikapenak egiteko.
   Norbaitek probokazioa ikusi dezake hor. Edo norbaitek beste norbait probokatu dezake, behin elkar topo egiten dugunean.
   Eta penagarria irudituko litzaidake, herritarren artean benetako liskarra sortzea, festa une gogoangarri bat izan behar duen une horretan. Eta okerrenean jarrita, horrelako zerbait gertatzen bada, ez diot behin ere barkatuko horren sortzaileari, taurino edo antitaurino izan.
   Beraz, Youtuben famatua egin den Amparito Roca-ren bideoan azaltzen den moduan, inork ez diezaiola esan inori "Fuera!" edo antzeko esaldirik. Zeren tenperatura nahiko beroa dago oraindik, eta tontakeria bat nahikoa izan daiteke norbaitek burua galtzeko.
   Irabazle onak izan behar dugu zezenzaleok momentu horretan.
   Baina besteek ere galtzaile onak izan behar dute.

   Dena dela, momentu horietan gertatzen dena gertatzen dela ere, hemen sarrera bat izango du.
   Ezer ez dela gertatzen, edota izugarrizko borrokaldia gertatzen dela ere, hemen sarrera bat idatziko dut festak eta gero.
   Bertan, gertatu direnak kontatuko eta baloratuko ditut, eta zekorketen kronikatxo bat ere egingo dut.
   Baina hori festa ondoren nizango da.

   Ordurarte, pozik bizi, eta zoriontsuak izan.

   Festetan ikusiko gara (tira, modu metaforikoan ulertu ezazue esaldi hau). Hor ibiliko naiz, plaza inguruan.


   Ondo izan.







Amparo la que Baila con el Toro,  Zestoan, Abuztuak 8an.

miércoles, 6 de junio de 2012

Blgari buruzko zenbait bitxikeria.

   Dena amaitu dela eta, guzti honen balantzea borobiltze aldera, nire blogeko estatistikak zorrotz aztertzen jarri nintzen. Eta nahiko datu bitxiak azaldu direla aitortu behar dizuet. Eta datu bitxi horiek zuei azaltzea erabaki dut.
   Gaurkoan, sarrera zenbakiei buruz izango da. Zenbat, noiz, nondik... Hainbat datu azaleratuko diut, kuriositateak jotzen dion edonork irakurri ditzan.

   Hasteko, guztira zenbat bisita izan ditudan azalduko dizuet. Hau argitaratu aurretik, 18.744 bisita izan ditu nire blogak.
   Sarrera piko altuena, galdeketaren biaramunean izan nituen. 892. Baxuenak berriz, hasieran, eguneko bisita bat.

   Azaroaren 22 batean hasi nintzen idazten. Eta Urtarrilean gainditu nituen lehen 1000 bisitak. Urtarriletik gaur arte, 17.000 baino gehiago izan dira. Erritmoa hilabetetik hilabetera igotzen joan da. Eta Maiatzean bakarrik, 5.000 bisita gainditu ditu blogak.

   Sarrera emankorrena honakoa izan zen. 1.000 bisitatik gora, eta 111 iruzkin.

   35 sarrera idatzi ditut, baina soilik 25 kaleratu ditut. Agian kaleratuko ditut kanpoan geratu diren idatziak. Ez dakit, ikusiko dut.

   Konturatu naiz, nire blogeko bisiten zati handi bat, jendeak egin didan publizitateari zor diodala. Zeren, trafiko gehieienetarikoa sortu duten orrialdeak, Facebook eta Tuenti sare sozialak izan dira.
   Hala ere, ia denak Google bidez sartu dira blogera.
   Xextran, eta "Muu!"-ren bloga ere, oso emankorrak izan dira, bisitariei dagokienean.

   Google-en jendeak egiten dituen baldarkeriak ikusteko beta ere eman didate nire estatistikek.
   Esaterako, Estatu Batuetatik, 500 bisita baino gehiago izan ditu blog-ak. Agian norbaitek ordenagailua Estatu Batuetakoa bezala dauka jarrita. Edota Estatu Batuetako jendeak edozer gauza bilatu dezake Google-en, nire blogean erortzen amaitzeko.
   Indiatik ere 60 bisita izan ditudala jartzen dit. Errusiatik 50 bisitatik gora, eta Mexiko zein Erresuma Batutik ia 30 bisita bakoitzetik.
   Auskalo zer bilatzen duen hango jendeak Google-en. Kanpoan den norbaitek irakurri izan dezake bloga, baina despistatuak dezente gehiago direla esango nuke nik.

   Despistatuekin jarraituz, jendeak, Google-en nire bloga aurkitzeko, "amparitoerdikalean.blogstop"  ia 50 aldiz bilatu du. Blogstop, blogspot jarri beharrean. Ja ja ja.
   "Amparito roka" ere (con "k" de kilo), 36 aldiz bilatu du jendeak. Eta "Amparito roka erdikale" ere bilatzen jardun du jendeak.

   Gehien bilatu direnak ordea, "amparitoerdikalean" eta "amparito erdikalean" bilaketak izan dira.
   Blogaren helbide osoa ere bilatu izan du jendeak, hirugarren lekuan. Badakizue, "http://www....." eta guzti horrekin.

   Erabiltzaileen %68, Windows sistemetatik sartu da blogera. %12 berriz, Macintosh sistemak erabilita, eta %7 Android bidez. Ipad bidez, %2 sartu da, eta Blackberry bidez ere bai.

   Erabiltzaileen %25 Firefox bidez sartu da, gehiengo bat. Internet Explorer bidez ere beste %25 bat sartu da, baina Firefox-ekin baino 700 bisita gutxiago izan dira IE-rekin.
   Chrome nabigatzailearekin %24 bat sartu da. Eta Safari-rekin %14 bat.

   Ah, eta ia ahaztu zait! Guztira, 653 iruzkin izan ditu blogak (idatzi honen aurretik).
   Eta 4 spam. Edo behintzat, blogger-eko konputagailuak, Mr.Guest-en bi iruzkin, Fernando Arzallus-en bat, eta "Anonimo" baten beste bat, spam bezala interpretatu ditu. Ez dakit zergatik.

   Baina tira, ikusi dezazuen, zertarako balio izan duen galdeketaren zirku guzti honek.
   Zenbat mugimendu sortu duen sarean.





   Gaur, azkenaldian egin dudan bezala, pasodoble batekin agurtuko naiz. Baina ez, ez da Amparito Roca izango.
   Gaurkoan, "Pepita Greus" pasodoblea jarriko dizuet. Oker ez banago, duela urte batzuk herriko bandak jo zuena. Edo behintzat, horren oroitzapena daukat. Ez dakit, agian oker nabil.
   Baina errezeloa behintzat, badaukat.

   Dena dela, gaur "Pepita Greus"-en doinuekin agurtuko naiz.

 



Izan ondo.

lunes, 4 de junio de 2012

Herriak hitzegin du. Balorazioa, garaipenaren gozotik.


   Hilabeteak iraun dituen aharra eta gero, bozka bidez eman diogu amaiera zirku honi.
   Zeren, igarotako guztiak igaro ondoren, hau zirku bat izan dela baino etzait gelditu garbi.
   Azken finean, batek ala besteak irabazi, zera galdetzen baitiot ene buruari: Zertarako balio izan du honek?

   Eztabaida aberasgarria da, neurri batera iritsi arte. Hortik aurrera, zerbait negatiboa bihurtu daiteke. Eta ustea daukat, erabaki berri dugun gaiaren inguruan sortu den eztabaidak, aspaldi gaindituta zeukala positibotik negatibora salto egiteko gainditu beharreko lerro fina.
   Haserreak, tonuz pasatako eztabaidak, mehatxuak, biolentzia zantzuak... Hori ez genuen behar herrian. Eta hori eman digu galdeketak. Motzean, eta gaur behintzat, hori besterik ez digu eskaini galdeketak.
   Nork daki ordea, epe luzera zer eragingo ote duen.
   Herria behintzat, zatitu du.

   Baina tira, honek oinordean utziko digun herri-giro mikaztuaren gainetik, gaur egun pozgarria da. Niretzat behintzat.
   Garaipenaren gozotik ari naiz idazten, eta poza besterik ezin dut adierazi. Poza, emozioa.
   963 zestoarrek baietz esan baitiogu zezenketei. Baietz esan diegu gure festei. Gure Amabirjinei.
   542-k berriz, zezenketak kentzearen alde egin dute bozka.
   421 bozkako aldea. Zinez asko da.
   Ni neu izan naiz lehen harritua. Alde handia da. Ikaragarria. Ia bi herenek baietz esan diete zezenketei. Inork uste etzuen emaitza.
   Eta, zein ondorio atera dezakegu hemendik?
   Hara, nire ustez, zezenzaleen garaipen osoa baino, neurri txikiagoan, antitaurinoen porrota ere izan dela esan beharko genuke. Ez nuke batzuen garaipenaz hitzegingo, nahiz eta jendea konbentzitzeko ahalmen handiagoa izan duten taurinoek. Izan ere, hauek 600 bat atsikimendu zituzten, eta zifra hori oso goitik pasa dute. Aurkakoek aldiz, 500 firma inguru omen zituzten, eta beren botuak ere, ez dira hortik pasa.
   Beraz, jendea mugitzeko gaitasuna, taurinoek izan dute. Eta hori, kontuan izanda, oso berandurarte zerura begira egon direla, kukuak jo zain. Mugitzea kostatu zaienarekin, ez dute emaitza makala lortu.
   Baina lehen esan dudan moduan, antitaurinoen porrot moduan ere interpretatu dezakegu hau.
   Haiek ziren, azarotik hona, jendea mugitzeko kanpainan hasi zirenak. Haiek izan dira, hilabete luzeetan zehar, zezenketen gaiarekin atzera eta aurrera ibili direnak. Haiek ziren, Ekainak 3ko egun seinalatuan benetako interesa zutenak.
   Baina nahiz eta asko mugitu, eta nahiz eta lan asko egin, beste aldekoak mugitu dira. Eta hori, batzuen garaipenaz gain, besteen porrotaren adierazgarri da, nire ustez.


   Aipatu behar ordea, nahiko eleganteak izan direla denak. Bai batzuk garaipenean, eta baita besteak porrotean ere. Eta hori, txalogarria da.

   Baina tira, joan da denbora, eta pasa da egun erabakigarria. 
   “Muu!”-ko lehen mugimendu publikoekin batera hasi nintzen ni, hemen, nire iritzi xumea defendatzen.
   Eta bere helburua lortu duenaren lasaitasun eta poztasunetik idazten ari naiz gaur.
   Hitz bakoitza gozo zait gaur. Idatzitako hitz bakoitzaz disfrutatzen ari naiz. Esaldiak dastatu eta gozatzen ari naiz gaurkoan.
   Azken idatzietan ez bezala.
   Zeren, ez da bide erraza izan hau. Hilabeteetako lan bakartiak nekatu samar utzi nau. Eta azken asteetan gaia hartzen ari zen giro gaiztoa ikusi eta gero, idazten nuen hitz bakoitzak lanak ematen zizkidan., aurretik idatzita nituen hitz guztiek sekulako pisua izango balute moduan.
   Giro gaizto horretan gogorra eta desatsegina zitzaidan idaztea. Hitz ozpinduak irteten ziren nire barrenetik, eta ez nuen sua gasolinarekin itzali nahi. Horregatik, nahi baino gehiago isildu naiz azken asteetan.
   Baina tira, gaurko garaipenak gozatu dizkit barruak. Eta hitzak beste aldarte batez irteten dira  orain.
   Joan dira, hilabeteetan jasan eta bizi izan ditudan tentsio  eta presioak. Eta ez gazki ulertu, ezbaidit inork egin presiorik, edo sortu tentsiorik, momentu oso puntualetan izan ez bada.
   Abentura honetan murgildu nintzenean, ez nuen uste hainbesteko oihartzuna  hartuko zuenik honek. Eta horrek sortu didan auto-exijentzia maila mantentzeak, tentsioa sortu dit. Neure burua presionatzera heldu naiz.

   Baina tira, espero dut, dena hemen amaitzea.
   Irabazi dugu, eta gozatuko dugu zinez, aurtengo festetan.
   Zeren galdeketatik, guztiz indartuta irten direnak, zezenketak izan dira. Honek, eta emaitza ikusita, zezenketen bultzada ikaragarria izateko arrisku handia dauka eta.
   Ez zitzaidan harrituko, aurten, azken urteetan baino dezente jende gehiago joatea zezenketak ikustera.

   Eta ikaragarria izango da aurtengoa.
   Inoiz baino jende gehiago, inoiz baino tentsio gehien bizi ondoren, erdikalean hustuko garelako, Amparitoren lehen doinuak entzutean.
   Eta aitortzen dizuet, galdeketa dela eta ez dela bizitako guztiek sortu didaten tentsio honen ondoren, nik behintzat, malkoak botako ditudala, banda, urtero legez, Amparito jotzen hasten denean.
   Nik aurten, seguru nago gainera, negar egingo dut. Hain nirea dudan festa amildegiaren ertzean ikusi eta, berriz nire besoetan ikusi eta gero, negar egingo dut.
   Ahaztezina izango da aurtengoa.

   Hau esanik, eta honenbestez, agurtzea besterik etzait gelditzen.
   Bere lana txukun eta fin egiten duenaren atseginez utziko dut blog hau. Eta helburua beteta ikusteak sortzen duen poztazun eta gozamenarekin.
   Azken finean, horretarako sortu baitzen blog hau, edota “Amparo la que Baila con el Toro” pertsonaia. Aski ezaguna iada, herrian.

   Eskerrik asko guztioi, emandako babesarengatik.
   Eskerrik asko baita ere, aldeko edo aurkako iruzkin bat utzi duzuen guztioi. Denak izan dira ongietorriak.
   Eskerrik asko, Ekainak 3an, eta Ekainak 3rako, zezenketen alde borroka egin duzuen guztioi.
   Eskerrik asko, bihotzez.

   Gelditu esandakoekin, hartu nire eskerrak eta, mesedez, barkatu gaizki esandakoak.

   Eskerrik asko bihotzez, nire bizitzako esperientzia aberasgarrienetako baten parte izan zaretelako.




   Izango dugu elkarren berri.






   Amparo la que Baila con el Toro


   


   

sábado, 2 de junio de 2012

Nik BAI bozkatuko dut.


   Asko hitzegin da zezenketei buruz. Gehiegi, akaso.
   Hitzegin behar ez zuten batzuk ere hitzegin dute, azken egunetan. Beti bezela, deialdi propioa eginaz, kontzientzia saldua duten horiek beraien konbenienztiara mugitzeko. Beti berdin, eta beti berdinak.

   Tira, luzerako eman du honek.
   “Muu!” herri ekimena mugitzen hasi zenetik, Azarotik edo, hemen jardun dut, neurea defendatzen. Bakarrik, orain dela oso gutxirarte.
   Hilabete asko izan dira. Egun asko. Sarrera asko.
   Denbora asko eskeini diot blog honi. Denbora asko eskeini diot, nire filosofía, iritzia eta ikuspuntua azaltzeari. Betiere, zerbaitetarako balioko duen esperantzan.

   Ez naiz “políticamente correcto”-a izan. Eta etzen nire asmoa horrelakorik izatea ere.
   Zeren, zertarako balio dute zurikeriek, Zestoa bezalako herri batean?
   Nahi duguna esan dezakegu paper baten gainean. Baina gero denok daukagu elkarren berri kalean. Denok dakigu zer gertatu zen, zer gertatu den, eta neurri handi batean, zer gertatuko den.
   Denok elkar ezagutzen dugun herri batean, oso zaila egiten zait, paper gainean irten diren zenbait gauza sinestea. Paperak gauza bat esaten  baitu, eta kaleak beste bat. Eta gu ez gara paperean bizi.
   Horregatik, paperen gainean idatzita irten den guztiari ez diot garrantzia edo traszendentzia handirik eman. Egia, paperaren gainean oso gutxitann azaltzen delako. Egia kalean dago. Egia jendeak dauka.

   Baina iada, hitzak alperrik dira.
   Orain, ekintzetara pasa behar dugu.

   Ekainak 3a erortzear dago, gainean daukagu. Egun erabakigarria, dudarik gabe.
   Sistema “bananero” batekin bada ere, eta inolako konfidantzarik ematen ez duen kontestuan bada ere, jokuan sartzea besterik etzaigu geratzen.
    Geurea defendatzea, beraien plazan.

   Plaza bete egiten dugulako, ia 600 lagunek, bi egunetan zehar.
   Festetan, nahi dugun ikuskizunaz gozatzeko eskubidea izan dezagun.
   Guk ez geniolako inori ezer galeraziko. Eta etzaigulako burutik pasa ere egiten, besteek zerren inguruan gozatu dezaketen edo ez erabakitzea.
   Festak, nahi bezela kontrolatu nahi dituzteako batzuk (Amabirgin eguna, Santakutz egunean jarriko digute laister, eta Santakutz bezpera larunbat batera mugituko dute)
   Animaliaren aitzakian, beste arrazoi batzuek mugitzen dutelako jendea, zezenketak kentzera. Eta hori, onartezina da.
   Arazo morala izanik ere, ez dagoelako animaliaren gain kontzientzia zorrotza duen herritar kopururik, nahiz eta batzuk aurka egon. Gorri, zuri eta berde koloreko bihotzak, ezkerreko besoaren laguntzarekin, urre eta gorri koloreak gure herritik ezabatzeko interes handiagoa baitago, plazan hiltzen den animalia bere destinu petraletik salbu uztea baino.
   Zezenetan ondo pasatzen dugulako. Baina ez odolarekin, azarotik hona batzuk esan duten moduan. Festeran parte dela ulertzen dugu. Seguruasko, festaren zatirik desatseginena.
   Baina festaren  edertasuna aitortzen dugulako, bere osotasunean.
   Zezenketetatik haratago, herrian beste hainbat ekintza eta parafernalia inplikatzen dutelako zezenketek. Hala nola, Amparito, giroa, kalejirak, kontzertu inprobisatuak…
   Jendeak egiten duelako berezi festa hau. Jendeak eman diolako berezitasuna, abesti baten notekin emozionatzerarte.. Eta jende hori plazatik bidali nahi badute, konziente izan behar dute, festa berezi egin duten horiek gabe, berezitasuna galdu egingo dela. Amparito ez dela berdina izango, baldin eta badago. Dena ez dela berdina izango.
   Gauza batzuk ezin direlako banandu, inolako ondoriorik gabe.
   Gure herriko parte direlako.
   Gure festen esentzia nagusia direlako.
   Maite ditugulako.

   Guzti hori kontuan hartuta, nik, Amparok, BAI bozkatuko diet zezenketei.
   Eta BAI bozkatzera gonbidatzen dizuet. Gugatik. Zestoagatik.

   BOZKATU BAI!!!!!


   Gaurko bideoari dagokionean, ez nuke nahiko, ondorengo bideoko hau azkena izatea.
   Berriz entzun nahi dudalako.
   Berriz emozionatzeko nahia dudalako.
   Gaurko pasodoblea, guztietan handiena izango da.  Eszenatokirik onenean, ondoen jo agian ez baina, ondoen entzuten den lekuan.
   Gaurko bideoan, Amparitoren templura bidatuko dugu. Azkena izango ez denaren esperantzan, eta horretarako borrokatuko dugunaren konbikzioan.
   Nik, berriz bizi nahi baitut hau.












PS: Hau ez da hemen amaitu. Astelehenean, galdeketaren balorazioa egingo dut. Eta pentsatzen nabil, dena amaitu ondoren, arrazoi batengatik edo bestearengatik, atzera bota ditudan idatziak kaleratzea.
Ez dakit, ikusiko dut.








Badakizue zer egin. Behin edo behin irakurri didazuenok, edota behin baino gehiagotan irakurri didazuenok (17.000 tik gora) , BOZKATU BAI.






Irailak 8an, pasodobleen korroan, "Errexill"-en soloaren ondoren elkar ikusiko dugulakoan...

viernes, 25 de mayo de 2012

Argi izpiak bota beharrean...

   Eztabaidatu diren gaien inguruan iritzia eman aurretik, nire poza adierazi nahi dut.
   Bi aspektutan sustraitutako poza da. Lehenik eta behin, zezenzaleak mugitzen hasi direla eta, pankartak jartzen hasi dira, nire pozerako. Bestalde, eta nire pozaren bigarren arrazoitzat, blog berrien jaiotza dago.
   Ez dut iritzirik eman azken egunetan, baino tentu handiz irakurri ditut hemen eta han idatzitakoak. Eta nire sorpresarako, beste bi blog berri jaio direla ikusi dut.
   Nahiz eta aurkakoak izan, eztabaidan jarduteko beste bi arbel direla iruditzen zait. Beste bi plaza.
   Eskerrik asko beraz, Txokokrispis eta Novilladas en Zestoa blog-ei. Ikusiko duzue zer den blog bat edukitzea... Ai ama... Ez duzue, ez, egur gutxi jasoko.

   Tira, behin hori esan ostean, ahoa itxita izan dudan egun guzti hauetan esan direnak eta ez direnak argitzen sahiatuko naiz. Edo bai behintzat, nire iritzia ematen.


  • Aldez aurreko bozka. (edo "eskaera eskatzea")
   Honekin gertatu denak ez dauka izenik. Eta ezta abizenik ere.
   Zestoako Udala, urte askoan egin duen esperpentoetatik handiena egitera doa. Txapuza bat. Zerrikeria.
   "Herri galdeketa" agindu ziguten, eta "eskaera bilketa" bat egingo digute orain. Praktikan berdina dela diote, baina prosezu ezberdina izango duela esaten ziguten.
   Ba tira, norbaitek "eskaera biltze" honek erreferendumaren izaera duela demostratzen badu epailearen aurrean, akabo galdeketa, Zestoako Udala, eta kristo guztiak. Egitera doazena, zirku bat delako. Pailazokeria bat. Baldarkeria bat.
   570 sinaduta inguru nahikoa izango lirateke, herri galdeketa legezko bat bideratu nahi duen edonorentzat. Baina horren ordez, Udalak galdeketa proposatu du, eta gero hasi dira firmak biltzen. Zestoan gauzak beti alderantziz egin behar ditugu. Bejondeigula.
   Hori bai, prosezua luzeagoa izango zen, eta ezingo zen dena azken hilabetean konkretatu, gure kasuan bezala. Baina tira, legearen barruan, 570 firma biltzen dituen edonork, legea eskuetan, herri galdeketa bat eskatu dezake, izaera juridiko horrekin. Eta ez "eskaera biltze" edo antzeko azken orduko asmakizunekin.
   Baina noski, Zestoan ikaragarrizko presa dago zezenak kentzeko. Ezin da itxoin, ez hilabete, eta ezta urtebete.
   Nahiago dugu azkar eta gaizki, ondo eta motel baino.

   Aldez aurreko bozkarena ere, lotsagarria da. 
   Nire bozka, udal langile bati eskura emateak... ez dauka adjetiborik.
   Ez da herri galdeketa, eta beraz, ezin da kutxarik jarri (jarriz gero, epaile batek Zestoako Udala prosezatu dezake). Baino kaxa bat, itxita... ez dakit. Zerbait obea...
   Bozka eskura??? Nora doa bozka hori?
   Lotsa ematen dit Zestoarra izateak.

   Askok botua jasotzen dagoen funtzionarioa ere kritikatu dute. Eta horretan ez nago ados.
   Funtzionarioari errespetu bat zor zaio, eta Fernandok ongi azaldu duen moduan, etika profesionala beste guztiaren gainetik dagoela pentsatu behar dugu.
   Beraz, etzait ongi iruditzen, funtzionario honi buruz hemen batzuk jarri dituztenak. Alde batekoa dela, edo bi aldetakoa, edo poliedrikoa,... Berdin dit.
   Etika profesionala dago, beste guztiaren gainetik. 

   Hori bai, botua funtzionario horri, edo aitasantuari, edo Fernandori, edo jaungoikoari eskura emate hori... Hori bai ezetz.
   Lotsagarria da.

   Gainera, legea eskuetan hartuz gero, eta eskaera eskatze bat dela kontuan hartuta, bozkatzeko beste mila modu daude, guri saldu dizkigutenetatik at.

  • ETA
   Gai delikatua da, eta eztabaidatik ateratzen sahiatu naiz, ahal izan dudan guztietan.
   Baina antitaurinoek beraiek ere, gaia atera dutela ikustean, eta nire blogeko arbelean jendeak honi buruz jarduteko gogoa zuela ikusita, amore eman dut.
   Honetaz hitzegin nahi baduzue, aurrera. Ez noa ezer esatera, ezta galeraztera ere.
   Baina iritzia botako dut.

   ETA-ren gaia ez dut inoiz sartu nahi izan. Ezta antitaurinoekin nahastu nahi ere.
   Zeren ETA-koek odola isuri dutenean, bestaldera begiratu dutenak, edo zuzenean gorazarre egin dietenak, antitaurinoak eta taurinoak dira. Bietakoak.
   Beraz, batzuei bakarrik leporatzea, besteei leporatu diezakedan hori, etzait ongi iruditzen.

   Hala ere, egia da, paperean jarriz gero, eta antitaurinoen "Odolik gabe askoz hobe" zenbaiten ahotik entzun ondoren, batzuek odolaren aurrean izan dituzten jarrerak nabarmen geratzen direla. Gehienbat, orain zezenak plazan isurtzen duen odolaren aurka egiten ari direlako.
   Baina nahiz eta antitaurinoen aldean koherentzia falta nabarmen ikusi, horren adibideak beste aldean ere existitzen dira.

   Eta garbi esango dizuet. Pertsonen odola isuri denean horren gorazarrean ibili diren haiek, antitaurinoak edo taurinoak izateak, berdin berdin dit.
   Antitaurinoen leloak ohiukatzean izan dezaketen koherentzia falta horrek balore guztia galtzen du, pertsonen bizitzaz ari garenean. Eta koherentzia falta hori nabarmen geratzen ez delarik ere, taurinoak ere ez dira libratzen.
   Berdin dit batzuk nabarmen geratzen badira, eta beste batzuk ez.
   Pertsonen odola isurtzeak duen larritasunak, inkoherentzia handienak ere txiki uzten ditu eta.
   Zeren kasu horretan, garrantzitsuena ez da eman dezakeen irudia.
   Garrantzitsuena, bere bizitza kendu, edota izorratu dioten pertsona hori baita.

   Horren gorazarrean ibili diren haiek, inkoherentzia publikoki erakutsi (antitaurinoek) edo ez (taurinoek), beraien moralaren zenbatekoa 0-n daukatela demostratzen dute.
   Eta hori baino beherago, ezin da erori. Inkoherentziak erakutsiz, edota ez erakutsiz.
   0-ren azpitik ezin da egon.

   Beraz, berdin dit zer esaten duten batzuk zezenaren odolaren inguruan. Berdin didan moduan, hauek erakutsi dezaketen koherentzia falta.
   Niretzat, iada, 0 balio dutelako.

   Hori bai, norbaiti min asko egin diezaiokete horrelako jarrera zinikoek.
   Eta azken hauek, guztiz ulertzen ditut.

  • Kultura, artea, eta inposaketa.
   Kultura dela, edo artea dela, eztabaidak izan ditugu hemen.
   Eta esan nuen bere garaian, nire iritziz, kultura oso gauza subjetiboa dela. Artea bezala.
   Beraz, eztabaida hutsa iruditzen zait, artea den edo ez eztabaidatzea.

   Nik ordea, ez nioke inori esango, zerk izan behar duen artea, eta zerk ez.
   Beste batzuk ordea, artea zer den eta kultura zer ez den esan nahi digute.

   Eta gogoratu nahi dut, besteei kultura zer den esaten zietenean, edo zein kultura motaz gozatu zezaketen esaten zietenean, hasten zela totalitarismoa.
   Horrela jarduten dute lider totalitario guztiek. Beraien kultura inposatuz, beraiek legez pentsatzen ez duen horri ere.

   Festa demokratikoz mozorrotu nahi duzue, herrian inoiz egin den txapuzarik handienetarikoa.
   Baina hori gutzi balitz, printzipio totalitarioetan oinarritutako kulturaren filosofiara pauso bat ematen ari garenaren sentzazioa daukat.
   Beraz, kulturaren inposaketaren inguruan ere gogoeta bat eskatuko nizueke.
 
   Non amaitzen da askatasuna, eta non hasten da inposaketa. Hor ere koxka dago eta.


  • Sufrimentuaz.
   Askotan eskatu diguzue zezenetara joan ohi garenoi, zezenaren sufrimentuaren inguruan gogoeta bat egin dezagun.
   Nik hemen jarri ditut nire iritziak horren inguruan, eta hausnartu dut gai horren bueltan. Denon irakurgai daukazue.

   Baina oraingoan, nik eskatuko dizuet gogoeta.

   Zezenaren sufrimentua dela medio, inork pentsatu al du zenbat pertsonak sufritu duten, horren aitzakian?
   Inork pentsatu al du, zezenaren sufrimentua ekiditearren, zein sufrimentu sortu dakiokeen pertsona batzuei?
   Beste animalien sufrimenduaren aitzakian, zilegi al da jendeak sufritzea?

   Gogoeta bat eskatuko nizueke.
   Zeren ni behintzat, gai honekin, sufritzera iritsi naiz.

  • Amparo dela, eta ez dela.
   Batzuentzat jainko, besteentzat deabru, ulertzen dut nire anonimotasunetik esandakoek sortzen duten eragina. Batzuek, "San Amparito" ere deitzen didate, taurinoen jainkotzat edo, akaso.
   Ulertzen dut, halaber, nire anonimotasunak sortu dezakeen morboa.
   Ulertzen dut, baita ere, kafe-tertulietako pertsonaia berri bat izatea ni, edota nire identitatea parkeko kotilleoen "trending topic" izatea.
   Baina ez alferrik jardun.

   Izen batzuk irten dira herrian. "Amparo hau izan daitekeela esan didate...", "Badauzkat izen batzuk buruan...", "Periko izan daiteke... edo Perika...", "Hau ez duk urruti ibiliko..."
   Baina alferrik ari zarete.

   Idazlearen inguruan zentratu beharrean, zentratu zaitezte idazten dudanaren inguruan.
   San Amparito (batzuk esaten didaten moduan, eta kristoren grazia egin didana...) kalean ibiliko den izpiritu bat delako. Jainkoa bezala, leku guztietan nago. Dena ikusten dut, eta dena entzuten dut.
   Zuek ez kezkatu, eta ez pentsatu nor naizen.
   Izan garbi ordea, guztiaren berri dudala.

   Nork idazten duen begiratu beharrean, zer idazten dudan begiratu.




Amaitzeko, eta azkenaldian ia beti egiten dudan legez, pasodoble batekin agurtuko naiz.
Gaurkoan, Zestoako festetako beste klasiko bat jarriko dut: "Camino de Rosas". Gaurkoan gainera, zuzeneko bideoan.

PS: Zestoako bandakoen traje urdin hori itsusia izango da. Baina goiko bideokoen trajeak... ez dauka izenik.
Granatea????
Apustuan hasi behar dutela dirudi, "Asegarce"-ko artekariak dirudite.




   Ekainaren 3an, nik BAI esango diet zezenei.



"San Amparitok" esana...

miércoles, 9 de mayo de 2012

7. Puntua

   Gaurkoan, nire filosofiaren "dekalogo" hartan idatzi nuen zazpigarren eta azken puntua argitzen saiatuko naiz.
   Honakoa esaten zuen zazpigarren puntu horrek:

  • Animalismotik at, beste mila arrazoik bultzatzen dute jende mota bat, zezenketen aurka egotera. Eta arrazoi hauek etzaizkit ez arrazionalak, ezta onargarriak iruditzen.
   Lehenik eta behin, argi eta garbi utzi nahi dut, goiko puntu horrek erreferentzia zuzena egiten dieten pertsonak, antitaurino batzuk bakarrik direla. Goian jartzen dudan moduan: "jende mota bat".
   Hau garbi utzi nahi dut, zeren gero agertuko da bakarren bat, "Muu!"-ko guztiak zaku berdinean sartzen ari naizela esanaz. Eta gaizkiulertu hori gerta ez dadin, ñabardura hau garbi azaltzea komenigarria dela iruditzen zait.

   Beraz, eta goian azaldu dudana ondo ulertuta geratu dela pentsatuz, puntuaren nondik norakoak azalduko ditut.

   Esan beharra daukat lehenik eta behin, sarrera honetan jarriko ditudan zenbait adierazpen eta hipotesi, "politikoki desegokiak" direla.
   Badirudi itsusia dela, jendeak pentsatzen duenaren eta esaten duenaren arteako zalantza egitea. Baina gaurkoan, batzuen "errugabetasun presuntzioa" zalantzan jarriko dut. Nahiz eta hau egiteak ez izan inolako ospe onik.

   Nire "dekalogo" partikularreko zenbait puntuetan adierazten nuen moduan, norberaren bizitza filosofia, eta zezenketen aurrean hartu genezaken jarrera, zuzenki lotuta doaz.
   Horrela, bere bizitza filosofiaren oinarrietako bat animalismoa duen hark, eta oinarri horrekin bat etortzen den bizimodua eramaten duen hark, zezenketen aurkako jarrera izango duela iruditzen zaigu. Eta pertsona honen filosofiaren inguruan, ez nuen eztabaida bat ere sortuko. Azken finean, bere bizitza eredua eta nirearen arteko talka baten aurrean egongo ginateke, eta elkar errespetatzea beste erremediorik ez litzaiguke geratuko.
   Gainera, bere filosofia animalistarekin bat datorren bizimodu bat garatzen badu, ez daukat inongo argudiorik bere animalismoa kritikatu, edota gutxiesteko. Jarrera animalista horretan guztiz kontsekuentea denaren adierazle izango baitzen hori.
   Baina gure herrian, horrelakoak egon badiren arren, beste animalista espezie berri bat garatu da.

   Gure herrian, oso ohikoa da animalista selektiboak aurkitzea.
   Gauza batzuetarako animalista deklaratu eta sutsuak diren arren, beste gauza batzuei begiratzen dietenean, animalismoaren existentziaz ahaztu egiten dira.
   Edo alderantziz bestela.
   Gauza ia gehienetarako animalismoa eta beronen filosofiari uko egiten diete. Baina gauza konkretu batzuen aurrean kontzientzia animalista pizten zaie.
   Dena dela, horrelakoak asko ikusi ditzakegu gure herrian.
   Norbaitek iruzkinetan jarri zuen moduan, animalista selektiboak dira.
   Animalismoaren platerean etortzen den guztia jan beharrean, honi hemendik hozka bat egiten diote, eta beste hari beste hozkada txiki bat. Baina hori bai, gustuko ez dutena, platerean uzten dute.
   Eta filosofia batekin koherentzian bizi zarenean, honen platerean etortzen den guztia jaten duzu.
   Baina esan bezala, badira animalismo selektiboa praktikatzen dutenak.

   Ez dira denak, ezta gutxiago ere.
   Baina badaude. Existitzen dira.
   Eta nahiz eta oso itsusia izan hauen existentziaren berri ematea, edo hauei buruz hitzegitea, hor daude. Eta batzuk, "Muu!"-ko argazkian, edo hauen pankartaren atzean azaltzen dira.
   Niri berdin dit hauek argazkian edota ekitaldietan egotea, baina "Muu!"-koek jankingo dute nor dabilen beraien mezu animalistak zabaltzen. Eta zein kontzientzia duten hauek.

   Orduan, zerk bultzatzen ditu "Muu!" herri ekimeneko parte izatera? Zerk bultzatzen ditu kausa animalista baten parte izatera, beraiek ez badira animalistak?

   Hor sartzen dira goian jarri dudan zazpigarren puntu horretan erreferentzia egiten diedan "beste mila arrazoi" horiek.
   Eta berdin dit mila diren, edo zortzi diren.
   Baina batzuei, "Muu!"-ko kide izatera bultzatu diena, ez da kontzientzia animalista izan.
   Horren aitzakiapean, beste errebindikazio batzuk medio, aurreiritzi batzuen manifestaldi beldurgarri bat ikusi dezakegu "Muu!"-koen lelo animalistak abesten dituzten batzuen artetik.

   Eta badakit hau esan eta gero, batzuk baino gehiago sutan jarriko direla, edota sumindu papela hartuko dutela. Ez baizaie gustatzen, jendeak horrelako gauzak esaterik.
   Baina urte asko daramatzagu herri honetan, ez ginen atzo jaio, eta herritar askoren erradiografia egitea oso erraza da.
   Batzuetan oso nabarmen geratzen baita.

   Baina batzuk, ez daude hor animalismoarengatik.
   Askotan pentsatu izan ohi dut, zezenketak "la fiesta nacional" izan beharrean, eta pasodoble eta ikonografia espainiar baten menpe egin beharrean, ikurriña, txistua eta danbolina, txapela buruan, eta aizkorarekin egingo baziren, zenbat egongo ziren "Muu!"-koen argazkian.
   Askotan pentsatu izan dut, zezenketak "la fiesta nacional" izan beharrean, "herri kirol" izango baziren, zenbat egongo ziren "Muu!"-ko argazkian.
   Askotan pentsatu dut, espainiar jatorria izan beharrean, Urbasan sortua izan balitz, zenbat egongo ziren "Muu!"-koen argazkian.
   Asko eta askori, ez baidie odolak molestatzen. Ez behintzat, beste gauza batzuk baino gehiago.

   Eta hori, onartezina izateaz aparte, kirol hedatua da gure herrian.
   Batzuentzat, zezenketen aurka egotea abertzaletasunaren aiderazgarri baita, eta ez animalismoaren adierazgarri. Batzuk ez daude argazkian animalismoa dela eta. Batzuk, abertzaletasuna, eta euskalduntasuna nabarmentzeko jartzen dira espainiar usaina duen guztiaren aurka.
   Adibidez, joan den Abuztuan "Muu!"-ko kide diren berberek aurkeztu zuten manifestu hura idatzi zuenetako bat, etzen ezaugarri horietatik hurrun ibiliko. Ez behintzat, irakurri zituzten zenbait puntu irakurri ondoren ondorioztatu dezakegunaren arabera.

   Kontua hori da.
   Oso gai delikatua den naziotasunaren eta abertzaletasunaren sentimenduak bultzatuta jartzen dira batzuk lerroaren alde batean, edo bestean.
   Azken finean, beraien abertzaletasuna garbi eta ozen erakusteaz gain, bestaldekoena gutxiestearen helburua ere hor egoten da beti. Aurreiritzi eta printzipio politikoak nagusitzen dira, printzipio moralen gainetik. Eta ez da lehengo aldia hau gertatzen dena, eta ezta lehengo gaia ere, nazio sentimenduez zipriztinduta ikusi dena.

   Horren adierazle, taurinoak ere badira.
   Politikoki zenbait gauza sutsuki defendatu, baina taurino diren jende asko egon da herrian. Eta hauek, konturatuko zineten moduan, ezkutatuta dabiltza.
   Lehen burua altu eramaten zuten, eta beren burua taurinotzat erakusten zuten.
   Orain ordea, galdeketaren gaia irten denean, guztiz ezkutatu dira batzuk.
   Presioak medio edo, ez dakit, taurino batzuk argi utzi dute sentimentu nazionalarekin eta taurinismo-antitaurinismoaren artean dagoen lotura perbertso hori.
   Batzuk, kausa antitaurinoan burua ondo goian dutela azaltzen diren moduan, beste batzuk kausa taurinoan ezkutatzean nabarmen uzten dute lotura.

   Hala ere, inor ez da inozoa hemen. Edo ez dut uste.
   "Muu!"-koak beraiek oso konsziente izango dira, beraien kausaren baitan, kontzientzia animalistak baino, beste zerbaitek bultzatuta agertu denik badela.
   Nire ustez, beraiek badakite badela horrelako jendea.
   Baina, zer egingo diete ba... Mesedetarako etor dakieke. Azken finean, animalismoak edo beste arrazoiren batek bultzatuta, denak botoak baitira.
   1+1=2,  beraiek ondo dioten moduan.
   Berdin du batek zergatik bozkatzen duen, eta besteak zergatik. 1+1=2.

   Baina niri inork ez dit ziririk sartuko.
   Aspalditik ezagutzen dugu denok elkar, eta badakit nork zein bide daraman.
   Aske dira nahi duten arrazoiek bultzatuta, kausa baten alde edo kontra jartzeko.
   Baina lelo animalistak esaten ikusten ditudanean, grazia egiten didate. Parregura etortzen zait. "Odolik ez..." "Animalien eskubideen alde..."...
 
   Hiprokesia.

   Kartel bat atera beharko lukete: "gu zezenketen aurka gaude, euskaldun abertzale eta puritanoak garelako. Eta zezenketak espainiarrak direlako. Eta hauen kontra egoteak, abertzaleen zerua irabazten lagundu dakiguke eta". "Edo honegatik, hargatik, eta eztakizergaitik,..."
   Edo horrelako zerbait.
   Behintzat, zintzo egia esaten ariko ziren, beraien benetako motibazioak ezkutatu eta animalismoaren atzean ezkutatu beharrean.
   Hori egingo balute, eta nahiz eta ni beraien kausarekin bat ez etorri, behintzat garbi utziko lukete beraien postura eta asmoa.

   Baina jende artean disolbatzea askoz ere errazagoa da.
   Eta mesedetarako gainera.

   Baina badakizue, Zestoa horrelakoa da. Horrelakoa izan da, eta horrelakoa izango da.

   Batzuk dena nahasten dute. Eta hori gutxi balitz, besteak inozotzat jo, eta konturatzen ez garela pentsatzen dute.
   Hori duk hori!

   Ai ene, batzuk "egiaren makina"-tik pasako bagenitu... Non geratuko ote zen animalismoa.

   Azken finean, nire puntuak dioen moduan, animalismoa onartzen dut zezenketen aurka joateko arrazoi nagusitzat.
   Animalismo koherentea, filosofia koherentea. Eta hau bakarrik.
   Beste edozein arrazoi medio dela, zezenketen aurka agertzen den hori, niretzat ez da zilegia kausaren defentsan jarduteko. Eta gutxiago lelo animalistak esateko. Ez baita animalista, eta hau mozorrotzeko erabiltzen baitu soilik.

   Nirekin alperrik zabiltzate.

   Badakit nor den nor.
   Denok baidakigu, azken finean, nor den nor terri txiki honetan.

   Txikitasunaren miseriak dira.


   Eta kontuz! Ni baino abertzaleagorik, euskal identitate handiagoa duenik, eta euskaldonagoa denik... Ez duk askorik egongo.
   Eta taurinoa naiz.







PS: Gainontzeko puntuak irakurri nahi dituenak, hemen aurkituko ditu esteka zuzenak.
Dekalogoko puntuak:
1. Puntua
2. Puntua
3. Puntua
4. Puntua
5. Puntua
6. Puntua





   Eta gaurko pasodoblea, Zestoako bandaren zezenketetako arrakasta klasiko bat.
Enjoy it!!!




domingo, 6 de mayo de 2012

Maiatzak 15, Asteartea, arratsaldeko 20:00tan.

   Gaur ez naiz gehiegi luzatuko, ez baitago horretarako beharrik.
   Gaur deialdi bat luzatu nahi dut, besterik ez:

   Zezenzale, festazale, eta gainontzeko guztioi; hala nola, Iraila gerturatzen doan neurrian barrera usainak sentipen berezi bat sortzen digun guztioi, zezenzale izan, edo ez, dei egiten dizuet.
   Zestoako festen izaera berezi eta xarmangarriak bizirautea nahi duten guztiei, dei egiten dizuet.
   Zahar, gazte, handi edo txiki, guztioi dei egiten dizuet.
   Noizbait hemen jarri ditudan ideia eta idatziekin bat etorri den edonori, dei egiten dizuet.
 
   Dei egiten dizuet, Maiatzak 15, Asteartea, arratsaldeko 20:00tan Txanberrenean egingo den bilerara gerturatzeko.
   Hil ala biziko bilera da.
   Ekainaren 3an izango den ekitaldi horren aurrean zezenketek bizirautea nahi dugun guztiok hartu beharreko jarrera eztabaidatuko dugu.
   Zezenketen etorkizuna, eta festen etorkizuna, gure esku izango dugu bilera horretan.

   Bertaratzeko dei egiten dizuet guztioi.
   Partidua hasi da, eta batek ala besteak, irabazten amaituko du.
   Jokuan sartzeko garaia da.

   Irabaztera goaz.

   Ez dizuet behin ere ezer eskatu. Baina bihotzez eskertuko nizueke, asteartean Txanberrenera azalduko bazinete.

   Ni han izango naiz.
   Ez iezadazue bakarrik utzi.

lunes, 30 de abril de 2012

12.000

   Zenbaki nahiko biribila da 12.000.
   Eta gaur, 2012 urteko Apirilak 30, "Amparito, antitaurinoak eta beste hainbat pito" izenburutzat duen blog honek, bisitari kopuru hori gainditu du.
   12.000 ikustaldi baino gehiago izan ditu iada blog honek.

   Nork esan behar zidan niri, "Muu" herri ekimenaren blogaren propaganda kalean ikusi, bertara sartzea erabaki eta, irakurri nuen sinpletasun zakukadari aurre egiteko blog hau sortu nuenean, maila honetako bisitari kopuru batera iritsiko nintzenik.
   Egia esan, bloga sortu nuenean, ez nuen inoiz pentsatu honek izan zitzazkeen eragin edo ondorioetan. Nahiko inprobisatua izan zen guztia.
   Nire izen abizenez firmatzeko zorian egon nintzen lehen aldi horretan. Baina artean "Muu" oraindik kolektibo anonimo eta misteriotsu bat zenez, pseudonimo "misteriotsu" bat sortzea erabaki nuen neuk ere. Burutik lehenengo pasa zitzaidan izena "Amparito Roca" izan zen. Baina Amparito bakarra dago munduan, Donostia bezala. Beraz, zerbait ezberdina aukeratu behar nuen, baina ildo horretatik asko urrundu gabe.
   Burutik pasa zitzaidan hurrengoa "Amparo la que Baila con el Toro" izan zen, eta horrela sinatzea erabaki nuen. Blogaren izena ere bat zetorkion, eta bi aldiz pentsatu gabe, Amparo eta bere bloga sortu ziren.

   Gorabeherak izan ditut, arazoak postarekin (ordaindutako zerbitzari bat nuen, eta sartzen sahiatu ziren), arazoak jendearekin.
   Batzuek, "planto" egitea erabaki zuten, nire idatziren bat irakurri ondoren.
   Beste batzuei berriz, etzaie gustatzen jendeak nire idatziekin adostasuna erakustea. Aldeko iruzkinak soberan daudela pentsatzen dute nonbait, edo antzeko zerbait.
   Beste batzuk, denetarik leporatzen didate. Neure printzipio propioei traizio egitea, besteen printzipioenganako errespetu falta, "enredante" bat izatea (horretan arrazoia daukatela aitortu behar dut), alferrik eztabaida sortzea,...

   Joku bat bezala hasi zena, gero eta dimentsio handiagoa hartzen hasi da.
   Txiste tonuan hasi eta, gero eta tonu serioago batera salto egin dut. Azken finean, neure burua bakarrik ikusten nuen antitaurinoen aurrean, eta hauei buruz txisteak egin eta "pitorreoa" egitetik aparte, zerbait serioagoa proposatzeko beharra ikusi nuen, taurinoen pasibitatea zela eta.
   Herrian ere "morboa" sortzea lortu dut. Eta ez dakizue zuek, zein dibertigarria den jendeari jakinmina sortzea, identitatea dela eta ez dela.
   Eta are dibertigarriagoa, bakarren batzuei sortzen diedan ezinegona eguneroko bizitzan usaintzea, dastatzea.

   Momentu ederrak ematen dizkit blog honek.
   Momentu makalagoak ere bai ordea. Azken finean, bakarrik ari naiz hemen. Eta askotan nahi izan dut nire abentura jendearekin banatu. Hauei galdetu, nondik nora jo erabaki, zein gai atera, e.a. . Bakardade hori ez da erosoa, baina badakit jende asko nirekin dagoela. Eta hauek dira azken batean, indarrak ematen dizkidatenak.

   Gaurkoan ordea, ez naiz gehiegi luzatuko.
   Politikoek esaten duten moduan, "sacar músculo" besterik ez dut egingo gaur. Indarra erakutsi. "Sacar pecho".
   12.000 bisita ez dira gutxi, eta utziko didazue bost minutuko harrokeria hau manentzen.
   Gainera, nire harrotasunak, eta arrakastak, bati beino gehiagori ez dio grazia handirik egingo. Eta horrek indarra ematen dit, are harroagoa izateko. Harrokeriak molestatzen badie, harrokeria emango baitiet batzuei.
   Gainera, ikaragarri dibertigarria da jende mota bati kirioak dantzan jartzea. Eta are dibertigarriagoa oraindik, dena kontrolatu nahi duten nezkazar horiei kaka burutik behera egiten diezunean (ojo! Ez naiz "Muu"-ri buruz ari, pertsona konkretuei buruz baizik), eta ez dakitenean nor zaren, jartzen duten aurpegia ikustea.
   Horrek ez dauka preziorik.
 
   Eskerrik asko, blog honi bisita bat egiteko denbora hartu duzuen guztioi. Baita iruzkin edo iritzi bat utzi duzuen guztioi.
   Denak dira ongietorriak hemen.

   Ez etsi.
   Jarraitu dezagun gurean, eta irabaziko dugu.


   GORA ZESTOAKO FESTAK!!!!
   GORA AMABIRJINAK!!!!
   GORA ZESTOAKO ZEKORKETAK!!!!
   GORA AMPARITO ROCA!!!!!





PS: 12.000 jarri dut, 10.000koa pasa egin zait eta. Askoz ere zenbaki biribilagoa da 10.000, baina pasatu egin zitzaidan zenbaki hori igaro genuen eguna.
Eta gaur 12.000 pasa ditudala ikusi dadanez, 12.000ri esakini diot sarrera.
Ez da horren biribila, baina tira. Asko da, zinez.




Gaurko pasodoblea, herrian jo izan duten bat:

miércoles, 25 de abril de 2012

Eskutik helduta

   Gaur mokoa ondo berotuta daukat. Beroegi, akaso.
   Astelehenetik gaur arte ikusi eta entzun dudanak zalantza franko argitu didala esan beharra daukat. Eta horrek, modu batera edo bestera, mokoa ondo berotu didala ere aitortzen dut.
   Gauza batzuk etzaizkit gustatu. Baina behingoz, batzuk kendu dute kareta, eta hemendik aurrera garbi izango dugu nor den nor kontu honetan.

   Inoiz ez dut konfidantza gehiegirik izan herri galdeketaren nondik norakoen inguruan.
   Beti sortu zait zalantzaren bat edo beste, non amaitzen den udala, eta non hasten den "Muu" pentsatzen jarri naizenean.
   Baina azken hauek "transparentzia osoz" jokatu dutela esaten ziguten. Eta egia esan, etzegoen hauen hitzan ez sinesteko bestelako arrazoi potolorik. Horregatik, beraien azalpenek nahikoa asetu didate, gaur arte.
   Azken egunetan izan diren ekitaldiek ordea, bakoitzaren kartak mahai gainean jarri dituzte.
   Izan diren bileren emaitzak argitu ditu behingoz udalak. Galdeketa madarikatu horren legeztapena nondik ibiliko den ere azaldu zuten, ekitaldi horretan.
   Baina ipurdia ikusi zaio udalari.

   Nik ere izan dut aukera, udalak gai honen inguruan egin dituen bileretako pare bat akta irakurtzeko. Eta niri ere, beste askori moduan, parregurea eman didate.
   Bertako kide bakoitzak emandako iritzi eta proposamenetatik aparte, udalak berak izan duen jarrera parregarria iruditzen zait.
   Tamaina horretako epaile batek arautu behar badu herri galdeketa, utzi ditzagun trastoak eta goazen hemendik.
   Udaletxeak, bere jarrerarekin, epaile inpartzial bat ez, beste guztia ematen du.
   Eta horrek, orainarte egin diren pauso guztiak zenbateraino egia izan diren galdetzera bultzatzen nau. Orainarteko guztia alperrikako pantomima bat izan den ere pentsatzen dut orain, ikusitakoak ikusi ondoren.

   Izenburuak esaten duen moduan, udala eta "Muu" eskutik helduta doaz.
   Bata bestearen bozgorailu da, eta bestea bataren legegile. Eta denak batera, orgia antitaurino interesatu eta faltsukeriaz betea egin dute, gure muturren aurrean.
   Biak eskutik helduta doaz, galtzeko ezer gutxi duenaren ausardiarekin. Eta jakinik, 31 eta eskutik dutela, galdeketaren aurrean izan daitezken zenbait jarrera zentsuratzearen inguruan. Azken finean, legeak ia nahieran aldatu ditzake udalak, sudurraren puntan jartzen bazaio.
   Eta noski, orainarte egin dutena antzerki bat izan den, edota egia izan den zalantza potoloak ditut.

   Bada gaztelerazko esaera bat, udalaren jarrera definitzen duena: "¿Por que lo llaman amor, cuando quieren decir sexo?"
   Zergatik ez du esaten udalak, benetan nahi duena, eta erabaki politiko gisara gainera, zezenketak kentzea dela?
   Zergatik egin behar dute galdeketaren antzerkia?
   Nahiago nuke, benetan nahi dutena esango balute, eta txorakeriak alde batera utziko balituzte. "Zezenketak kendu nahi ditugu", ez da horren zaila.
   Okerragoa da ordea, nire iritziz, herritar guztiei ziria sartzea. Galdeketaren pantomima guztia eraiki, azken helburu batera iristeko. Eta gainera, inongo lotsarik gabe, helburu jakin hori bete dadin jokuaren arau guztiak alde jartzeak, ez dauka izenik.
   Ipurdia ikusi zaie, lehen esan dudan moduan.


   Gainera, bitxia iruditzen zait gutxienik, udalak, eta bertako partiduko kideek, hartu duten jarrera.
   Zezenzaleen boikotaren beldur, gutxieneko partehartzearen maila %33tik behera ezarri dezakete, horretarako beharra ikusten badute.
   Adarra jotzen ala?
   Ezker Abertzalea, mila eta bat hauteskundetan abstentzioa eta boikotaren alde egin duen alderdia, boikoterako eskuideak kentzen hasi da. Hori da hori. Joño.
   Txaketaz azkar aldatzen dute batzuk, boterera iristen direnean.
   Eta botere madarikatu hori ez galtzearen beldurrez edo, asmoak mozorrotu eta ziria sartzen diote herriari, benetako asmoak aurpegira azaldu beharrean.
   Bejondeizuela! Gero ez dezala inork esan klase politikoan fedea ez dugunik, inoiz baino gehiago justifikatuta dagoen postura bat iruditzen zait eta.


   Aupa zuek!
   Orainarte pantomima bat montatzen, eta orain ipurdia bistan.

   Baina tira, badago irtenbide bat.
   Irabazi diezaiegun beraien jokuan, beraien arauekin. Min gehiago egingo die eta.
   Eta itxi diezaiegun ahoa, behingoz.
   Orduan erakutsi beharko dute, beraien talla demokratikoa noraino iristen den.

   Bitartean, segi dezatela eskutik helduta.
   Maite dezatela elkar, eta bizi dezatela beraien maitasun istorioa.





PS: Aurreko sarreran esan nuen, pasodobleak jartzen joango nintzela, gaia girotzearren, eta bandakoek ideiak hartu zitzaten.
Gaurkoan pasodoble oso ezagun bat jarriko dut.
Bere izenak ere, agian izan dezake batzuen jarrerarekin zerikusirik. Edo agian ez.
Zuek ikusi.

sábado, 7 de abril de 2012

"Egia" saltzeaz, probokazioa, eta gutun eta promesa publiko bat.

  (Abisatzen dut, nahiko "agresibo" nagoela gaur. Kalibre handiko balarekin tiro egitekotan naiz, eta agian gaurko idatzia gogorxeagoa izan daiteke. Abisatuta zaudete. "Y el que avisa no es traidor".
   Luze joateko arriskua ere badago. Abisatuta geratzen zarete)

   Zezenzaleak mugitu dira, eta bi  muturrak garbi erakutsi dute (behingoz) aurpegia. Hasi da beraz, kanpaina. Hasi da konfrontazioa.
   Kanpaina ez da ordea atzoko gauza, eta ezta herenegungoa ere. Baina zezenzaleak lehen aldiz eta ofizialki orain mugitu direnez, bi aldeen kanpaina hasi dela aitortu dezakegu.
   Orainarte "Muu"-k kanpainaren monopolioa izan du, zezenzaleek hala erabaki edo utzi dietelako. Baina azken hauek ondarretara salto egitea erabaki dute, eta zezenari adarretatik eustekotan dira. Ea zenbateko "muukadak" botatzen dituen orainarte mehatxuan izan dugun "zezenak".
   Biak mugitzen hasita, konfrontazio zuzen eta esplizitua hasi dela esan genezake. Orain arte blog honetan, edo pertsona indibidualen ahoan bideratu izan den konfrontazio bat izan da hau. Baina lehen azaldu moduan, ofizialki bi mutur ditugu, elkar joka hasteko zorian.
 
   Beraz, kanpaina hasia dela eta, norbera bere egia saltzen hasiko da. Bueno, egia esan, aspalditik hasiak gara batzuk horretan, baina tira, ni behintzat ez naiz ez inoren ordezkari ofizial bat, eta ezta eztabaidako agente nagusi.
   Hala ere, interesgarria iruditzen zait, norberak zein egi salduko duen, eta nola salduko duen aztertzea. Eta horretaz doa gaurko jarduna.

   Zer saltzen digute zezenzaleek?

   Betikoa.
   Beti izan duguna, eta joan den irailean ikusi genuen berbera. Ahal bada hobea, baina tira, base berdina izango du.


   Zer saltzen digute antitaurinoek?


   Paradisua, hitz gutxitan azalduta.
   Positibismoa, odolik eza (plazan behintzat, beste mota batetako odolei buruz... "mutis por el foro"), askatasuna (paradojiko xamarra),... Tira, paradisua. Edo asko hurreratzen zaion zerbait.
   Edota honen oso antzekoa izan behar duen esperientzia mistikoa izango da festetan murgiltzea, edota programan zezenketak ez daudela irakurtzea.
   Eta aurreko guzti hau ez bada ere, oso esperientzia ahaztezina izan behar du "odolik gabeko" (zenbait lekutan) festak izateak, saltzen digutenek diotenaren arabera.
   Handik edo hemendik ere entzun dut, "fiestas a la carta" izango ditugula, antitaurinoen "bai eta ez", edota anbiguedade hori dela eta.
   
   Hori bai, inork ez du esan, zezenketak kenduta ere, konfrontazioak eta desadostadunak hor jarraitzen duela. Batzuk desados egongo direla, eta litekeena dela 17:30etako kontzentrazioa ez ezabatzea. Hori bai, pankartaren atzean lehen Amparito entzuten egoten zirenak egongo dira, eta lehen pankartaren atzean egoten zirenak, agian Amparito entzuten egongo dira.
   Tortillari buelta emango zaio abolizionistek irabazten badute. Baina tortilak hor jarraituko du, kendu ala ez.
   Hori bai, zezenketen aurkakoek zoriontasun osoa eta nirvana-ra iristeko bidea saltzen dizkigute, zenbait puntu ahaztuaz bidean.


   Barreren positibismoa ere saldu digute, hauekin zer egin erabaki aurretik.
   "Barrerak estimulu positiboak sortzen dituzte herrian". Beraz ez gara bustiko gaiaren inguruan, eta barrerak nahi dituenari barrerak emango dizkiogu, txosna nahi duenari txosna bat jarriko diogu, eszenatokia nahi duenari eszenatoki bat jarriko diogu, eta Eiffel torrearen erreplika bat nahi duenari, Idiazpiko aparkalekuan bat egingo diogu.
   Eta kitto. Akabo arazoa, sortu aurretik behintzat.
   Eta zertarako aitortu arazo bat sortu ditekela zezenketek utzi diguten herentzia "positiboa"-rekin?
   Hobe da ixilik geratzea. Ez ote dute ba beraien kausari mesede gutxi egin dakiokeen zerbait esango. Arrazoi dut, hobe ixilik geratzea.


   Denok erabaki behar dugula aitzakiatzat hartuta, ez dute oraindik behintzat, zezenketak kenduz gero, hauek utziko duten hutsune handi hori betetzeko ekitaldirik proposatu. Edo ez behintzat, zezenketek daukaten ohiartzuna, iraupena eta atmosfera berdintzera iristen den ekitaldirik proposatu.
   Hori ez omen da espreski beraien arazoa, denena baizik. Baina beraien esku egon daiteke ekitaldi alternatibo bideragarri eta interesgarri bat proposatzea zezenketen partez, beraiek baitira hauek kendu nahi dituztenak.
   Baina gai horretan ere, inork ezer gutxi esan du. Proposamen solteak, eta zezenketek daukaten festa baliora hurreratu ere egiten ez direnak.


   Amparitorekin ere berdin.
   "Amparito ez dugu kendu nahi", "Amparito beste edozein ekitaldiren aurretik edo ondoren jo daiteke", eta abar,...
   Bai eta ez. Edo norberak nahi duena.
   Baina gai honekin ere berdin. Amparito, zezeneten gauzarik positiboenetarikoa izanik, ez dago adorerik esateko, zezenketarik gabe, amparito amaituko dela.
   "Bai..., hemen horrela..., edo han beste modu honetara egiten badugu..., agian..., ".
   Bla bla bla.
   Alferrik da. Edo benetan uste duzue, zezenketak kendu eta denok aldarte berdinean joango garela Amparito entzun edo jotzera? Ba ederki zoazte. Niri behintzat hori ez didazue salduko.


   Badakigu zezenketak izanez gero, zer daukagun.
   Hauek kendu nahi dituztenek ordea, ez dute alternatibarik proposatu.
   "Odolik gabe askoz hobe" "Zezenketarik Ez!"...
   Kontsigna edo lelo asko dago, eta asmo zuzen bat ere bai: zezenketak kentzea. Baina horren ordez ez dute ezer proposatzen. Eta hori gutxi balitz, beraien proiektua, asmo bakar baten azpian sortua eta barrutik hutsik dagoena, urrea balitz moduan saldu nahi digute.
   Dena oso ongi eta oso polit jartzen digute, hutsaren hutsean. 


   Baina ez gara atzo jaioak. Eta duroak lau pezetan ez ditu inork saltzen.
   Historia oso polita eraiki duzue. Baina bere pisuz erori da.
   Zutabe ahulen gainean eraiki duzue gaztelua.


   Egia saldu beharrean, utopia saltzen ari zarete.
   Eta adorea daukanak, egia saltzen du.


   Zezenzaleek badakigu zer defendatzen duten. Badakigu zein festa agintzen dizkiguten.
   Antitaurinoek badakigu zein utopia saltzen diguten: indeterminazioaren utopia. Nahi duenari, nahi duen hori agindu... eta gero gerokoak.
   Baina ez dakigu oraindik, zein proiektu, zein festa klase saltzen diguten.


   Animalismoa dela, abertzaletasuna dela, espainolak direla, elitistak direla... Hainbat arrazoiren inguruan bilduta, baina animalismoa soilik aitortuta (izan gaitezen serioak, ez ginen atzo jaio), herri galdeketa bat bideratzea lortu dute.
   Eta zer gutxirekin, aizu. Merkea dago herri galdeketa.
   Hori bai, zezenzaleen sinadurak gehiago badira, ea galdeketa deitzerakoan erakutsi zuten adore berdina erakusten duten, hau atzera berriz kentzeko.


   Azken finean, denek guk nahi dugun hori egitea bilatzen dugu.
   "Nik zezenketan ez ditut gustoko, beraz, zu zezenketetara ez joateko borrokan jardungo dut, eta zuri eskubide hau kentzen sahiatuko naiz"
   Horretarako eztabaida sortuko dugu. Konfrontazioa. Horretarako behar gutxi dagoenean gainera, besteen ideiak errespetatzen dakigula suposatzen den gaiai hauetan gainera.
   Baina botereak hori dauka. Besteek jardun dezatela nire erritmora.
   Elkar errespetatzea beste lanik ez, eta hara, hor goaz elkarren aurka, elkarbizitza nahiko onargarria izan dugunean elkarrekin. Zuek zeuena lortu duzue, eta guk gurea. Guk zezenketak, eta zuek alternatiba.
   Baina ez da nahikoa izango, agian. Beti gehiago nahi dugu. Madarikatuak gu.


   "La avaricia rompe el saco"
   Eta gure herrian ere, zakuaz aparte, beste zerbait apurtzeko arriskua sortu dute batzuek.
   "Odolik gabeko festen alde".
   Horren beharrean, festarik gabeko alferrikako "odolaren" alde egiten ari direla uste dut.
   Alferrikako eztabaida, alferrikako mila haserre, alferrikako mila egoera eta konpromezu, zezenketak kendu, eta festak pikutara bidaltzeko.


   Eta adorea erakutsi behar denean, alternatibak proposatuz, eta benetako proiektuak azalduz, lehor geratzen dira.
   Egiak azaldu behar direnean, utopiak azaltzen dizkigute.


   Busti gabe, lehorraren lehorrean daude antitaurinoak. 
   Balea hankak busti gabe arrantzatu nahi dute batzuek, itsasora irten gabe. Baina balea ez da inozoa, eta ez da joango ehizatu nahi duten haiena. Alderantziz izan beharko du: balea ehizatu nahi duenak, balearengana joan beharko du. Hankak bustiaz, arraunean, eta itsaso zabalera irtenaz.
   Balea ez da joango ehiztariarengana, hau lehorrean zain dagoelarik.
   Baleak lehorrera hiltzera joaten dira. Eta gure herrian akabatu nahi duten baleak, ez dauka hiltzeko nahi eta itxura handirik. Nahiz eta batzuk horretan gogor egin lan.


   Agian egunen batean, zezenketak lehorrera hurreratuko dira hiltzera. Eta orduan, lehorretik ehizatu ahal izango dituzte, hankak busti gabe.
   Baina hori ez da ez gaur, eta ezta bihar gertatuko.
   Eta gure balea ehizatu nahi duenak, gustatu ala ez, busti egin beharko du.
   Itsasora irten.


   Oraingoz, euskal mariñelek beti izan duten adorerik ez dute erakutsi antitaurinoek.
   Ez daukatelako izango da.








PS: amaitzeko, pasodoble bat jarriko dut entzungai. "Suspiros de España" bezain izen espainiarra duelako, eta agian bati baino gehiagori grazia ikaragarria egingo diolako hori bezain izen adierazgarri bat duen abesti bat entzuteak bere euskal belarriekin, eta bere gorri, zuri eta berde koloreko odolak mugitzen duen nerbio sistema estimulatzearren. Gainera, "España" hitza izatea izenburuan beti izan da ona eztabaida sortzeko, eta jendeak abestia atzera botatzeko. "España" entzun eta, Klak! chip-a aldatzen dugu.
   Tira, motzean esanda, batzuk probokatzearren jartzen dut.
   Zera pentsatu dezake edonork: nor probokatu dezake ba, "Suspiros de España" izena izateagatik bakarrik jarritako pasodoble batek?
   Ba begiratu behean. Iruzkinetan.
   Beraiek bakarrik nahikoak dira, burua atera eta beren burua nabarmen uzteko.
   
      Hor doa:





   Bukatzeko (luze noa eta iada), "Errexill-i" gutuna:

   "Errexil", hasi hadi tronpetari punta zorrozten. Pasodoble honetan ez baduk ere, besteren batean hire solo bat beste behin entzuteko irrikaz nagok. Esaiok "Nerva" jo zuen beste mutiko horri ere, trompetari egurra ematen hasteko.
   Aurten ere zuek entzuteko gogoa diat, eta hemen jarriko dizkiat pasodoble ezberdinak, ideiak hartu ditzazuen, eta berotzen joateko.
   Ez didak ezagutzen baina bazekiat irakurle bat gehiago haizela. Enteratu nauk, handik eta hemendik.
   Aurten zezenketak badituk herrian, jo ezak berriz horrelako soloren bat, lehengo urtekoaren sentimentu berarekin. Entzuten egongo nauk ni. Sekula baino hunkituago gainera, pasatakoak pasa eta gero, bai hik, eta bai zezenzaleok.
   Ez duk Amparo ezagutuko, baina hemen agintzen diat, berriz zirkuloaren erdira irten eta soloa jotzen baduk aurten, nik, Amparok, soloa amaitu orduko bostekoa eta besarkada bat emango dizkiadala, publikoaren artetik irten eta nire aurpegia erakutsiaz. Denen aurrean.
   Zezenzaleon garaipena hor ospatuko diagu.
   Hor emango diat aurpegia. Nire baldintzak dituk.
   Aginduta zagok.
   Hori bai, horretarako zezenketak behar dizkiagu. Eta gero hire soloa.
   Hik soloa entsaiatu, eta nik zezenketen alde borroka egingo diat.
   Irailak 8-an, zezenketa ondoren, borobilaren erdian txalo artean ikusiko garenaren esperantzarekin agurtzen diat.
   Ordurarte, ondo izan eta besarkada bat.

  Amparo.