viernes, 23 de marzo de 2012

Egon hadi lo, eta jango duk mehe.

   Esaldiak berak dio dena. Eta mila aldiz ikusi eta entzun dugu horren adierazgarri izan daiteken egoera, jarrera, edo istorioren bat.
   Eta tamalgarria izango litzateke, guri bildu digun eztabaida honetan, batzuk lo egotea.
   Baina tamalez, hala daude.

   "Muu" herri ekimena, gure herriko zezenketen aurkako talde berri eta dinamikoa, errepaso bat ematen ari da zezenzaleei. Bai behintzat, ekintzei eta mugimenduari dagokionean.
   Bizikleta martxa, kontzertuak gaztetxean, firma bilketak,... Batzuk mugitzen ari dira.
   Interpretazio ezberdinak egin daitezke ekintza hauen inguruan. Batzuentzat indar erakustaldiak izan daitezke, edo jendearengana heltzeko beste bide bat, edota jendea kausaren inguruan dinamizatzeko herramienta batzuk. Marketing-a, edo kanpaina publizitario-elektoral baten antzeko zerbait egiten ari direla ere pentsa genezake.
   Guztiz zilegi da hau egitea, eta ez dezala inork pentsa niri gaizki iruditzen zaidanik. Azken finean, modu demokratiko batean erabakiko dugunez etorkizuna, kanpaina egitea guztiz normala eta ohikoa da.

   Eta zezenzaleak zer? Nora begira daude?

   Ba horixe: egon hadi lo, eta jango duk mehe.
   Eta hauek lo daude, horrek suposatzen duen arriskuarekin, esamoldeak adierazten digun moduan.
   Ez talderik, ez mugimendu antolaturik, ez agerraldirik,... Ezer ere ez.
   Presentzia exijitzen zaienenean agertzen dira. Baina beren kabuz ez dute ekintza bakar bat ere egin.
   "Muu"-koek herria hankaz gora jartzen dute, eta zezenzaleek, bitartean, ez dute ezer egiten.

   Tira, pentsatu dezakegu beranduago mugitu daitezkeela. Edota galdeketarentzat data zehatz bat jartzen den momentuan mugitzen hasiko direla.
   Baina beranduegi izan daiteke. Iada "Muu" pauso bat aurretik doa, aspektu honetan.

   Batek honela ziohen: ganoragabeen etxean, goizeko salda arratsean.
 
   Espero dut, zezenzaleak mugitzen hasten direnean, ez sahiatzea goizeko salda arratsaldean ematen. Arratsaldea berandu baita, goizeko saldak hartzeko.
   Saldak lehenago banatu behar dira, eta arratsaldean meriendak ematen hasi behar da.
 
   Eta hori da daukadan kezka.
   Zezenzaleak salda banatzen hasten direnean, ez ote den arratsaldea izango.
   Hau da: berandu.

lunes, 19 de marzo de 2012

6. Puntua

   Bere garaian, zabalduko nituela agindu nuen puntu haiek idatzi nituenean, honela zioen haietatik seigarrenak:
  • Zezenketak, zezenaz gain dauden ekitaldiak dira Zestoan behintzat. Bere inguruan, urtez urte sortu den tradizio, festa, eta prafernalia guztia, zezenketen gainetik dagoela uste dut.
   Gaurkoan, hori zabaltzen sahiatuko naiz.

   Esaldiak berak dioen moduan, zezenketak, zezenaz gain dauden ekitaldiak dira. Eta hauen inguruan, urtez urte sortu den festa, giro, tradizio eta parafernalia guztia, zezenketen gainetik dagoela uste dut.
   Etzait iruditzen beste munduko azalpen bat behar duenik puntu honek, baina tira, zabadu egingo dut.


   Gai hau jorratzen hasi ginenetik, animalismoa, zezena, bizitza, eta beste hainbat gauzen arteko balio konparaketak egiten jardun dugula esan daiteke. Zezenketen gaiari begirada asko egin dizkiogu, hamaika leku ezberdinetatik, eta hamaika iritzi ezberdin emanaz.
   Esan beharra daukat, eztabaida aberasgarria izan dela zentzu guztietan. Elkar ezagutzeko balio izan digulako, eta ondokoaren argudioak nondik nora doazen konprenitzen lagundu digulako.
   Baina guzti honetan, gai bat nahiko gutxi jorratu da. Eta oso gutxi sakondu ere. Zezenketen festa balioaz ari naiz.


   Jardun dugu hizketan, gisa horretako ikuskizun baten inguruan festa giroan mugitzea zilegi den ala ez. Baina ia ez dugu hitzegin honen festa balio errealaz. Hau da, benetan hartzen duen oiartzunaz, benetan festetan duen garrantziaz.
   Zeren onartu beharrean gaude, festetako zentru eta ekitaldi nagusiak bihurtu direla zekorketak, eta berau inguratzen duten erlazionatutako ekitaldiak. Gustatu ala ez. Ekitaldiaren nondik norakoekin ados egon ala ez.
   Egin dezagun errepaso bat, ekitaldi honek festetan sortzen eta ematen digunaren inguruan.


   Hasteko, eta nahiz eta zekorketak arratsaldeko 18:00tan programatuta egon, arratsaldeko 17:00ak jo aurretik, kaleak bor-bor daude. Jendeak kafeak eta kopak hartzera irteten da tabernetara, eta Erdi Kalean sekulako giroa egoten da. Ekitaldiaren eragina beronen hasieraren aurretik ikusi eta bizi daiteke.
   Kuadrilak atzera eta aurrera, sarrerak atera, hozkailu eramangarriak bete, edariak ekarri, janariak bildu, denak dauden konprobatu, eguzkitik babesteko kapelak jantzi... Izaten da mugimendua eta saltsa Erdi Kalean.
   17:00ak eta 17:30 artean, kalea leporaino betetzen joaten da, eta Erdi Kalean biltzen den jende andana, eta bertan sortzen den giroa, benetan paregabeak dira. Festaren zentru izaten dugu Erdi Kalea momentu horretan.


   17:30 aldera, iada kalean leku gutxi dagoenean, txistulariak irteten dira. Jendeak txaloka agurtzen ditu, kalean behera hasten direnean. Berdin gertatzen da dultzaina jotzen pasatzen direnean.
   Ordurako, erdikaleko bazterretan ez da lekurik egoten. Eta ixkin batean leku bat aurkitzea nahiko gaitza da, zinez.
   Eta dena leporaino beteta dagoenean, Zestoako Bandako kideak azaltzen dira, Erdi Kalean lerroetan kokatzera. Eguzkitako betaurrekoak, alkondorak galtzen kanpotik, zigarro bat belarrian,...  baina "rockstar" batzuk baliran daude Erdi Kalean. Beraiek dira protagonistak, festaren arduradunak. Inork behin ere imaginatu al du, momentu horretan bandako kideek alde egingo balute zer gertatuko litzatekeen? Tira, nire amesgaiztoetan pasatzen da hori, eta nahiago dut ez imaginatu. Besteak beste, bandako kide hauek berriz ere Zestoara bueltatzeko lanak izango lituzketelako, epelak entzun gabe behintzat. Baina bueno, hori desbario bat besterik ez da.
   Kontua da, hor egoten direla 30 musikari, lerroetan jarrita, eta zuzendaria aurrean. Eta denak urduri.
   Jendeak "Shshshshshshshshsh!" egiten du, isiltasuna eskatuz. Eta denak isildu egiten dira gainera. Handia da gero, momentu horretan denak ados egoten baitira hitzegitea baino gauza hobeagoak badirela egiteko. Denak isilik. Eta denak urduri.
   Isiltasun konpleto eta tentsioz betetako hori apurtzeko, bandako zuzendariak eskua altxatzen du, eta hor entzuten ditugu "Amparito Roca"-ren lehen bost notak. Hasierako lehen nota horiek.
   Eta gero betikoa. Denak txaloka, orruka, abesten, dantzan,... Emozioz apurtzen eta hustutzen dugu tentsioa momentu horretan. Eta harrigarria egiten zait, urteetan zehar abesti batek hartu ahal izan duen balio eta sinbologiak, horrelako erreakzio paregabeak pizteko indarra izatea. Aken finean, papel batean idatzitako notak baitira, puntuak eta makiltxoak.
   Baina hor egoten gara denok, txaloka eta abesten. Eta banda berean, guri zoriontsu egiten. Abestiaren zati batean, Erdi Kalean behera hasten dira, plazara bidean. Eta orduan, txaloak gehitu egiten dira. Han joaten da banda, Erdi Kalean behera, jendearen ohiu eta txaloen artean. 
   Jendeak zabaldu egiten die bidea, nahiko itxita egon ohi da eta, jende kopuruaren eraginez.
   Gero, zezenketetara doazenak, ilaran jarri eta barrura sartzen gara. Beste batzuk agian, beste aukera batzuk obeagoak direla uste dutelako edo, bestelako zerbaitetan pasatzen dute arratsaldea.


   Plazan ere, betiko liturgia.
   Banda sartzen da, plazari buelta ematen dio, eta Zunzunegiko armailean daudenei agur egitera joaten da. Zutik hartzen dugu banda han, eta txalotua da berriz buelta hartzen duenean.
   Gero, udaletxeko balkoira begira jarri eta han egoten dira, abestia amaitu arte.
   Amaitzen dutenean, plaza guztiak txaloka agurtzen du banda.


   Gero, seietako kanpaiarekin batera, berriz "Amparito Roca" hasten denean, zaldia irteten da eta iada zekorketako liturgian sartzen gara. Giltza hartu, ikuiluan dagoenari bota, toreroak agurtu, eta segituan, lehen zezenari deia jotzen diote. Eta hor hasten da toreroaren momentua.
   Ondo edo gaizki aritu, jendeak txalo gehiago edo gutxiago egingo die. Eta toreroak musika mereziko du, ala ez. Hala ere, toreroa oso gaizki ari den aldietan, plazara begiratzea baino gauza obeagoak egin daitezke, eta batzuk behintzat, musika eskatzen dugu. Ondo ari denean ere, musika eskatzen dugu. Tira, egia esan, beti musika eskatzen gabiltza.


   Plazan berriz, nerbioak eta tentsioa egoten dira. Gizon bat zezen batekin aurrez aurre.
   Honek amaitzen duenean ordea, denok arnasa soltatzen dugu, eta zezenketen bigarren zatira pasatzen gara.
   Zezen bolaztuak izaten dira ondoren, eta herriko zenbait gaztek, beren ausardia erakusten dute hauen aurrean korrika eginez. Bakarrenbat nahiko beteta ere beti irteten da, eta zilipurdika bukatzen du gehienetan.
   Guzti hau, arratsalde guztian zehar, bandak alaitzen du. Eta oraingoan, beren repertorio taurino tradizionaletik irteten diren zenbait pieza eskeintzen dituzte. "Dira, dira, zezenak dira...", "Las Bodegas de Haro", bertako kideak ere abesten jarduten dute, zuzendariak txapak jotzen bukatzen du,... Tira, anbientea erlaxatzen da.


   Bandakoei musupuntan jartzen zaienean (ez baitut beste kriterio arrazionalagorik atzeman urte hauetan), plazatik irten eta erdikalera buelta egiten dute, lehenago egin duten bide berbera alderantziz eginaz.
   Garai batean inork kasurik egiten etzion "pasakalle" bat izaten zen hau. Baina joan den urte hauetan, gero eta ohiartzun handiagoa ari da hartzen herritarren artean, geroago egiten duten kontzertu inprobisatu horren ondorioz.
   Zeren azken urteetan, banda erdikalera plazatik bueltan iristen denean, borobilean jarri eta zenbait pasodoble eskeintzen dizkiote bertan daudenei.
   Egin zuten lehen aldian, ni neu ere ez nintzen konturatu, eta ondoren izan nuen honen berri. Baina joan den bi urteetan, eta batipat joan diren festetan, sekulako ohiartzuna izan du bandaren kontzertu inprobisatu honek. Edi kalea berriz ere lehertu beharrean egoten da, eta bandako zenbait gaztek, bere balioa erakusten digu bere instrumentuarekin, borobilaren erdira irten eta bakarlari gisara jotzen dutenean.
   Begoña del Teso-k, "El Diario Vasco" egunkariarentzat zezenketen jaraipena egiten duenak ere, bere azken kronikan honen berri eman zuen.
   Oraindik oilo-ipurdia jartzen zait, Joseba Regil "Errexill"-ek, berak bakarrik jo zuen "solo"-az oroitzen naizenean. Hark jarri zion sentimendua, bertan geunden guztioi iritsi zitzaigun.
   Mikel Markez ikusteko zain zeuden haiek ere, bandak amaitu zain egon behar izan zuten, hauen arrakasta zela eta.
   Azken urteetan festetan deskubritu dugun aktiborik garrantzitsu eta handienetarikoa da Erdi Kaleko zezenketen ondorengo kontzertu inprobisatu hau.


   Guztira, arratsaldeko 17:00 baino lehen hasi, eta 20:00 pasa bitartean, zezenketek eta hauen inguruan sortzen den guztiak, denbora eta atentzioaren ia guztia betetzen ditu Zestoan.
   Hiru ordu baino gehiago, ekitaldi baten inguruan sortu den festa eta parafernalia guztiak betetzen ditu.
   Eta sinbologia, tradizio eta emozio askoko momentuak eskeintzen dizkigu, zezenketen ekosistemak.


   Horregatik, hau guztia, zezenketen gainetik dago.
   Zezena hil, ala ez hil, festa eta inguruko guztia garrantzitsuagoak dira niretzat. Baina arazoa ere hor dago.
   Norbaitek ziurtatuko balu, gaur egungo anbiente berbera, tradizio eta sinbologia, berbera, eta emozio berbera mantenduko liratekeela zezenketeik gabe, agian hauen egokitasuna birplanteatzera iritsi naiteke.
   Baina hori dioenak, badaki gezurretan ari dela.
   Gaur egun, ez gaude nahiko heziak, eta ez da aukerarik eman ez antitaurino eta ezta taurinoen aldetik ere, alternatiba antzekoren bat planteatzerako orduan. Hau da, benetan festa, sinbologia, tradizioa eta emozioa mantentzera helduko den ekitaldi bat, edota zezenaren heriotzik gabeko beste espektakulu bat.


   Beraz, gaur egun zezenketen inguruan sortu den guztia mantentzeko modu bakarra, hauek bizirautea da.
   Nahi dutena esan dezakete antitaurinoek. Baina kontrakoa usten badute ere, badakite gezura dela.
   Antitaurinoen eta taurinoen erruz, gaur egun errelitate penagarri honetara iritsi gara. Eta zezenketen biziraupenak lotzen du inguruko parafernalia eta festa guztiaren biziraupena. Hain sinple eta penagarria da.
   Horregatik, gaur egun zezenketak kentzeak suposatu dezakeen arazoa bidertu egiten du honek. Eta min gehiago egiten du gainera, honen errudunak denok garela ikustean.
   Horregatik, nik, zezenketen aldeko apustua egiten dut.






P.S: Denbora luzez idatzi gabe nengoen. Lanez lepo ibili naiz, eta denboraz urri. Eta denbora hau blogetik desintoxikatzeko hartu dut. Debatea ere lasaitu da kalean, eta eztabaida hozten joan da pixkanaka. Ez dakit honekin sua berpiztuko dudan, baina lasaiagoa izan dedila behintzat. Lehenagoko erritmoa ezinezkoa zait jarraitzea eta.