jueves, 23 de febrero de 2012

Komentario bat, besterik gabe.

   Bere garaian, politika atera genuenean mahai gainera, polemika izugarria sortu zen.
   Orduan, "Muu!" herri ekimenaren argazkia zela eta etzela, eta bertan azaltzen ziren batzuk zirela eta etzirela, polemika sortu zen hauek zenbait kausa ordezkatzeko zuten zilegitasunaren edo egokitasunaren inguruan.
   Horrela, nik neuk esana da, politikoki markatuta dauden horiek, edota ordezkaritza politiko bat duten horiek, etzirela egokienak beste edozein kausari babes edo ordezkaritza publiko bat emateko.
   Gai honek, nahiko luzerako eman zuen bere garaian. Eta beste mota bateko ekintzak medio, dimentsio nahiko itsusia hartu zuela aitortu behar dut.

   Orduan Ezker Abertzaleko batzuk ziren tartean. Eta hauek gora eta behera ibili genituen hemen, beraien babesak kutsu politikoa izan zezakeenaren inguruan eztabaidan jardun genuenean.
   Horren erdian ordea, eztabaida honek konfrontazio politiko batean ez amaitzearen garrantzia azpimarratu genuen. Eta horren arira, batzuk geure aurreiritzi eta ideia politikoak azaldu behar izan genituen, geure idatziak interes politikoetatik at zeudela argitzeko.
   Gerora ordea, urak bere bidera bueltatu ziren. Eta eztabaida hori itxitzat eman genuen.

   Gaurko honetan ordea, ez ezazue pentsatu nire asmoa berriz eztabaida irekitzea denik. Baina horren arira pare bat komentario egin nahiko nituzke.
   Bere garaian ezker abertzaleko zenbaiten ordezkaritza publikoaren inguruan desadostasuna azaldu nuen moduan, gaurkoan beste aldekoei tokatzen zaie.
   Berria TB-k Zestoako zezenketen inguruan egindako erreportaian, zezenzaleen ordezkari moduan, Zestoan kargu politikoa izan zuen bat, eta ondorioz kolore politiko batekin oso erraz identifikatu dezakegun norbait azaltzen da zezenketen defentsan.
   Bere garaian ezker abertzalekoak publikoki babesa ematea kritikatu nuen moduan, etzait egokiena iruditzen kolore baten ordezkari, eta honen identifikagarri den pertsona bat bidali izana zezenzaleek, Berriakoen aurrean hitzegitera.
   Eta ez pentsa inongo fijazio pertsonal bat dudanik berarekin. Ezta gutxiago ere. Esan zituen gauza asko txalogarriak iruditzen zaizkit, eta ados nago berarekin.
   Baina ikusirik bi koloreen ordezkariak posizionatu egin direla, eta hauen artean ez dagoela inongo erlazio zintzorik, eztabaidarentzat, eta zezenzaleentzat, nahiko maniobra txarra izan daitekeela iruditzen zait. Horregatik, pertsona honek zezenzaleak ordezkatzea, besteek antitaurinoak ordezkatzea bazain okerra iruditzen zait.
   Azken finean, politika medio, bi alderdietako zenbait perstonen artean, eta konkretuki hauen artean, nahiko erlazio txarra dagoelako. Eta konfrontazio politikoak irekitako zenbait zauri oraindik ez direlako guztiz itxi.
   Eta azken ordezkaritza honek, nahiz eta konfrontazioari ez ireki zuzeneko ate bat, berau gutxitzeko ez du inongo ahaleginik egiten. Eta horregatik ez da zuzena, nire iritziz behintzat.

   Bere garaian batzuei buruz esan nuen moduan, orain besteei buruz esateko beharra ikusten nuen. Ez baita hauen arteko inongo diferentziarik egin behar, nire iritziz erabaki oker bat hartzen dutenean.
   Gainera, zezenzaleen aldetik, askoz ere baldarrago jokatu dutela iruditzen zait. "Muu!"-koak lehengoak izan baitziren, eta horren arira sortu zelako lehenago ere eztabaida potolo bat.
   Baina hori ikusita, errore berdin-berdina egin dute zezenzaleek. Eta horregatik, larriagoa iruditzen zait, lehen aldian besteek egin zutena baino.

   Zezenzaleen maniobra desegokia iruditu zaidala bakarrik azaldu nahi nuen. (Hauek ere ez dituk libratzen!)
   Eta ez dezala inork pentsa, fijazio edo aurreritzi pertsonalek bultzatuta egindako idatzi bat denik. Gehiago esango dizuet: aprezioa diot bideoan agertzen den pertsona horri.
   Baina lehen esan moduan, eta besteekin egin nuen moduan, etzait pertsona egokiena iruditzen aurpegia emateko, kolore politiko baten identifikagarri delako.
   Besterik ez.

   Eta badakigu gure herrian kontzientzia politikoak lanean hasten direnean...

miércoles, 22 de febrero de 2012

Azalpenak eta salaketa.

   Azken aldian, lanpetuta izan naiz eta ezin izan dut blogaren jarraipen zorrotz bat egiterik izan.
   Konturatu naiz, jendeak iruzkintzen jarraitzen duela, eta eztabaidatzeko gogoa ere hor dagoela oraindik. Baina arrazoi batzuk medio, ezin izan diet iruzkinei erantzunik eman.
   Hala ere, tarte bat hartu dut, sarrera azkar bat idazteko.

   Azken aldian jasan ditudan ekintzek bultzatuta, sarrera bat idatzi beharrean aurkitzen naiz, hauek publiko egiteko.
   Pertsona batek, edo batzuek, Amparo bezala, eta blogger moduan erabiltzen dudan posta elektronikoaren berri izan dute.
   Hori gutxi balitz, posta elektronikora sartzen sahiatu dira. Bai pasahitzaren bidez (kale egin dute), eta baita pasahitza ahazten zaizunean erantzun behar den galdera erantzunaz ere. Baina azken honetan ere, ez dute asmatu.
   Zerbitzari amerikarretan egindako posta kontua zenez, segurtasun galdera ere ingelesez luzatu nuen. Eta ez dakit honegatik den, edo izena eta jaiotze data ez dituztelako asmatu, baina ez dute lortu nire postara sartzerik.
   Postan ibili direla ikusteak, blogger-eko nire kontura sartzen sahiatu direla pentsarazten dit. Baina ez dut modurik azken hau jakiteko.
   Hala ere, kale egin dute "blogger"-en ere, hala ibili diren kasuan.

   Kalean bakarren bat nahiko haserre zegoen nirekin. Eta nire lepoa eskatzen ikusi eta entzun ditut batzuk. (lehenago ere azaldu nuen hau)
   Baina haserrea gauza bat da, eta posta erasotzea beste bat.
   Ez dakit nire benetako identitatea jakiteko griñak bultzata, edo haserreak bultzata izan diren aktibitate hauek. Baina onartezinak dira zinez.
   Eta ez ahaztu delitua dela.

   Mota honetako errepresioen aurrean ez diot beldurrik inori.
   Baina hori bai, ez didazue berriz harrapatuko. Datu guztiak aldatu ditut, eta segurtasun neurriak gogortu ere bai.

   Azkenik, mezu bat utzi nahi nioke erasotzaileari/erasotzaileei:
   –Ez pentsa beldurra ematen duzuenik. Delitu bat egiten ari zaretela gogorarazi nahi dizuet, baina ez pentsa epaitegietara joko dudanik, zuen izenak jakitera iristen banaiz.
     Nortzuk zareten jakiten badut, aurpegira eskatuko dizkizuet azalpenak. Kalean, edo zeuen etxeko atea jo eta gero, berdin dit.
     Eta epaileari ez diozue azalpenik eman beharko, ez baitut salaketarik jarriko. Baina niri pertsonalki, azalpenak eman beharko dizkidazue. Eta gero, ez izan zalantzarik, zeuen aurpegiak eta izan-abizenak, blog honetan agertuko direla, nirearekin batera. 
     Eta orduan bai, neure izena ere agertuko da, zeunaren ondoan.


   Izan ondo.




PD: ez dut uste ez "Muu", eta ezta antitaurinoen kolektiboko norbait dagoenik honen atzean. Politika sartu genuenaren eraginak direla uste dut, nahiko suminduta sumatu nituelako batzuk, gai hori zela eta ez zela. Baina tira, dedukzioak bakarrik dira horiek.

miércoles, 15 de febrero de 2012

Haurrak

   Haurren heziketa gai serioa da oso.
   Honen baitan sortuko delako azken finean, haurrek etorkizunean izango duten izaera, filosofia, morala...
   Guraso zein hezitzaileen lana oso seriotzat jotzen dut, eta horregatik, errespetu eta miresmen handia diet hauei.

   Baina azkenaldian izaten ari garen eztabaidetan, batzuk, eta argudiotzat erabiliz, haurrak sartu dituzte tartean.
   Antitaurino batzuk, zezenketen aurkako argudioen tartean, haurrek ikuskizun honetan jaso dezaketen "heziketa" edo mezua dela eta, guztiz eskandalizatuta agertu dira. "Muu!" herri ekimenak ere, bere dekalogoko laugarren puntuan, egiten die aipamena haurrei, eta hauek zezenketetan ikusgai duten eredu kaxkarrak kezkatzen dituela adierazten du.
   Era batera edo bestera, antitaurino asko, haurren etorkizunaz kezkatu da, zezenketak direla eta. Eta kezka hori, eztabaidan sartu dute.

   Baina hara non, nahiz eta guztiz libreak izan hori egiteko, eta nahiz eta niri ongi iruditu gura duten gai edo kezka hori sartzea eztabaidan, kasu honetan, hankamotz geratzen direla uste dut.
   Bestalde, eta nahiz eta gura duten gaia sartzeko askatasun bat aitortu eta berau onetsi, helduen eztabaidan haurrak sartzea etzait ongi iruditzen. Edo nik behintzat, ez nuen egingo.
   Baina tira, ni ez naiz antitaurinoa, eta ezta "Muu!"-ko kidea ere. Beraz, nire nahi edo iritziak, kasu honetan, ezer gutxirako balio digu. Baina hor uzten dut, badaezpada.

   Bestalde, tradizio bihurtu dut iada antitaurinoek kezkak agertzen dituzten gai bakoitzaren inguruko beste hainbat puntu kezkagarri azaltzea. Animalismoaren bizitza filosofiarekin lotutako hainbat punturekin egin nuen, eta baita festetan eztabaidagarri suertatu daitezkeen beste hainbat gairen inguruan ere.
   Eta gaurkoan haurrei buruz ari naizenez, hauen inguruko zenbait puntu azalduko ditut.

   Hasteko, haurrek zezenketetan jasotzen dituzten baloreen inguruan kezka agertu dute batzuk. Eta horiek lasaitzen sahiatuko naiz gaur.
   Etzazue pentsatu, gure herriko etorkizuneko zenbait biztanle, haur zirenean zezenketetara joateagatik, hiltzaileak, animalien edo pertsonen bortxatzaileak, edota kanibalak izango direnik. Horrelako zerbait badira, ez pentsatu zezenketen erruz izango dela behintzat. Eta azalduko dizuet zergatik.

   Zezenketetara doan haurra, ez da inuzentea.
   Ez du heldu baten pertzepzio maila berbera izango, baina badaki nora doan, zezen plazara sartzen den momentuan. Ez dago haurrik gure herrian, plazan egiten den horren ezagutza ez duenik. Eta beraz, bertaratzen den orok daki zer pasatzen den bertan. Hau haurra izan, edo heldua izan.
   Bestalde, haurrek sarrera bat ordaindu behar dute plazara sartzeko. Eta sarrera hau ez da merkea. 10 edo 15 euro kostatzen da (ez dut ongi gogoratzen). Eta gaur egun, ez dut uste haur bat dagoenik gure herrian, patrikan hamar edo hamabost euro dituena, zezenketetako sarrera erosi ahal izateko. Sarrera erosten badute, gurasoei horretarako dirua eskatu ondoren, edota hauen bidez izaten da normalean. Eta gurasoak tarteko badaude, hauen oniritziarekin doazela kontuan hartu behar da.
   Eta nire ustez behintzat, gurasoak eta hezitzaileak dira haurrak hezi behar dituztenak. Eta lehenengoen oniritziarekin badoaz plazara, gurasoek haurren heziketaren gainean duten erantzukizunaren ardura nahiz zilegitasunarekin doaz plazara.
   Horretaz aparte, eta lehenago aipatu moduan, haurrak ez dira inozoak, eta ezta inuzenteak. Eta badakite egoera egonkor eta trantsitorioen artean bereizketa bat egiten. Haurrak konturatzen dira festak urtean lau egun izan ohi direla, eta ez direla eguneroko bizitzan eman beharko duten martxaren adierazle. Eta zezenketen kasuan ere, badakite bereizketa bat egiten. Ez baidute egunero zezenketarik izaten, urteko bi egunetan kenduta.
   Beraz, gurasoak badira haurren heziketaren erantzule zuzenak, eta haurrak hauen oniritzi inplizitu nahiz esplizituarekin sartzen badira plazara, ondorioztatu dezakegu, guraso horiek ez daudela plazan ikusiko duten horrek trasmitituko dizkieten baloreen beldur.
   Bestalde, eta guraso batek nahi ezta, bere haurra zezenplazara joaten bada, baita gurasoek galeraziz gero ere, errieta batekin konponduko dute arazoa. Eta gainera, errieta haurrari egingo diote, eta ez dute pentsatuko plazarako sarrera erosteko dirua nork demontre eman dion haur gaixoari. Orduan ez dira horretaz gogoratuko. Badakizue, haurrak dirua maneiatzen ez badaki, ez ematea da irteerarik onena. Baina gurasoen ustez haur burugabea den horrek, zezenketetara joateko pekatu ikaragarria egin badu, haurrak jasoko du errieta. Eta ez dirua eman dionak, edo hau gastatzen erakutsi ez dionak.
   Zelakoa den bizitza.
   Haurrak uste duguna baino azkarragoak dira. Eta badakite gauzak arrazionaltasunez interpretatzen.

   Hau ikusi ostean ordea, demagun beste kasu bat.
   Imagina dezagun momentu batez, nik, guraso moduan (hala banintz), ez dudala nahi nire seme alabak zezenketetara bertaratzerik, bertan transmititzen zaizkien baloreekin ez nagoelako ados. Demagun, edozein arrazoi gorabehera, nire semea plazara joango balitz, guztiz alienatuta irtengo zela pentsatzen dudala. Eta beraz, ez dut nahi nire ondorengoek plazan zezenketak ikusterik, balore eskasak jasoko dituztela eta.
   Honela pentsatzen duten guraso bat baino gehiago dagoela konsziente naiz, eta horregatik jartzen dut adibide hau.
   Demagun beraz, ni ere hauetariko bat naizela.
   Eta baloreak direla eta, nire semeak zezenketetan jaso dezakeen ereduak guztiz kezkatzen nau. Baina urte guztian zehar, berdin kezkatzen al naiz nire semearen heziketaz, eta honek jaso ditzakeen baloreetaz?
   Zestoan modu horretan pentsatzen duten guraso askok, dirudienez, urte guztian zehar baloreak pikutara bidaltzen dituzte. Edo behintzat, ez dute zekorketen orduan bezainbeste erreparatzen, beraien semeek jasotzen ahal ditzazketen baloreen inguruan.
   Adibide batzuk jarriko dizkizuet.

   Adibidez, guraso batzuk, zezenketen aurka egonik, urtean bi aldiz beraien semeei ez diete uzten plazara sartzen. Baloreak direla medio.
   Baina hara non, urte guztian zehar, seme alabak futbol partiduetara eramaten dituzte Iraetara. Eta zer balore jasotzen dituzte han?
   Ba tira, burura batzuk datorzkit orain. Esaterako, Iraetan, bere aita (edo ama, baina aita gehiagotan) futbolzelaian ikusiko dute, bere onetik irtenda, hogei urte oraindik bete ez dituen marrazain edo epaile bati, ikaragarriak botatzen. Adibidez:
– Hijo de puta
– Payaso
– Ciego
– Maricón
– Subnormal
– Desgraciado
– Me cago en...:
                         a) ... tu puta madre.
                         b) ...tu puta calavera.
                         c) ... tu padre.
                         d) ... todos tus muertos.
                         e) ... la madre que te parió.
                         f) ... la puta madre que te parió.
                         g), h), i),... (guzti hauen nahasketak, eta beraien multiplo guztiak)

   Zezenketen adibidea eskasa bada gure semeentzat, eta zezenketak urtean bi aldiz direla jakinik, zer nolako eredua transmititzen die zenbait gurasok beren seme-alabei, igandero igandero bere onetik irenda, goian jarri ditudan inproperio guztiak beste pertsona bati botatzean?
   Ez dakit zuei, baina niri zezenketek baino askoz eredu eskasagoa transmititzen ari direla iruditzen zait. Gehienbat, gurasoak direlako seme-alaben heziketaren erantzule, arduradun eta ispilu, eta alde horretatik, zenbait gurasok (tartean antitaurino sutsuak), heziketa makal samarra ematen diete beren seme alabei.
   Gainera, urtean bi aldiz izan beharrean, igandero edo larunbateroko gauza da hau. Ez behin, eta ezta bi aldiz ikusten dutena.

   Bestalde, Iraetan bertan, futbolzelaian, beste zenbait gorabehera ere ikusi ahal dituzte gure haurrek.
   Esaterako, helduen arteko borrokak nahiko maizak izaten dira. Honek ika-mika izan du aurkarien jarraitzaileekin, hark ia beste bat jo du, beste honek aurkari bati "putasemea" deitu dio, hark eskua zapaldu dio aurkariari, entrenatzaileak ia aurkarien jokalari bat jo du, epaileari ia jo egin diote, edo zerbeza bota diote, hark txistua bota zion beste hari, honek iletik tira dio hangoari,...
   Tira, zerrenda luzea da. Baina guztiek koinzidentzia harrigarri bat daukate: kulpa beti aurkariena da, eta beraiek hasi dira. Guk ez dugu ezerren errurik, bitxia gero.
   Baina hori horrela izan ala ez izan, haurrek igandero jaso ahal duten eredua parregarria dela ezin da ukatu.

   Gainera, futbolean apuntatuko ditugu. Eta bertan, kirol eskolarrean, ikusi ahal izango ditugu beste zenbait fenomeno. Tartean, beraien semeen partiduak sutsuki bizitzen dituzten guraso haiek, edota beren seme-alabak kiroletan esforzatzera behartzen dituzten beste hainbeste guraso.
   Beraien frustratutako ametsak seme alabek betetzea nahi duten guraso asko dago hortik. Bai kiroletan, edo baita diszinplina artistikoetan ere.

   Beste egoera batean berriz, haurrak etxean ditugunean adibidez, telebista piztu eta Bruce Willis edo Mel Gibson ikusten dute, metralleta bat eskuan, aurrean jartzen zaien guztia akabatzen. Gero, katez aldatu eta "Salvame" edo "DEC" ikusiko dute agian, edo ta "Intereconomia" jarriko dute istripuz. Telebistaz nazkatzen direnean berriz, "Play Station"-a, "Xbox 360"-a, "Wii"-a, "Game Boy"-a edota beste makinitaren bat piztuko dute. Eta bertan, jendea hiltzea eta bortxatzea helburu duten jokuetan ibiliko dira, edota gerra jolasetan, edo autoan bizkor ibiltzeko jokuetan.
   Orduan ordea, gurasoak agian beste aldera begira egongo dira.
   Eta momentu horretan, urteko egun ia guztietan jasotzen dituzten baloreek kezkatzen al dituzte zenbait guraso?
   Beren seme-alabak plazara joatea nahi ez duten haiek, zaintzen al dute beren seme-alaben eguneroko entretenimendua?
   Batzuk ez, hori egunero ikusi daiteke eta.

   Baina, kezkatu egin behar al gaitu horrek?
   Kontuan hartu dezagun, zezenketak urtean bi aldiz direla, eta bakoitzak ordubete irauten duela. Bestalde, eguneroko bizitzan, edo igandero, gure haurrek beste zenbait estimulu zalantzagarri jasotzen dituzte.
   Eta dirudienez, eta ikusitakoak ikusita, zenbait pertsonari, zezenketek bakarrik kezkatzen diete. Hori egunero, eta igandero ikusi daiteke, gure herriko kaleetan.
   Hala ere, kezkatzera heldu behar al dugu?
   Ez dakit, norberak bere iritzia izan dezake horren inguruan. Baina nire ustez, etxean heziketa egokia jaso duen hark, ez du arazorik izango eguneroko bizitzan jasotzen dituen mezu eta estimuluen interpretazio egoki bat egiteko.
   Eta futbolzelaian ikusiko dituen jarrerek, edota telebista nahiz bideojokoek transmitituko dizkieten estimuluen aurrean interpretazio zuzen bat izan ahal izaterainoko heziketa bat emateko arazo handiegirik ez dela uste dut.
   Beraz, ez zezenketek, ez futbolak, ez telebistak, ez liguke kezkatu behar, gurasoek heziketa egoki bat egiten badute behintzat.

   Horregatik, haurrak eztabaidaren parte eta argudio egitea etzait ongi iruditzen. Eta parte egiten dituen hark behintzat, ez ditzala beste zenbait estimulu zalantzagarrien baitan babesik gabe utzi bere haurrak. "Muu!"-ko argazkian, zein antitaurinoen pankarta atzean azaltzen diren askok ordea, urte guztian zehar, haurren balore eta heziketa aldetik zalantzagarriak izan daitzekeen beste ekitaldi hauetan parte zuzena izaten dute.

   Beraz, guraso haiek, eta haurren babesleek, begiratu lehendabizi zeuen zilborrera, ea zer ikusten duzuen.
   Eta ondoren, begiratu ondoan duzuen taurinoaren zilborrera, edota haurra zenean zezenketetara joan zen haren zilborrera. Diferentziarik aurkitzen? Bata bestea baino gaiztoagoa al da? Batek animaliei tratu txarrak ematen al dizkie eguneroko bizitzan?
   Inor ez da satanasen besoetakoa bihurtu zezenketetara joateagatik. Eta ez da bihurtuko.
   Haurrak ez dira inozoak, eta errespetu bat merezi dute.
   Horregatik, oso itsusia iruditzen zait hauek eztabaidaren parte egitea, eta argudio bihurtzea. Halaber, haurren eredua hankamotz geratzen dela ere ikusi dezakegu.

   Haurrak ez dira esponja batzuk. Kontzientzia propioa daukate. Inteligentzia daukate. Eta kasu askotan, zenbait heldu baino askoz ere garatuagoa.
   "Muu!"-ren dekalogoa haurrek egingo balute, edota nirea, alde ederrekoak izango ziren.

   Haurrak egiatiak dira, zintzoak. Garbiak. Ez ditzagun gure kaketan zikindu.

jueves, 2 de febrero de 2012

5. Puntua

   Idatzi nituen behin, nire filosofia gidatzen zuten puntu batzuk. Eta horietako lau, azalduak izan dira blog honetan.
   Gaur, ideia horien azalpenarekin jarraituz, bostgarren puntua zabalduko dut.
   Puntu hauek helburu jakin bat daukate. Antitaurinoen koherentzia falta soilik azpimarratu nahi dudala esan dute batzuek, baina gaia hortik haratago doa. Inkoherentzia guztiekin sintesi bat egiten amaituko dut, eta nire mezuaren gordina hortik etorriko da. Hor egongo dira nire arrazoi potoloenak, edo potoloena. Guzti hau, azkenean, pertsonei mugiarazten digun horren inguruko azterketa bat baino ez da.
  Eta azterketa horretarako datuak azaltzeko egin nuen dekalogo horren bostgarren puntuan, galdera bat luzatu nuen:
  • Zezenketen aurkako askok, zergatik ez dute festa eredua birplanteatzen?
   Galdera hori zergatik luzatu nuen azaltzen sahiatuko naiz gaur.

   Zezenketak zalantzan jartzen dituzten haietariko ia denek (esango nuke), ez dute festa eredua zalantzan jartzen.
   Aurkako askok, zergatik dauden aurka ere ez dute jakingo agian. Edo ez dira gauza azaltzeko. Beste batzuk ordea, beraien bizitza filosofiarekin guztiz koherenteak diren haiek, zenbait gauza zalantzan jartzeko ez daukate inongo arazorik. 
   Honen harira, festa ereduaren egokitasuna, edo zenbait filsofiarekin izan diztakeen bateraezintasunak inork ez ditu aipatu, edo zalantzan jarri. Eta gaur, zenbait galdera luzatu nahi nituzke, horren inguruan.

   Hasteko, zezenketen aurkako askok, udaletxeak ikuskizunaren antolaketan parte hartu behar duen edo ez, eztabaidatzen dute. Ez nago eztabaida horren kontra, baina zenbait aspekturi gehiago erreparatu beharko diogula iruditzen zait, edo gutxienez, berdintasun bat ibili gauzak epaitzerako orduan.
   Zalantzagarria izan daiteke udalak zezenketak antolatzea, hauek festa esklusibo (hau da, jendea eskluituta geratzen da) bat bezala ulertzen dituenarentzat. Eta hori salatzen jardun dute batzuk.
   Baina ordu berdinean egiten den ekitaldi "alternatiboa" inork ez du zalantzan jarri. Zezenketetara doazenek ezin dute antzerki on batez gozatu, ordu berdinean jartzen dituzte eta. Hau etzait guztiz gaizki iruditzen, gauza bat egitea hautatzen dugunean, aukeratzearen kostua hor dago eta. Hau aukeratu badut, beste gauza bat ezingo dut egin.
   Baina zezenketen antolaketa eta ordua zalantzan jartzen diren moduan, inork ez du ekitaldi alternatiboa zalantzan jarri. Eta kontuan hartu, zezenketen aurkakoak bakarrik direla, bigarren aukera bat daukatenak aukeratzerako orduan. "Lauroba" gustuko ez dutenek adibidez, ez daukate beste aukerarik.
   Zezenketen aurkakoen "pribilegio" hori, ez duk inork zalantzan jarri. Eta zezenetara joaten garenok pribilegiatuak bagara, plazaren kokapena, ordua, eta denbora onena dugulako, zer dira besteak?
   Hori ez dute zalantzan jartzen.

   Bestalde, udalak zezenketak ez dituela antolatu behar argudiatzeko, udalaren pluraltasuna jartzen dute mahai gainean. Hau da, udalak herritar guztiak ordezkatzen ditu, eta iritzi kontrajarriak dauden gai batzuetan erabaki bat edo beste hartzeak, posizionamendu bat adierazten du. Eta hori, noski, ez dago ondo, hauen iritziz.
   Baina zezenketak finantzatzeaz gain, alternatiboak ere finantzatzen ditu. Halaber, programa ofizialean azaltzen dira zezenketen aurkako elkarretaraztea, eta ekitaldi altertatiboa.
   Eta hori, ez du inork zalantzan jartzen.

   Denei ordezkatzen dien udalak argitaratzen duen programa ofizialean, "Presoen Aldeko" afaria egitea, ez du inork zalantzan jartzen.
   Eta gure herrian, ideologia guztietako jendea bizi dela kontuan hartuta, ekitaldi bati esklusibitate politikoa ematea ez du inork zalantzan jarri.
   Halaber, programa ofizialean herriko presoen argazkiak jartzea ere, ez da zalantzan jartzen. Eta ez dut esan nahi horren kontra nagoenik, baina gogoratu dezagun, udalak denoi ordezkatzen digula, eta nire ideologia pertsonala ezin diodala inori inposatu. Bai presoen aldekoei, eta baita alde ez dauden horiei. Eta pluraltasuna mantendu behar badu, zalantzagarria iruditzen zait presoen argazkiak jartzea programa ofizialean.
   Festetan ariketa politikoak egitea onartu egiten dugu. Eta ez dut inor ikusi oraindik, hori kritikatzen, edo zalantzan jartzen.
   Baina gogoratu nahi dut, ekintza elizkoi eta erlijiosoak programan egotearen kontra egon zela mugimendu gogor bat garai batean.
   Festek izan ditzazketen lotura eta ekintza erlijiosoetatik at geratzeko eskatu zitzaion udalari. Eta erlijioak programa ofizialean lekurik ez zuela defendatzen zen. Eta ez deritzot gaizki.
   Baina politika ukiezina dela dirudi. Eta gauza batzuk zalantzan jartzen diren moduan, beste batzuk ez dira jartzen.

   Presoen aldeko afari horretan ere, ondo pasatzearen aitzakiarekin, eta festa giroan, nahiz elkartasunean, denak bildu eta 30 oilasko jatea, ez du inork zalantzan jarri.
   Lau zezen pekatu handiegia da, kontzientzian eramateko. Baina 30 oilaskok ez dute lau zezenen maila hartzen, dirudienez. Antitaurino asko ikusi ditut nik, afari horretan (neu ere izan naiz han). Eta inork ez du entsalada eskatu, edo fruta.
   Eta nik behintzat, ez daukat zalantzarik, entsalada jaten dugun bitartean, oilaskoa jaten dugunean bezain ondo pasa daitekeela. Eta zentzu horretan, ondo pasatzearen aitzakiarekin, edo oilaskoa jatearen kapritxoaren erruz, 30 oilasko hiltzeak ez dio inori barrua mugitzen.
   Hori ezin da kuestionatu. Gainera elkartasunez egiten bada, ba tira, barkatzen da.
   Baina entsaladarekin, sagardoak efektu berbera egiten digu. Eta mozkortzearen arrazoiak, eta ondo pasatzearen arrazoiak, badirudi kasu honetan 30 oilaskoren bizitza balio duela. Eta bota dezagun, 100 lagun joaten direla.
   Hori bai, 500 lagun plazara ondo pasatzera joateak, ez dio zilegitasunik ematen zezenketei.
   Eta artean gaur, ez dut inor ikusi hori kuestionatzen, edo eztabaidatzen.

   Asko jatearen eta edatearen aitzakian hildako animalia guztiak, ez ditu inork gogora ekartzen.
   Eta gogoratu nahiko nuke, festatan, normal janda ere, bizi gaitezkeela. Hau da, pintxo dastaketa egin gabe, edo hamaiketakoak, edo pintxo poteoa, edo oilasko jana egin gabe, berdin berdin bizi gaitezke. Bazkalorduan lenteja batzuk jan, eta indar ederrak izango genituen, festa egun bati aurre egiteko. Ez dago pasatu beharrik.
   Baina dirudienez, festatan pasa gaitezke. Eta hori egiteko beharrezkoak diren animalia gizarajo horiek, ba tira, nola esango dizuet ba... zilegi da akabatzea.
   Hori ere, ez du inork zalantzan jarri.

   Bestalde, azken urteetan, festa eredu bat saldu eta bultzatu nahi izan da. Eta izan du efektua, eman nahi izan zaion bultzada horrek.
   Gazte jende ugari hurreratu da herrira. 14-18 urte bitarteko gazte jende asko. Eta hauei, edan eta mozkorrerako festa batzuk saldu zaizkie. 
   Gero, etortzen dira, edaten dute, eta ikaragarrizko mozkorrak harrapatzen dituzte. Eta ondoren, arazoak hasten dira. Batek lorontzia puskatu duela, besteak kontainerra aldapan behera bota duela, edota plastikozko komun bat irauli dutela. Edo bi borrokan hasi direla, beste bat negarrez, mozkor depresiboaren ondorioz, haietariko bat oka egiten ibili da, beste batek galtzak jaitsi ditu eta txirula airean duela erdikalean gora igo da...
   Sustatu dugun festa ereduak, zenbait pertsonen duintasuna pikutara bidali du. 
   Eta ondo dago zezenaren duintasunaz kezkatzea, baina pertsonen duintasuna ere nahiko orbandua izaten da festetan.
   Guk sustatu dugu festa eredua, eta guk jasotzen ditugu horren fruituak. Eta gero, gainera, kexatu egiten gara, biaramunean herria hankaz gora ikusten dugunean.
   Zezenaren duintasuna defendatua izaten da. Baina pertsona hauena ez du inork defendatu. Eta gainera, horrelako festak sustatuko ditugu, duintasuna gal dezaten edo.
   Eta gainera, ahaztu egiten zaigu, kasu hauetan, eta mota honetako jarreren atzean, arazo serioak egoten direla. Eta lagundu beharrean, mutur aurrean jartzen diegu errore bat egiteko aukera.
   Eta hau, ez du inork zalantzan jarri.

   Bestalde, azken urteetan, ondarbasorako igoerari eman zaion festa giroak, eta festa izaerak, bi aurpegi ditu.
   Esan behar gainera, ondarbasoko igoeraren eredu hau sustatzen egin den esfortzua, ikaragarria izan dela.
   Eta eman ditu fruituak (onak ala txarrak). 
   Ondarbasora igoera festetako momentu handi baten traszendentzia hartu du. Jende andana ibiltzen da ondarbasorako bidean, txirrindulariak animatuz. Eta inor ez da eskuhutsik joaten maldan gora.
   Azken urteetan, gazte jende asko ibili da ondarbasoko bidean, botilak eta latak eskuetan dituztela. Eta honek bi efektu negatibo sortu ditu.
   Batzuk gehiegi edtaen dute, eta behetik gora, nahiz goitik behera datozen txirrindularientzat oztopo izaten dira, hala nola, baita autoentzat ere. Honek arrisku bat suposatzeaz aparte, aldapan gora doan txirrindulariarentzat galera garrantzitsu bat suposatu dezake.
   Gainera, bertan egoten den jende asko, txirrindularietaz paso egiten dute, eta diskoteka modura antolatzen dute ondarbasorako bidea. Autoetan musika jartzen dute, eta bide erdian dantzan egoten dira.
   Bestalde, bidean zehar festa izan eta gero, ia denek beraien zaborrak han botata uzten dituzte. "Martini" botilak, vodka, ginebra, likoreak, zerbeza latak, bi litroko plastikozko botilak kalimotxoz beteta, eta plastikozko baso asko. Hala nola, plastikozko zorroak, eta botilak eta latak bilduta etortzen diren plastikozko estalkiak.
   Guzti hau gure naturan botata uzten dugu. Eta gainera, festa eredu hau sustatzen dugu.
   Gure ondare naturalak izan dezakeen galeraz batzuk bakarrik akordatu ohi gara momentu horretan, beste batzu gai izaten ez direlako.
   Eta hau ere, ez du inork zalantzan jarri.

   Gure festa ereduak, baditu zenbait puntu oso kritikagarri. Bai koherentzia filsofikoaren aldetik, eta baita naturaren ikuspuntu batetik ere.
   Eta zenbait pertsonek komulgatzen dutela dioten filosofiak, zenbait gorabehera izaten ditu festetan. Gauza batzuen aurrean ikaragarrizko zalaparta ateratzen dute, eta beste zenbaiten aurrean isilik geratzen dira.
   Lehen esan dudan moduan, inkoherentzia filosofikoak ikusten ditut, hauetariko zenbait gauzetan.

   Ondo dago, eta zilegi da, zezenketak zalantzan jartzea.
   Baina zuek zeuen buruari jarri diozuen filosofia horrekin bateraezinak diren beste zenbait gauza ere badaude gure herriko festetan. Baina arrazoi batzuk medio, ez dira zalantzan jartzen.

   Askotan, ondo pasatzen dugunean, zalantza moralak alde batera uzten ditugu. Eta ondo pasatzearen helburu bakarrarekin jarduten dugu.
   Antitaurinoek zenbait momentutan egiten dute, eta ulertzen zaie hori egitea, goiko kasuak adibide.
   Baina badirudi, zezenketetara joan ohi garenok, ondo pasatzearen aitzakia hutsarekin, etika eta moralari atentatu barkaezin bat egiten diogula.
   Besteenak ulertua eta errespetatua izan behar du. Eta gurea ez du nahi inork ulertu, eta ezta errespetatu.
   Eta hortxe dago koxka.

   Batzuk ez ditugu besteen ekintzak diktatu, edo kontrolatu nahi. nahi dutena egiten uzten diegu.
   Baina guk, zoritxarrez, beti dugu norbait, zer egin behar dugun eta zer ez esaten. Hau ondo dago, eta hau gaizki dago.
   Hori da diferentzia.
   Nire musikaren erritmora dantza egin nahi ez duen horri, nik ez diot behartuko nire erritmora dantza egitera. Baina dirudienez, batzuek, beraien musikarekin dantza egitera behartu nahi gaituzte.