jueves, 29 de diciembre de 2011

2. Puntua

   Honela nioen aurreko sarreran azaldu dudan lehen puntuan:

  • Pertsonen bizitza, beste guztiaren gainetik jartzen dut. Baita pertsonen sufrimentua, eskubide hurraketa, eta duintasuna. 
   Eta honela jarraitzen zuen nire "dekalogoak":
  • Aurreko puntuak, ez du esan nahi animaliena gutxiesten dudanik, ezta gutxiago ere.
   Gaurkoan, bigarren puntu hau sakonduko dut.
   Esan beharra daukat, lehengo puntuarekin zuzenki lotuta dagoela. Baina nola gure eztabaiden gai nagusia animaliak diren, puntu aparte bat eskaintzea erabaki nuen. Nire ikuspuntua gai honen inguruan, gehiago sakontzeko.

   Aurreko sarreran azaldu dut pertsonak direla nire eskalaren gorenean dauden kezkak. Baina bigarren puntuak dioen moduan, animalien kausa, edota beste edozein kausa (ekologismoa, naturismoa, ondare historikoa,...) dauzkat biagarren postuan.
   Horregatik, garbi geratzea nahi dut, ez dudala gutxiesten animalismoaren kausa. Nahiz eta norbaitek hori pentsatu, eta inplizituki leporatu.
   Animalismoaren inguruan daukadan ikuspuntua, nahiko berezitzat jo dezake, ezagutzen ez nauen edonork. Niretzat, animalia guztiak berdinak dira, eta praktikan azken muturreraino ematen dudan printzipio bat da hau.
   Gure kasu konkretuari erreparatuz, tontakeria bat da zezenak ez duela sufritzen esatea. Zezenak sufritu egiten du, eta punto. Horri ezezkoa esaten diona inozotzat joko nuke. Ez dakigu zer modutara bizitzen duen sufrimentua, baina sufrimentua hor dago. Ikusi egiten da.
   Hala ere, ez dakit zer neurritaraino humanizatu behar ditugun animaliak. Baina guztiak neurri berdinean humanizatzen ditugun bitartean, ez dago arazorik nire partetik behintzat.
   Zezenketetan sufrimentua bakarrik ikusten dute batzuek, eta horregatik ulertzen dut beraien kausa. Errespetatu ere bai, noski.
   Baina gure eguneroko bizitzan, animaliek hainbat eskubide hurraketa eta sufrimentu pairatzen dute. Bai plazakoa, oso bistakoa eta garbia dena. Eta baita ezkutukoa, inork gutxik ikusten duena.
   Eta ez. Ez da zezena sufritzen duen animalia bakarra.
   Hori bai, zezenak aurpegia dauka, espresio bat. Mina adierazi egin dezake. Eta horrek, askori pena ematen die, eta ematen digu.
   Baina behin, bizi izan nuen pasarte batek, atentzioa deitu zidan. Esango nuke, animalien ikuspuntu, eta defentsaren eredua birplanteatzera eman ninduela pasarte hark. Ikuspuntu zorrotza eta biguna ikusi nituen, gai berdinaren aurrean:
   Iraetara bidean nindoala, zezenzaleei zezenaren sufrimentua Maiatzaz geroztik gogoratzen ibiltzen den aurkako sutsu bat ikusi nuen, bizikletaz. Bere iloba, seme-alaba, edo lagun zuen haur koskor batzuekin zihoan Iraetara bidean, bizikletaz. Halako batean, Iraetara iritsi aurretik, ibai ondoan, bide-gorria alde batetik bestera igarotzen ari zen narrasti bat. Zirauna zen, argal eta luzea, ia 75zm. Nire aurrean zihoan pertsona sutsu honek, bizikletak eta oinezkoak geldiarazi, eta salbatzaile moduan, bizikletaren aurreko erruedarekin, burua birrindu zion zirauna gizarajoari. "Sugeak arriskutsuak dira, eta hobe hiltzen baditugu", esan zuen.
   Animalien defendatzaile hark, ez zekien mutur aurrean zeukana ez zela suge bat, zirauna baizik (barra-barra daude Iraetara bidean). Gogorarazi nion nik ordea, zirauna zela animalia hori, eta ez daukala ez pozoinik, ezta ezer, eta bere bidea egiten ari zela pake pakean. Berak ordea, "bueno, berdin du, haurrek ikas dezaten da gehienbat", esan zidan.
   Hori pasa zitzaidanetik, buelta asko ematen dizkiot buruari. Sentitzen dut, zeren batzuen morala dudan jartzera ere iritsi naiz, inongo eskubiderik gabe. Nire barkamena eskaera hemendik, haiei.
   Baina era batera ala bestera, sufrimenduaren norbanakoaren balorazioa ezberdina izan zitekeela konturatu nintzen.
   Pertsona hari ez diot ezer leporatu nahi, ez du eta ezerren errurik. Baina sufrimentuak sentimendu desberdinak pizten dizkigu, hau bistakoa izatearen, ala ez izatearen arabera.
   Aurpegia, espresio bat duten animalien torturak min egiten digu. Beraiekin sufritzen dugu.
   Baina aurpegirik ez dutenek, edo espresiorik ez dutenek ere, sufritu egiten dute.
   Zirauna gizarajo hark, sufritu egin zuen. Burua birrintzen diegun sugeek, sufritu egiten dute. Nazka ematen diguten aitzakiarekin birrintzen ditugun zomorro guztiek ere, sufritu egiten dute. Gure nazka jarri ohi dugu orduan, bere sufrimenduaren gainetik. Eta honen aurrean, ez du inork ezer egiten.
   Egunero jaten ditugun oilaskoek, eta arraultzeak ematen dizkiguten oiloek, sufritu egiten dute. Gehiago jan dezaten, argiarekin jokatzen dute, eta gau eta egunak engainatu egiten dizkiete, gehiago jan dezaten. 24 orduan, bi egun izaten dituzte, eta kaiola batean pasatzen dituzte. Eta honen aurrean ere, ez du inork ezer egiten.
   Jendeak ehizean pasatzen ditu goiz asko eta asko, animaliak tiroz hiltzen. Eta ez dugu herri platarformarik sortzen, horren aurka.
   Zoo batean, duintasuna guztiz galduta dagoen orangutan hark ere, ez du oso ondo pasako 10 metro karratuko kaiola batean. Kristalaren atzean dagoen musker ikusgarri hark ere, ez du ondo pasako han barruan. Eta gu berriz, Cabarceno-ra joaten gara, eta grazia egiten digute tximinoek. Eta horren aurrean ere, ez du inork protestatzen.
   Zirkuan, kapela eta esmokin bat jantzita dabilen hartz hark ere, egunero kaiolan jasango dituenak ikustekoak izango dira. Baina zirkua herrira etortzen denean, ez da inor joango kontzentrazio bat egitera. Eta horren aurrean, ez du inork protestatzen.
   Iraetako hiltegira arkumeak sartzen direnean, beraien patuaren usaina hartuta, sufritu egiten dute. Badakite nora doazen. Baina ez du inork protestatzen.
   Larruzko berokia jazten dugu, eta botak ere bai. Baina ez du inor protestatzen.
   Sufrimentua mila egoeretan jasaten dute animaliek, eta ez ditugu erdiak ere protestatzen. Bistakoa denak, edo aurpegi bat duen sufrimentuak, barruak mugitzen dizkigu. Ezkutukoak, inplizituak, edota gure gustuko zerbait inplikatzen duen hark, begiak estaltzen dizkigu. Bata erraz ikusten dugu, bestea berriz, ez dugu ikusten, edo ez dugu nahi ikusi.
   Nik alde horretatik, eta koherentziagatik, ez dut protestatzen. Sufrimendu horien parte sentitzen naiz, nahiz eta ez nahi izan nik, eta min egin hala izateak. Zezenketei uko eginda ere, oilaskoa jango dut, haragia, Zoora joango naiz, larruzko arropa jantziko dut, nire lagunak zomorroak zapaltzen ikusiko ditut eta Iraeta bideko ziraunak burua moztuta topatuko ditut.
   Ibaiko lau amuarrain, eta plazako lau zekorren artean, niretzat, ez dago alderik. Biek duintasun eta eskubide berberak dituzte.
   Askotan, gauza konkretu baten kontra joateko interesa bakarrik dagoela pentsatzen dut. Besteari uko egitea ez zaigu interesatzen. Zezenketen aurkako batekin eztabaidan nintzela behin, zera esan zidan: "nik ordea, oilaskoa jaten segiko diat. Gauza ezberdina dituk jatea, eta espektakuloa." Bizitzen ez duen, eta gustuko ez duen gauza bat kentzeak etzion inporta. Hori bai, gustukoa ezin zitzaion ikutu.
   Nik ez dut gezurrik esango ordea. Gustuko dudana ez dut nahi kentzerik. Halaber, ezin dut gauza bat gustuko izan eta beste bat ez, biek zentzu batean, kausa berdinaren aurka egiten badute. Horregatik esan dut animalia guztiak berdinak direla niretzat, aurpegia, espresioa edo eta zatarrak izan. 


   Gai honetan ordea, duintasunaren arazoa sortzen zaigu.
   Aurkakoek, zezenaren duintasunari barre egiten zaiola pentsatzen dute. Hau da, zezenaren sufriemntuarekin katxondetu egiten garela.
   Hori, ikuspuntu oso sinplista iruditzen zait. Eta hori diotenek, ez dute ez zezenzaleen, ezta joan ohi garen beste inoren filosofia eta izaera ulertzen.
   Zezenketetan, zezenaren ausardia, kemena, eta ez errenditzeko ahalegina txalotuak dira. Bere duintasuna horrela baloratzen da. Zezena kementsua bada, eta aurre egiten badio erasotzaileari, duintasuna duela ulertuko da, eta txalotua izango da. Badakit batzuek ez duzuela hau ulertuko, baina horrela da, eta horrela bizitzen da plazan.
   Ez zaio zezenari parrerik egiten. Ez gara animaliaz katxondeatzen. Gehiago esnago nuke, Zestoan, toreroetaz katxondeatzen gara, zilipurdika denbora asko pasa ohi dute eta.
   Duintasunaren arazoak ordea, bizitzaren balorazioaren arazoa ekartzen digu.
   Batzuek, bizitza baloratzen dute (edo dugu), bere osotasunean. Beste batzuek ordea, heriotza baloratzen dute.
   Nire ustez, heriotza, bizitzaren parte bat baino ez da. Guztietan azkena, bai, baina zati puntual bat bakarrik da. Zentzu horretan, gure plazan hilak diren zezenek, bizitza paregabea daukate. Aske bizi dira, lursail handietan, eta jan eta edan beste lanik ez dute. Noizean behin korrika jartzen dituzte, eta kaparen atzetik ere bai, ea zer kemen erakusten duten baloratzeko. Neurri handi batean, zezen hark bizitza ona dauka, lasaia, inongo miseriarik gabea, eta askatasunez josia.
   Hori bai, hil, plazan hilko dute. Eta sufritu egingo du bere heriotzean. Hare gehiago, borroka egiten sahiatuko da, ez dezaten hil, eta bizia emango du horretan. 
   Txanponaren bi aldeak ezagutuko ditu.
   Beste animalia askok ordea, ez dute sufrituko herotzaren momentuan. Baina kaiola batean sartuta pasako dute bizi guztia. Neurriz gabe jaten, gizentzeko, eta gau eta egunak nahastuaz, argi artifizialarekin, zoratzera heldu arte.
   Eta hor sortzen da dilema. Hiru urte sufritzen, heriotza garbi baten truke. Edo hiru urte bizi onean, heriotza plazan izan arte.
   Ni, hedonista xamarra naiz, eta nahiago dut (hedonista izan ala ez), bizitza eder eta oparoa, hiltzean sufrituko dudala jakinda ere. Nahiago aske bizi eta sufrituta hil, kartzelan bizitza osoa pasatzea baino.
   Baina tira, hori nire aukera subjetiboa da. Beste askok agian ez duzue hori nahi, edo beste era batera ulertzen duzue bizitza. Errespetagarria da zinez, baina agian ez nago zuekin ados, batek daki (ez dakit zuen iritzia oraindik, horren inguruan).


   Animalien inguruko borrokan oso ohikoa izan ohi da baita ere, espezieen biziraupena.
   Gogor eginda borroka, galtzear dauden espezie batzuk bizirauteko. Eta nire babes osoa dute horretan beren denbora eta baliabideak jarri dituzten milaka pertsonek.
   Zezenketek ere, sortzen dute dilema alde honetatik. Zezena, toreatzeko zezena, espreski toreatzeko sortutako espezie bat da. Gizonak sortu zuen.
   Baina nahiz eta gizonak sortu, esan beharra dago edertasun paregabea duen animalia sortu zuela. Lepoa goian, eta gorputz indartsua duen animalia da. Hona hemen argazki elegante bat:
Edertasun paregabeko animalia da zezena.
   Baina, nahiz eta oso ederra izan, ez dauka beste erabilerarik. Ez du haragitarako balio, eta ez du inongo errentagarritasun ekonomikorik, horrelako animalia bat izateak.
   Zezenketen abolizioak, animalia paregabe honen amaiera ekarriko zuen, poliki poliki. 
   Ez bapatean, norbaitek mantenduko zuen eta, animalia bat edo beste. Baina pixkanaka, bere amaiera iritsiko zen, guztiz ezereztu arte.
   Honelako animalia ederra, galduko zen, zezenketik gabe.
   Hauxe da baita ere, zezenketen miseria, batzuen ustez. Sufrimendu hark, espezie baten biziraupena lotzen duelako, neurri handi batean.
   Niri behintzat, edertasun aldetik, animalia paregabea iruditzen zait. Eta ez dut nahi galtzerik, baina sufritzeak ere, mugitzen dizkit barruko zizareak.

   Edertasunak edertasun, eta miseriak miseria, azaldu dizuet, neurrigabeko idatzi honen bitartez, nire animalien inguruko ikuspuntuaren zenbait gorabehera.
   Baina tira, eskerrak eta animoak hona amaierara irakurtzen iritsi den harentzat. Ez dauka meritu makala, gizarajoak. Zorionak zuri, hemendik.
   Hala ere, uste dut nahiz eta asko idatzi, luzeago jardungo nuela honi buruz. Gehiago sakonduaz, hemen idatzi dudan guztia.
   Baina datozen puntuetan ere, zezenketen gaia jorratuko dugunez, ez naiz gehiegi luzatuko. Izango dugu eta aukera, gaiari bueltaka jarraitzeko.

   Azkenik barkamena irakurleari, horrelako sarrera luzea idazteagatik. Eta eskerrak, irakurtzeagatik.

   Ondo izan eta ongi bizi, ahal den neurrian.


   Hurrenarte!!!
   

domingo, 18 de diciembre de 2011

1. Puntua

   Honela idatzi nuen, nire printzipio subjetiboak jarri nituenean:

  • Pertsonen bizitza, beste guztiaren gainetik jartzen dut. Baita pertsonen sufrimentua, eskubide hurraketa, eta duintasuna. 
   Sarrera honetan, hori sakontzen saiatuko naiz.
   Aldez aurretik azaldu nahi dut, nire ikuspuntu pertsonalaz ari naizela. Hau da, nire ideia propioez. Ez diot inori iritzia aldatu nahi, eta ez dut nahi nire ideaiak kolektibo baten oinarri izaterik ere.
   Gauza pertsonal batetaz ari naizenez, ez dut nahi nire ideiak zezenzale guztiei aplikatzerik. Ezta niri zezenzaleen ideia topikoenak aplikatzerik ere. Ikuspuntu pertsonal bati buruz jardungo dut, eta ez da nire asmoa hau edo hura konbentztitzea.
   Gehiago esango nuke: besteen lana da niri ideiaz aldatzea, eta ez alderantziz.


   Hau garbi utzita, lehen puntu hori azaltzeari egingo diot.
   Bertan diot, pertsonen bizitza beste guztiaren gainetik jartzen dudala. Baita pertsonen sufrimentua, eskubide hurraketa, eta duintasuna ere.
   Uste dut, nahiko garbi geratzen dela, esan nahi dudana. Nire bizitzan, gauzen aurrean erabaki edo neurri batzuk hartzerako garaian, pertsonen sufrimentuak eta gora-beherak jartzen ditut lehendabizi.
   Ez gaizki ulertu ordea. Ez dut honekin beste kausa errespetagarriren bat gutxietxi nahi, ezta gutxiago ere. Beste kausa asko (ekologista, animalista, e.a.) errespetagarriak dira, eta haietariko batzuk nire babes osoa dute. Baina nire baloreen eskalan, pertsonen sufrimentuak jartzen ditut aurrena.
   Askotan, zezenzaleei, edo zezenketatara joan ohi garen pertsonei, pertsona bihotzgabe baten pare jartzen gaituzte. Badirudi, ez daukagula sentimenturik, ezta moralik ere. Horregatik azaldu nahi dut nire lehentasunen "eskala" moduko hau.
   Niri, lehenik eta behin, pertsonek sufritzen dituzten arazoek kezkatzen naute. Askatasun zibil eta politikoen hurraketa, gosea, gaixotasunak, miseria, drogomenpekotasuna... Hainbat eta hainbat dira, pertsonei eragiten dieten arazoak. Bai hemen, eta baita hemendik urrun ere.
   Ez da neure buruari loreak botatzearren, baina ni kausa hauen alde zerbait egiten saiatu naiz. Nire esfortzua, laguntasuna eta solidaritatea erakutsi dizkiet kausa hauetariko batzuei.
   Beste batzuk, guztiz aske dira kausa hauek guztien aurrean "paso" egiteko. Nik ez diet ezer esango. Ez diet ezer leporatuko. Nahi duguna egiteko aske baigara.
   Baina hauetariko askok, beraiek defendatzen dituzten beste kausa asko defendatzen ez ditugun jendeari, etiketak jartzen dizkigute. Beraien kausa ez defendatzea leporatzen digute.
   Eta okerragoa dena: insensible, odolzale, eta sadiko etiketa jartzen digute.
   Aspalditik dakit errespetua faltatzea debalde irten ohi zaiola egin ohi duen jendeari. Eta hitz horiek ez didate haserre puntual bat baino sortzen.
   Baina ahobero askok, ez dituzte munduan dauden, eta nik garrantzitsuagotzat jotzen dituzten, kausak defendatzen. Nik ordea, ez diet ez etiketarik jarri, ezta errespetua falta ere.
   Idatzi honekin ordea, ez da nire asmoa, azken hauei errepasoa ematea. Nahi dutena egin dezatela, niri berdin dit.
   Idatzi honekin, nire (eta beste askoren) izen interesatuki zikindua garbitu nahi dut. Eta bide batez, "odolzale" edo "insensible" bezalako etiketarik ez dudala onartuko garbi utzi nahi dut.
   Guztiok kausa desberdinak defendatzen ditugu. Baina guztiak dira errespetagarriak. Eta guztiok gara konprometituak, era batera edo bestera.
   Beraz, honekin bi gauza azaldu nahi dizkizuet.
   Lehenengoa, nire "eskala" pertsonala da. Norbanako bezala, daukadan eskala. Eta lehen postuan kezkatzen didana.
   Bigarrenik, pertsona aniztasuna azaldu nahi dut. Gauza guztiek ez digute berdin eragiten guztioi. Nik kausa baten alde egiten dut, eta beste batzuek bestaldera begiratzen dute. Haiek ordea, beste kausa batzuk defendatuko dituzte, eta nik bestaldera begiratuko dut. 
   Denok daukagu gure sentsibilitatea. Eta denak errespetatu behar ditugu.


   Nik pertsonak jartzen ditut lehen postuan. Beste batzuk, agian gertuagoko kausak jartzen dituzte lehen postuan.
   Nirea behintzat, badakizue zein den.
   Nik besteen eskalak errespetatzen ditut, eta ez diet etiketarik jartzen, eta ez diet jarri nahi.
   Nirea ere izan dadila errespetatua. Eta ez jarri etiketarik, ezagutzen ez duzuen norbanako bati. Hori behintzat ez ezazue egin. Zatarra geratzen da.


   Laister izango duzue bigarren puntuaren berri.




   Bitartean, ongi bizi!!

miércoles, 14 de diciembre de 2011

Demagogia

   Esan nuen lehenago egindako sarrera batean, idatzi nituen puntu bakoitzari sarrera bana emango niola, luzeago eta zabalago azaltzeko bakoitza.
   Baina hori ez dut gaur egingo.


   Baziren egun batzuk denbora arazoak nituela blogari kasu egiteko, eta ez naiz apenas sartu, ez iruzkinak, ezta Muu-ren bloga irakurtzera.
   Baina gaur, aspaldiko partez, bost minutu libre hartu ditut, eta Muu-ren bloga, eta bertako zein hemengo iruzkinak irakurtzeko aukera izan dut.
   Esan beharra daukat, denetarik irakurri dudala, eta denak errespetagarriak direla.


   Baina Muu-ren blogeko iruzkin konkretu batek, atentzioa deitu dit, eta sarrera hau berari eskaintzea erabaki dut. Eta horregatik jarri diot demagogia izena.


   Iruzkin hori da, nire uste xumean, Zestoan zezenketen aurka dagoen jendearen alde negatiboa. Badaude batzuk, arrazionalak eta ulergarriak, beraien postura argudioekin defendatzen dutenak. Eta beste batzuk berriz, iruzkin hori kasu, demagogia erabiltzen dute beraien kausa defendatzeko.
   Ez dakit ordea, ez ote duten eragin negatiboa, defendatu nahi duten kausa horren gainean.


   Honela zioen iruzkin haren lehen zatiak:



"Jakin badakigu zezenketak aspaldi sortuak direla, eta batzuentzat "tradizio"gisa direla,baina, hori pixusko arrazoia al da honekin jarraitzeko?
Espainia mailan hain hedatua dagoen "tradizio" hau Euskal Herrian mantentzen jarraitzea lotsagarria iruditzen zait, batez ere zestoa moduko herri euskaldun batean."

   Animalien defentsaren gainetik, taurinoen abertzaletasuna zalantzan jartzen du pertsona honek. Ohitura "espainiarra" dela dio.
   Pixusko argudioak erabiliko balitu, ondo. Baina maila horretako txorakeriak esanda, lekutan utzi du bere kausa.
   Euskal Herrian, zezenketak baino gauza espainiarragoak egiten dira, egiten ditut, eta iruzkin honen idazleak ere egingo ditu. 
   Paella baino gauza espainiarragorik ba al da? Ala fregona?
   Festetan paella lehiaketa egiten dugu, eta tabernak fregonaz garbitzen dira. Beraz, joan dadila haiei kontra egitera, baita ere.
   Ez ditut aipatu gabe utzi nahi ordea, Lady Gaga eta goizeko 6etako hamburgesa. Hauek ez dira espainiarrak, amerikarrak baizik. Niri berdin dit hau jan edo hura entzuteak, baina agian iruzkin horren idazleari ez zaio gehiegi gustatzen. Beraz, trikitixa eta goizeko 6etan txuletaren aldeko kanpaina egin dezala.
   Esan beharrik ez, ez daukala ez hanka eta ez bururik.



"Zekorketen alde dauden pertsona askok zekorketak, artetzat hartzen dute, eta nik uste dut kultura apur bat duenak artea zer den badakiela."


   Esaldi honen aurrean, zalantzak sortzen zaizkit.
   Ez dakit bere kultura mailaz ari den, edo zezenzaleen kultura mailaz. Edota bere arteaz, edo zezenen arteaz. Edo bere iruzkinaren arteaz, agian.
   Intertpretazio asko izan ditzake esaldi horrek, baina pentsatzen dut, zein den idazleak eman nahi dion zentzua.
   Gauza bakarra esango nioke: 
   – Guk ez dugu ez zure, eta ezta gainontzeko antitaurinoen kultura maila zalantzan jarri. Beraz, ez dut ulertzen zure iruzkina. Baina interpretazio bat egiteko gai izan naiz, eta agian zure kultura mailari bota beharko diozu begirada bat, iruzkin guztian zehar idazten dituzunak irakurri ondoren.


   Kultura oso zaku zabala da, eta gauza askok dute kabida bertan.
   Kultura, oso pertsonala ere bada. Eta zuk gustuko duzuna, agian nik ez dut gustuko, edo alderantziz. Beraz, gustuen arabera kultura maila epaitu behar baduzu, ados. Baina uste dut ez dela biderik egokiena.




"Nola edo ala honekin amaitu beharra dago, ez bait da posible teknologikoki hain aurreratuak egotea eta kulturalki eta mentalki hain atzeratuak egotea (batzuk)."


   Agian ez zara konturatu, baina norbaitek iruzkin hau erasotzat hartu dezake.
   Ez da nire kasua, kulturalki eta mentalki aurreratutzat daukat eta nire burua. Baina agian norbaiti min egin dakiokezu horrelako esaldiekin.
   Hala ere, ez dut zezenketak eta teknologiaren arteko lotura egiterik lortu. Ez dakit non daukaten erlazioa.
   Ea, adibidez, nik esango banizu:
"Ez da posible, teknologikoki hain aurreratua den Euskal Herri batean, jendeak 150 kiloko harriak eskuekin jasotzea sorbaldaraino. Gaur egun, badaude poleak, eta gruak, hori errazago egiteko. Teknologikoki, mentalki, ekonomikoki eta kulturalki atzeratuak ematen dute (batzuk)."


   Zeu ere konturatuko zinen, honek ez daukala ez hankarik, eta ezta bururik.
   Eta zure esaldia, honen antzekoa da.




"Animaliek eskubideak dituzte, eta ez dute arrazoirik zuek honelako zikinkeriarik egiteko, beraiek ematen dizkigute elikagai asko eta zuek honela ezkertzen diezue?"


   Agian, zuk pentsatuko duzu, animaliek, beraiek nahi dutelako ematen digutela elikagaia. Edo beren gogoz direla gure platereko parte.
   Horrela pentsatzen baduzu, oso ondo. Niri bost.
   Baina nire platereko xerrak, eta zure platereko xerrak, biak, eskubide hurraketa latzak jasan dituzte. Eta seguru nago, txahal gizarajo harri, eskerrak emango banizkio, pikutara bidaliko ninduela.
   Zure eta nire janaria, gogoz kontra hildakoak dira. Eskerrak alferrik dituzte.
   Honetaz luzeago jardungo dut, egunen batean. 
   Bi sufrimentu mota daude, nire ikuspegitik: ikusten dena (plazan), eta ikusten ez dena. Sentsazioa daukat ordea, animalista bandera oso altu eramaten duten batzuek, bakarra ikusten dutela. Hau da, bistakoa.




"Ze heziketa mota da hau? Zer irakatsi behar diegu gure ondorengoei? Odola plazerra dela? Honela bada bide onetik zoazte. Zorionak."


   Nik ez diet erakusten nire ondorengoei, odola plazerra dela.
   Gehiago esango dizut. Ez dut onartuko, inolaz ere, odolzale edo sadiko etiketa jartzea. Ez niri behintzat.
   Niretzat, odola ez da plazerra. Eta nire ondorengoek heziketa hori jasoko dute.
   Gainera, festei buruz ari garela ez ahaztu. Hezi, etxean eta eskolan egin behar da lehendabizi. Kalean ikusten dutena kriterio propio batekin epaitu dezaten.
   Eta ez pentsa gure bideak hain ezberdinak direnik. Nire ondorengoak, eta zure ondorengoak, mundu berdinean biziko dira. Beraz, bide berdina daramate gure ondorengoek. Zuzena ala okerra, baina bide beretik ibiliko dira.






   Agian, norbaitek pentsatu dezake:
–Zergatik galtzen du denbora Amparok, iruzkin horiei erantzuten???


   Erantzuna erraza da: dibertigarria delako.
   Ondo pasatzen dut horrelako iruzkinak irakurri, eta beraiei erantzunez.


   Hori bai, badakit Zestoako antitaurino askok, iruzkin horrek baino maila altuagoa daukatela. Eta nire ustez, maila altuagoko hauek dira, antitaurinoen kausa defendatu behar dutenak, besteen gainetik. Bestela, agian, kausa leku oker batera eramateko arrisku latza dago.
   Baina tira, ni ez nago kexatzeko. Iruzkin mota hauekin jostatu egiten naiz, eta dibertigarria zait hauek irakurtzea.






Oharra antitaurinoei:
Zuen esku dago, zuen diskurtsoa aukeratzea. Baina nik gomendio bat egingo dizuet: ez ezazue hartu, kritikatu dudan iruzkinaren antzeko biderik. Zeuen kalterako izango da eta.
Hori bai, orain arte egin duzuenari, ezin zaio akatsik atera. Bikain ari zarete, eta ea bide horretan jarraitzen duzuen.