domingo, 8 de enero de 2012

Puntuen artean irla bat. Arteaz eta kulturaz.

   Danbolin zaharrei begirada bat botatzen ari nintzela, zezenketen aurkako idatzi bat ikusi nuen enbidoan. Etzen Danbolinen azaltzen den gisa horretako lehena, eta ez da azkena izango seguruaski.
   Hori idazten zuenak, kulturaz eta arteaz jarduten zuen. Zezenketak kultura edo artea diren zalantzan jartzen zuen, eta bere ikuspuntua adierazten zuen gai horren inguruan. Hala ere, arraroa egin zitzaidan, antitaurino bat zezenketak kultura eta artetzat jotzen ikustea, baina tira.
   Hori bai, gero artea eta kultura kritikatzen zituen.

   Niretzat zezenketak kultura eta arteaz aparte daude, Zestoan behintzat.
   Zestoako zekorketak ez dira ez artea eta ezta kultura. Zekorketak festa bat dira. Festa bat. Handiz jarriko dut: FESTA.
   Niretzat ez da ekitaldi kulturala, edota arte erakusketa. Niretzat festa bat da. Ez noa ekitaldi kulturalera doanaren jarrerarekin, eta ezta arteaz gozatzera doanaren prestaketarekin. Ni festarako gogoz joaten naiz, edo beste era batera esanda, festarako "microchip"-a aktibatuta. Ondo pasatzera.
   Alde horretatik, zezenketak espainia mailan batzuek bizitzen dituzten modua, eta nik bizi ohi dudana, guztiz ezberdinak dira. Niretzat festa bat dira Zestoakoak, bere inguruak eta ezaugarriek horretarako gogoa pizten didate eta.
   Ulergarria zait ordea, Espainia mailan zezenketak kulturatzat jotzen dituzten haien diskurtsoa. Kultura eta arteaz daukagun ikuspuntuarekin lotu daiteke hori.

   Hara, batzuentzat, kultura beraiek ulertzen duten hori bakarrik da. Gauza batzuk sartzen dituzte kulturaren zakuan, eta hori ulertzen dute kultura bezala. Horretaz aparte, besteei kultura zer den eta zer ez den azaltzen hasten dira, beraien ikuspuntuaren arabera. Mundu guztiak beraien kulturaren ikuspuntua  izan behar duela dirudi.
   Eta berdin gertatzen da artearen kontzeptuarekin. Beraien ikuspuntutik artea den hura bakarrik komulgatu dezakegu besteok. Gure ikuspuntuak ez du balio. Beraiena da zuzena den bakarra.

   Ez da oso azkarra izan behar ordea, artea eta kultura oso zaku zabalak direla ulertzeko. Eta ez da ez, oso azkarra izan behar, bakoitzaren ikuspuntuak sortu dezakeela gorabeherarik kontzeptu hauek ezartzerako orduan konturatzeko.
   Baina batzuei honek ez die balio.
   Ez dute ulertzen beraientzat kultura ez den hura, beste batentzat hala izan daitekeela. Eta berdin artearekin.
   Niretzat, adibidez, bi metro zabaleran eta bat altueran duen kuadro zuri batek, puntu batekin erdian, eta "Norberaren Bakardadea" izenarekin Russel Van Heineken edo horrelako izenen bat duen norbaitek margotu duen horrek, ez dit ezer esaten. Bost urteko haur baten margolan batek gehiago trasmititzen dit, arte kontzeptual horrek baino. Baina batzuentzat, hori artearen espresio gorena da, nahiz eta nik ez ulertu horrela.
   Ni ez naiz joango ordea hari artea zer den eta zer ez den esplikatzera. Berarentzat artea bada, ederki, errespetatzen dut. Beste batzuentzat ordea, beste zerbait izan daiteke artea. Ezin diogu inori artea eta kulturaren kontzeptuen inposaketarik egin.
   Alde horretatik, asko ikasi behar dute batzuek.

   Gainontzeko enbidoaren zati ia gehiena bere ikuspuntua esplikatzen pasatzen du idazleak. Esan beharra daukat ez natorrela bat berarekin zenbait puntutan. Baina aurrerago mahai gainera irtengo diren gaiak direla uste dut, eta orduan jardungo dut horri buruz. Aterako diot punta ordea, ez kezkatu.

   Azkenik, bere artikuluari amaiera ematen dion esaldiak deitu dit atentzioa. Honela dio:

"Azkenik, askotan esan didatenez “gero haragia jaten duzu”, argitu nahi nuke haragia jateko egin beharreko gauza desatsegin bat dela animalia hiltzea, eta ez dibertsiorako egindako ekintza bat. Oraingoz, behintzat, oilaskoak ez dituzte plazaren erdian eta jendearen txalo artean hiltzen."

   Arrazoia du, oilaskoak ez dituztela txalo artean hiltzen dioenean. Baina nik behintzat, nik jan ahal izateko bere bizia (nahi ala ez nahi) eman duen oilasko horri txalo zaparrada ederra joko nioke, esker on gisa.
   Esan beharrik ez dago alperrik izango zela hori, baina tira. Oilasko gizarajo harri bost axola diote nire txaloek, eta nire esker onak. Baina, hala ere, txalotu egingo nuke oilasko hori, bere sakrifizioa eskertzeko, besteok jan dezagun.
   Hori bai, baserriko oilaskoak plaza erdian hilko balituzte baserrian hil ohi dituzten moduan, agian norbaiti liseriketa prosezua eten egingo zitzaion, oilaskoa jango zuen hurrengo aldian. Agian orduan "kukurruku" herri plataforma sortuko litzateke, oilaskoen alde.
   Baina noski, oilaskoak ezkutuan hiltzen dira, eta ez denen aurrean.
   Norbaitek esango zidan ordea : "Noski Amparo, zezenketen arazo nagusia ikuskizun direla da. Jendearen aurrean egiten direla, publikoki erakusten dela".
   Baina hori horrela bada, zein da arazoa? Zezenak sufritzen duena? Ala publikoa izatea?
   Ezkutuan onargarria al da, oilaskoena bezala?

   Badakizue, kultura beraiek esaten duten hori da. Gurea ez da kultura, haien esanetan.
   Agian gurea erlijioa izango da, batek daki. Edo sekta bat. Edo tumore bat dugu denok burmoinean, eta   ezin dugu haiek bezain garbi pentsatu.
   Ez dakit baina, askotan inozoa aurpegira deitzen digute, eta ez gara mugitu ere egiten.
   Ez esan haiei ezer ordea, ez zaitez horretara ausartu, handiren bat entzungo duzu eta.
   Badakizue zein den pentsamolde zuzena, egin men hauei, nahi baduzue. Baina ez kontatu nirekin horretarako. Luzerako gerra ematen jarraitzeko asmoa daukat eta.

2 comentarios:

  1. Zeuk esan duzu, enbido horren bidez bere IRITZIA ematen du. Eta ados egon zaitezke, edo ez. Ez dizu esaten derrigorrean berarekin ados egon behar duzunik. Ala argumentuekin (propioekin) jendea konbentzitzen saiatzea bestearen iritzi eskubidea zapaltzea da? Nik ez dut hala ikusten

    ResponderEliminar
  2. Idatzi horren nondik norakoak aitzakiatzat hartuta, antitaurino askok kultura eta arteari buruz duten ikuspuntua kritikatzen dut.
    Eta hau kritikatzen dudanean, ez naiz ari espreski artikulu horretako ikuspuntuari buruz, edo honek dioenari buruz.
    Gehiago esango dizut. Nire sarreraren hasieran zehazten dudan moduan, artikulu horren idazleak, zezenketak artetzat edo kulturaren arlo bat bezala ulertutzat ematen ditu, bere artikuluaren hasieran.
    Eta nik ez dut hori kritikatzen. Eta ez dut idazlearen ikuspuntu eta iritzi puntuala kritikatzen.
    Lehenago esan dizudan moduan, antitaurino batzuek (eta ez artikulo horren idazleak) kultura zer den eta zer ez den esaten jardutea kritikatzen dut nire sarreran. Edo hori da behintzat helburua.
    Danbolineko enbido hori, gaia jorratzen zuenez, honi buruz jarduteko aitzakiatzat hartu dut. Baina ez da nire asmoa artikulu konkretu horren, edo bere idazlearen kontra gerra pertsonal bat egitea.

    Gainera, artikulu horren idazleak kultura eta arteaz duen ikuspuntua, ez da niri azkurea egiten didana.
    Beste batzuek zabaltzen dute niri kritikagarria iruditzen zaidan mezua. Ez artikulu horrek.
    Artikulu horri aitzakia bat da gaia jorratzeko, berak ere gai hori jorratzen duela eta.
    Ez da kritika zuzena, puntuala bai ordea, beste zenbait gauzetan.

    Argi geratu al da? Edo luzeago jardun behar dut? ja ja ja
    Espero dut argi geratu izatea, ez daukat idazteko aldarte handirik eta. (Beahatzak gastatzen ari zaizkit iada, hasi nintzenean baino bi zentimetro motzagoak dira gaur egun)

    Benga, ondo bizi!

    ResponderEliminar