viernes, 25 de mayo de 2012

Argi izpiak bota beharrean...

   Eztabaidatu diren gaien inguruan iritzia eman aurretik, nire poza adierazi nahi dut.
   Bi aspektutan sustraitutako poza da. Lehenik eta behin, zezenzaleak mugitzen hasi direla eta, pankartak jartzen hasi dira, nire pozerako. Bestalde, eta nire pozaren bigarren arrazoitzat, blog berrien jaiotza dago.
   Ez dut iritzirik eman azken egunetan, baino tentu handiz irakurri ditut hemen eta han idatzitakoak. Eta nire sorpresarako, beste bi blog berri jaio direla ikusi dut.
   Nahiz eta aurkakoak izan, eztabaidan jarduteko beste bi arbel direla iruditzen zait. Beste bi plaza.
   Eskerrik asko beraz, Txokokrispis eta Novilladas en Zestoa blog-ei. Ikusiko duzue zer den blog bat edukitzea... Ai ama... Ez duzue, ez, egur gutxi jasoko.

   Tira, behin hori esan ostean, ahoa itxita izan dudan egun guzti hauetan esan direnak eta ez direnak argitzen sahiatuko naiz. Edo bai behintzat, nire iritzia ematen.


  • Aldez aurreko bozka. (edo "eskaera eskatzea")
   Honekin gertatu denak ez dauka izenik. Eta ezta abizenik ere.
   Zestoako Udala, urte askoan egin duen esperpentoetatik handiena egitera doa. Txapuza bat. Zerrikeria.
   "Herri galdeketa" agindu ziguten, eta "eskaera bilketa" bat egingo digute orain. Praktikan berdina dela diote, baina prosezu ezberdina izango duela esaten ziguten.
   Ba tira, norbaitek "eskaera biltze" honek erreferendumaren izaera duela demostratzen badu epailearen aurrean, akabo galdeketa, Zestoako Udala, eta kristo guztiak. Egitera doazena, zirku bat delako. Pailazokeria bat. Baldarkeria bat.
   570 sinaduta inguru nahikoa izango lirateke, herri galdeketa legezko bat bideratu nahi duen edonorentzat. Baina horren ordez, Udalak galdeketa proposatu du, eta gero hasi dira firmak biltzen. Zestoan gauzak beti alderantziz egin behar ditugu. Bejondeigula.
   Hori bai, prosezua luzeagoa izango zen, eta ezingo zen dena azken hilabetean konkretatu, gure kasuan bezala. Baina tira, legearen barruan, 570 firma biltzen dituen edonork, legea eskuetan, herri galdeketa bat eskatu dezake, izaera juridiko horrekin. Eta ez "eskaera biltze" edo antzeko azken orduko asmakizunekin.
   Baina noski, Zestoan ikaragarrizko presa dago zezenak kentzeko. Ezin da itxoin, ez hilabete, eta ezta urtebete.
   Nahiago dugu azkar eta gaizki, ondo eta motel baino.

   Aldez aurreko bozkarena ere, lotsagarria da. 
   Nire bozka, udal langile bati eskura emateak... ez dauka adjetiborik.
   Ez da herri galdeketa, eta beraz, ezin da kutxarik jarri (jarriz gero, epaile batek Zestoako Udala prosezatu dezake). Baino kaxa bat, itxita... ez dakit. Zerbait obea...
   Bozka eskura??? Nora doa bozka hori?
   Lotsa ematen dit Zestoarra izateak.

   Askok botua jasotzen dagoen funtzionarioa ere kritikatu dute. Eta horretan ez nago ados.
   Funtzionarioari errespetu bat zor zaio, eta Fernandok ongi azaldu duen moduan, etika profesionala beste guztiaren gainetik dagoela pentsatu behar dugu.
   Beraz, etzait ongi iruditzen, funtzionario honi buruz hemen batzuk jarri dituztenak. Alde batekoa dela, edo bi aldetakoa, edo poliedrikoa,... Berdin dit.
   Etika profesionala dago, beste guztiaren gainetik. 

   Hori bai, botua funtzionario horri, edo aitasantuari, edo Fernandori, edo jaungoikoari eskura emate hori... Hori bai ezetz.
   Lotsagarria da.

   Gainera, legea eskuetan hartuz gero, eta eskaera eskatze bat dela kontuan hartuta, bozkatzeko beste mila modu daude, guri saldu dizkigutenetatik at.

  • ETA
   Gai delikatua da, eta eztabaidatik ateratzen sahiatu naiz, ahal izan dudan guztietan.
   Baina antitaurinoek beraiek ere, gaia atera dutela ikustean, eta nire blogeko arbelean jendeak honi buruz jarduteko gogoa zuela ikusita, amore eman dut.
   Honetaz hitzegin nahi baduzue, aurrera. Ez noa ezer esatera, ezta galeraztera ere.
   Baina iritzia botako dut.

   ETA-ren gaia ez dut inoiz sartu nahi izan. Ezta antitaurinoekin nahastu nahi ere.
   Zeren ETA-koek odola isuri dutenean, bestaldera begiratu dutenak, edo zuzenean gorazarre egin dietenak, antitaurinoak eta taurinoak dira. Bietakoak.
   Beraz, batzuei bakarrik leporatzea, besteei leporatu diezakedan hori, etzait ongi iruditzen.

   Hala ere, egia da, paperean jarriz gero, eta antitaurinoen "Odolik gabe askoz hobe" zenbaiten ahotik entzun ondoren, batzuek odolaren aurrean izan dituzten jarrerak nabarmen geratzen direla. Gehienbat, orain zezenak plazan isurtzen duen odolaren aurka egiten ari direlako.
   Baina nahiz eta antitaurinoen aldean koherentzia falta nabarmen ikusi, horren adibideak beste aldean ere existitzen dira.

   Eta garbi esango dizuet. Pertsonen odola isuri denean horren gorazarrean ibili diren haiek, antitaurinoak edo taurinoak izateak, berdin berdin dit.
   Antitaurinoen leloak ohiukatzean izan dezaketen koherentzia falta horrek balore guztia galtzen du, pertsonen bizitzaz ari garenean. Eta koherentzia falta hori nabarmen geratzen ez delarik ere, taurinoak ere ez dira libratzen.
   Berdin dit batzuk nabarmen geratzen badira, eta beste batzuk ez.
   Pertsonen odola isurtzeak duen larritasunak, inkoherentzia handienak ere txiki uzten ditu eta.
   Zeren kasu horretan, garrantzitsuena ez da eman dezakeen irudia.
   Garrantzitsuena, bere bizitza kendu, edota izorratu dioten pertsona hori baita.

   Horren gorazarrean ibili diren haiek, inkoherentzia publikoki erakutsi (antitaurinoek) edo ez (taurinoek), beraien moralaren zenbatekoa 0-n daukatela demostratzen dute.
   Eta hori baino beherago, ezin da erori. Inkoherentziak erakutsiz, edota ez erakutsiz.
   0-ren azpitik ezin da egon.

   Beraz, berdin dit zer esaten duten batzuk zezenaren odolaren inguruan. Berdin didan moduan, hauek erakutsi dezaketen koherentzia falta.
   Niretzat, iada, 0 balio dutelako.

   Hori bai, norbaiti min asko egin diezaiokete horrelako jarrera zinikoek.
   Eta azken hauek, guztiz ulertzen ditut.

  • Kultura, artea, eta inposaketa.
   Kultura dela, edo artea dela, eztabaidak izan ditugu hemen.
   Eta esan nuen bere garaian, nire iritziz, kultura oso gauza subjetiboa dela. Artea bezala.
   Beraz, eztabaida hutsa iruditzen zait, artea den edo ez eztabaidatzea.

   Nik ordea, ez nioke inori esango, zerk izan behar duen artea, eta zerk ez.
   Beste batzuk ordea, artea zer den eta kultura zer ez den esan nahi digute.

   Eta gogoratu nahi dut, besteei kultura zer den esaten zietenean, edo zein kultura motaz gozatu zezaketen esaten zietenean, hasten zela totalitarismoa.
   Horrela jarduten dute lider totalitario guztiek. Beraien kultura inposatuz, beraiek legez pentsatzen ez duen horri ere.

   Festa demokratikoz mozorrotu nahi duzue, herrian inoiz egin den txapuzarik handienetarikoa.
   Baina hori gutzi balitz, printzipio totalitarioetan oinarritutako kulturaren filosofiara pauso bat ematen ari garenaren sentzazioa daukat.
   Beraz, kulturaren inposaketaren inguruan ere gogoeta bat eskatuko nizueke.
 
   Non amaitzen da askatasuna, eta non hasten da inposaketa. Hor ere koxka dago eta.


  • Sufrimentuaz.
   Askotan eskatu diguzue zezenetara joan ohi garenoi, zezenaren sufrimentuaren inguruan gogoeta bat egin dezagun.
   Nik hemen jarri ditut nire iritziak horren inguruan, eta hausnartu dut gai horren bueltan. Denon irakurgai daukazue.

   Baina oraingoan, nik eskatuko dizuet gogoeta.

   Zezenaren sufrimentua dela medio, inork pentsatu al du zenbat pertsonak sufritu duten, horren aitzakian?
   Inork pentsatu al du, zezenaren sufrimentua ekiditearren, zein sufrimentu sortu dakiokeen pertsona batzuei?
   Beste animalien sufrimenduaren aitzakian, zilegi al da jendeak sufritzea?

   Gogoeta bat eskatuko nizueke.
   Zeren ni behintzat, gai honekin, sufritzera iritsi naiz.

  • Amparo dela, eta ez dela.
   Batzuentzat jainko, besteentzat deabru, ulertzen dut nire anonimotasunetik esandakoek sortzen duten eragina. Batzuek, "San Amparito" ere deitzen didate, taurinoen jainkotzat edo, akaso.
   Ulertzen dut, halaber, nire anonimotasunak sortu dezakeen morboa.
   Ulertzen dut, baita ere, kafe-tertulietako pertsonaia berri bat izatea ni, edota nire identitatea parkeko kotilleoen "trending topic" izatea.
   Baina ez alferrik jardun.

   Izen batzuk irten dira herrian. "Amparo hau izan daitekeela esan didate...", "Badauzkat izen batzuk buruan...", "Periko izan daiteke... edo Perika...", "Hau ez duk urruti ibiliko..."
   Baina alferrik ari zarete.

   Idazlearen inguruan zentratu beharrean, zentratu zaitezte idazten dudanaren inguruan.
   San Amparito (batzuk esaten didaten moduan, eta kristoren grazia egin didana...) kalean ibiliko den izpiritu bat delako. Jainkoa bezala, leku guztietan nago. Dena ikusten dut, eta dena entzuten dut.
   Zuek ez kezkatu, eta ez pentsatu nor naizen.
   Izan garbi ordea, guztiaren berri dudala.

   Nork idazten duen begiratu beharrean, zer idazten dudan begiratu.




Amaitzeko, eta azkenaldian ia beti egiten dudan legez, pasodoble batekin agurtuko naiz.
Gaurkoan, Zestoako festetako beste klasiko bat jarriko dut: "Camino de Rosas". Gaurkoan gainera, zuzeneko bideoan.

PS: Zestoako bandakoen traje urdin hori itsusia izango da. Baina goiko bideokoen trajeak... ez dauka izenik.
Granatea????
Apustuan hasi behar dutela dirudi, "Asegarce"-ko artekariak dirudite.




   Ekainaren 3an, nik BAI esango diet zezenei.



"San Amparitok" esana...

miércoles, 9 de mayo de 2012

7. Puntua

   Gaurkoan, nire filosofiaren "dekalogo" hartan idatzi nuen zazpigarren eta azken puntua argitzen saiatuko naiz.
   Honakoa esaten zuen zazpigarren puntu horrek:

  • Animalismotik at, beste mila arrazoik bultzatzen dute jende mota bat, zezenketen aurka egotera. Eta arrazoi hauek etzaizkit ez arrazionalak, ezta onargarriak iruditzen.
   Lehenik eta behin, argi eta garbi utzi nahi dut, goiko puntu horrek erreferentzia zuzena egiten dieten pertsonak, antitaurino batzuk bakarrik direla. Goian jartzen dudan moduan: "jende mota bat".
   Hau garbi utzi nahi dut, zeren gero agertuko da bakarren bat, "Muu!"-ko guztiak zaku berdinean sartzen ari naizela esanaz. Eta gaizkiulertu hori gerta ez dadin, ñabardura hau garbi azaltzea komenigarria dela iruditzen zait.

   Beraz, eta goian azaldu dudana ondo ulertuta geratu dela pentsatuz, puntuaren nondik norakoak azalduko ditut.

   Esan beharra daukat lehenik eta behin, sarrera honetan jarriko ditudan zenbait adierazpen eta hipotesi, "politikoki desegokiak" direla.
   Badirudi itsusia dela, jendeak pentsatzen duenaren eta esaten duenaren arteako zalantza egitea. Baina gaurkoan, batzuen "errugabetasun presuntzioa" zalantzan jarriko dut. Nahiz eta hau egiteak ez izan inolako ospe onik.

   Nire "dekalogo" partikularreko zenbait puntuetan adierazten nuen moduan, norberaren bizitza filosofia, eta zezenketen aurrean hartu genezaken jarrera, zuzenki lotuta doaz.
   Horrela, bere bizitza filosofiaren oinarrietako bat animalismoa duen hark, eta oinarri horrekin bat etortzen den bizimodua eramaten duen hark, zezenketen aurkako jarrera izango duela iruditzen zaigu. Eta pertsona honen filosofiaren inguruan, ez nuen eztabaida bat ere sortuko. Azken finean, bere bizitza eredua eta nirearen arteko talka baten aurrean egongo ginateke, eta elkar errespetatzea beste erremediorik ez litzaiguke geratuko.
   Gainera, bere filosofia animalistarekin bat datorren bizimodu bat garatzen badu, ez daukat inongo argudiorik bere animalismoa kritikatu, edota gutxiesteko. Jarrera animalista horretan guztiz kontsekuentea denaren adierazle izango baitzen hori.
   Baina gure herrian, horrelakoak egon badiren arren, beste animalista espezie berri bat garatu da.

   Gure herrian, oso ohikoa da animalista selektiboak aurkitzea.
   Gauza batzuetarako animalista deklaratu eta sutsuak diren arren, beste gauza batzuei begiratzen dietenean, animalismoaren existentziaz ahaztu egiten dira.
   Edo alderantziz bestela.
   Gauza ia gehienetarako animalismoa eta beronen filosofiari uko egiten diete. Baina gauza konkretu batzuen aurrean kontzientzia animalista pizten zaie.
   Dena dela, horrelakoak asko ikusi ditzakegu gure herrian.
   Norbaitek iruzkinetan jarri zuen moduan, animalista selektiboak dira.
   Animalismoaren platerean etortzen den guztia jan beharrean, honi hemendik hozka bat egiten diote, eta beste hari beste hozkada txiki bat. Baina hori bai, gustuko ez dutena, platerean uzten dute.
   Eta filosofia batekin koherentzian bizi zarenean, honen platerean etortzen den guztia jaten duzu.
   Baina esan bezala, badira animalismo selektiboa praktikatzen dutenak.

   Ez dira denak, ezta gutxiago ere.
   Baina badaude. Existitzen dira.
   Eta nahiz eta oso itsusia izan hauen existentziaren berri ematea, edo hauei buruz hitzegitea, hor daude. Eta batzuk, "Muu!"-ko argazkian, edo hauen pankartaren atzean azaltzen dira.
   Niri berdin dit hauek argazkian edota ekitaldietan egotea, baina "Muu!"-koek jankingo dute nor dabilen beraien mezu animalistak zabaltzen. Eta zein kontzientzia duten hauek.

   Orduan, zerk bultzatzen ditu "Muu!" herri ekimeneko parte izatera? Zerk bultzatzen ditu kausa animalista baten parte izatera, beraiek ez badira animalistak?

   Hor sartzen dira goian jarri dudan zazpigarren puntu horretan erreferentzia egiten diedan "beste mila arrazoi" horiek.
   Eta berdin dit mila diren, edo zortzi diren.
   Baina batzuei, "Muu!"-ko kide izatera bultzatu diena, ez da kontzientzia animalista izan.
   Horren aitzakiapean, beste errebindikazio batzuk medio, aurreiritzi batzuen manifestaldi beldurgarri bat ikusi dezakegu "Muu!"-koen lelo animalistak abesten dituzten batzuen artetik.

   Eta badakit hau esan eta gero, batzuk baino gehiago sutan jarriko direla, edota sumindu papela hartuko dutela. Ez baizaie gustatzen, jendeak horrelako gauzak esaterik.
   Baina urte asko daramatzagu herri honetan, ez ginen atzo jaio, eta herritar askoren erradiografia egitea oso erraza da.
   Batzuetan oso nabarmen geratzen baita.

   Baina batzuk, ez daude hor animalismoarengatik.
   Askotan pentsatu izan ohi dut, zezenketak "la fiesta nacional" izan beharrean, eta pasodoble eta ikonografia espainiar baten menpe egin beharrean, ikurriña, txistua eta danbolina, txapela buruan, eta aizkorarekin egingo baziren, zenbat egongo ziren "Muu!"-koen argazkian.
   Askotan pentsatu izan dut, zezenketak "la fiesta nacional" izan beharrean, "herri kirol" izango baziren, zenbat egongo ziren "Muu!"-ko argazkian.
   Askotan pentsatu dut, espainiar jatorria izan beharrean, Urbasan sortua izan balitz, zenbat egongo ziren "Muu!"-koen argazkian.
   Asko eta askori, ez baidie odolak molestatzen. Ez behintzat, beste gauza batzuk baino gehiago.

   Eta hori, onartezina izateaz aparte, kirol hedatua da gure herrian.
   Batzuentzat, zezenketen aurka egotea abertzaletasunaren aiderazgarri baita, eta ez animalismoaren adierazgarri. Batzuk ez daude argazkian animalismoa dela eta. Batzuk, abertzaletasuna, eta euskalduntasuna nabarmentzeko jartzen dira espainiar usaina duen guztiaren aurka.
   Adibidez, joan den Abuztuan "Muu!"-ko kide diren berberek aurkeztu zuten manifestu hura idatzi zuenetako bat, etzen ezaugarri horietatik hurrun ibiliko. Ez behintzat, irakurri zituzten zenbait puntu irakurri ondoren ondorioztatu dezakegunaren arabera.

   Kontua hori da.
   Oso gai delikatua den naziotasunaren eta abertzaletasunaren sentimenduak bultzatuta jartzen dira batzuk lerroaren alde batean, edo bestean.
   Azken finean, beraien abertzaletasuna garbi eta ozen erakusteaz gain, bestaldekoena gutxiestearen helburua ere hor egoten da beti. Aurreiritzi eta printzipio politikoak nagusitzen dira, printzipio moralen gainetik. Eta ez da lehengo aldia hau gertatzen dena, eta ezta lehengo gaia ere, nazio sentimenduez zipriztinduta ikusi dena.

   Horren adierazle, taurinoak ere badira.
   Politikoki zenbait gauza sutsuki defendatu, baina taurino diren jende asko egon da herrian. Eta hauek, konturatuko zineten moduan, ezkutatuta dabiltza.
   Lehen burua altu eramaten zuten, eta beren burua taurinotzat erakusten zuten.
   Orain ordea, galdeketaren gaia irten denean, guztiz ezkutatu dira batzuk.
   Presioak medio edo, ez dakit, taurino batzuk argi utzi dute sentimentu nazionalarekin eta taurinismo-antitaurinismoaren artean dagoen lotura perbertso hori.
   Batzuk, kausa antitaurinoan burua ondo goian dutela azaltzen diren moduan, beste batzuk kausa taurinoan ezkutatzean nabarmen uzten dute lotura.

   Hala ere, inor ez da inozoa hemen. Edo ez dut uste.
   "Muu!"-koak beraiek oso konsziente izango dira, beraien kausaren baitan, kontzientzia animalistak baino, beste zerbaitek bultzatuta agertu denik badela.
   Nire ustez, beraiek badakite badela horrelako jendea.
   Baina, zer egingo diete ba... Mesedetarako etor dakieke. Azken finean, animalismoak edo beste arrazoiren batek bultzatuta, denak botoak baitira.
   1+1=2,  beraiek ondo dioten moduan.
   Berdin du batek zergatik bozkatzen duen, eta besteak zergatik. 1+1=2.

   Baina niri inork ez dit ziririk sartuko.
   Aspalditik ezagutzen dugu denok elkar, eta badakit nork zein bide daraman.
   Aske dira nahi duten arrazoiek bultzatuta, kausa baten alde edo kontra jartzeko.
   Baina lelo animalistak esaten ikusten ditudanean, grazia egiten didate. Parregura etortzen zait. "Odolik ez..." "Animalien eskubideen alde..."...
 
   Hiprokesia.

   Kartel bat atera beharko lukete: "gu zezenketen aurka gaude, euskaldun abertzale eta puritanoak garelako. Eta zezenketak espainiarrak direlako. Eta hauen kontra egoteak, abertzaleen zerua irabazten lagundu dakiguke eta". "Edo honegatik, hargatik, eta eztakizergaitik,..."
   Edo horrelako zerbait.
   Behintzat, zintzo egia esaten ariko ziren, beraien benetako motibazioak ezkutatu eta animalismoaren atzean ezkutatu beharrean.
   Hori egingo balute, eta nahiz eta ni beraien kausarekin bat ez etorri, behintzat garbi utziko lukete beraien postura eta asmoa.

   Baina jende artean disolbatzea askoz ere errazagoa da.
   Eta mesedetarako gainera.

   Baina badakizue, Zestoa horrelakoa da. Horrelakoa izan da, eta horrelakoa izango da.

   Batzuk dena nahasten dute. Eta hori gutxi balitz, besteak inozotzat jo, eta konturatzen ez garela pentsatzen dute.
   Hori duk hori!

   Ai ene, batzuk "egiaren makina"-tik pasako bagenitu... Non geratuko ote zen animalismoa.

   Azken finean, nire puntuak dioen moduan, animalismoa onartzen dut zezenketen aurka joateko arrazoi nagusitzat.
   Animalismo koherentea, filosofia koherentea. Eta hau bakarrik.
   Beste edozein arrazoi medio dela, zezenketen aurka agertzen den hori, niretzat ez da zilegia kausaren defentsan jarduteko. Eta gutxiago lelo animalistak esateko. Ez baita animalista, eta hau mozorrotzeko erabiltzen baitu soilik.

   Nirekin alperrik zabiltzate.

   Badakit nor den nor.
   Denok baidakigu, azken finean, nor den nor terri txiki honetan.

   Txikitasunaren miseriak dira.


   Eta kontuz! Ni baino abertzaleagorik, euskal identitate handiagoa duenik, eta euskaldonagoa denik... Ez duk askorik egongo.
   Eta taurinoa naiz.







PS: Gainontzeko puntuak irakurri nahi dituenak, hemen aurkituko ditu esteka zuzenak.
Dekalogoko puntuak:
1. Puntua
2. Puntua
3. Puntua
4. Puntua
5. Puntua
6. Puntua





   Eta gaurko pasodoblea, Zestoako bandaren zezenketetako arrakasta klasiko bat.
Enjoy it!!!




domingo, 6 de mayo de 2012

Maiatzak 15, Asteartea, arratsaldeko 20:00tan.

   Gaur ez naiz gehiegi luzatuko, ez baitago horretarako beharrik.
   Gaur deialdi bat luzatu nahi dut, besterik ez:

   Zezenzale, festazale, eta gainontzeko guztioi; hala nola, Iraila gerturatzen doan neurrian barrera usainak sentipen berezi bat sortzen digun guztioi, zezenzale izan, edo ez, dei egiten dizuet.
   Zestoako festen izaera berezi eta xarmangarriak bizirautea nahi duten guztiei, dei egiten dizuet.
   Zahar, gazte, handi edo txiki, guztioi dei egiten dizuet.
   Noizbait hemen jarri ditudan ideia eta idatziekin bat etorri den edonori, dei egiten dizuet.
 
   Dei egiten dizuet, Maiatzak 15, Asteartea, arratsaldeko 20:00tan Txanberrenean egingo den bilerara gerturatzeko.
   Hil ala biziko bilera da.
   Ekainaren 3an izango den ekitaldi horren aurrean zezenketek bizirautea nahi dugun guztiok hartu beharreko jarrera eztabaidatuko dugu.
   Zezenketen etorkizuna, eta festen etorkizuna, gure esku izango dugu bilera horretan.

   Bertaratzeko dei egiten dizuet guztioi.
   Partidua hasi da, eta batek ala besteak, irabazten amaituko du.
   Jokuan sartzeko garaia da.

   Irabaztera goaz.

   Ez dizuet behin ere ezer eskatu. Baina bihotzez eskertuko nizueke, asteartean Txanberrenera azalduko bazinete.

   Ni han izango naiz.
   Ez iezadazue bakarrik utzi.