martes, 31 de enero de 2012

Hautsak harrotu ondoren, erratza pasa behar. Aitortza.

   Ikusirik nire azken idatziaren maila polemikoa, gaia lasaitzeko astebete inguru hartu dut. Eta badirudi, urak bere bidetik bueltan direla.
   Astebete honetan, gaia hozten usteaz gain, herriko giroa bizi nahi nuen. Zer gertatzen den ikusi, edo zer esaten den entzun. Herrian, zer eta nolako ohiartzuna izan duten hitzek aztertu dut, eta denetarik aurkitu dudala aitortu beharra daukat. Ados daudenak, eskandalizatuak, gaiaren berri zuten batzuk, etzutenak ere bai… Denetarik dago. Baina atentzioa batek deitu dit. Ezker Abertzaleko zenbait kargu, beraien iritziak publikoki azaltzen ikusi ditut kalean. Nolabait esateko, beraien iritziak denek entzutea nahi dutela dirudi. Eta tira, esandakoek grazia egin didatela aitortu behar dut. Baina kezka ere sortu dit.
   Amparoren burua eskatzen dabiltza zenbait pertsona, eta egia esateko, ez dakit noraino helduko diren beraien nahian. Ez dakit ezta ere, zer pasatuko zen nire identitatea jakingo balute. Baina tira, hori da azken lekuan kezkatzen didana. Kontua da, ohiko nezkazarkerietan erorita, nire identitateari begiratzen dabiltzala, nik salatu dudan horri begiratu beharrean.

   Idatzi honen izenburuak dioen moduan, hautsak harrotu eta gero, erratza pasatzea tokatzen da. Eta nire kasuan, eta orain, erratza pasatzea tokatzen zait.
   Azkeneko idatziak hauts asko harrotu zuela aitortu beharra daukat. Eta nahiz eta nire intentzioa hautsak harrotzea izan, ez nuen nahi, inondik ere, kolektibo bat kaltetzea. Eta jendearen jarrera eta erantzunak ikusita, kolektibo batek bi pertsona indibidualekin izan zezakeen loturak deduzitzerako orduan, huts egin nuela dirudi.

   Halaber, “Muu!” herri ekimenak, transparentzia ekintza txalogarri batean, bere kontuak argitu zituen. Beraien militanteek bidali zizkidaten kexak ikusita, “Muu!” zinez erakunde garbia zela argi geratu zitzaidan. Baina idatzi horrek, nire dedukzioen okerra baieztatzen dute, eta “Muu!” kolektibo moduan garbi dagoela are garbiago uzten didate.
   Horregatik, “Muu!” herri ekimenari nire barkamenik serioena eta zintzoena eskatu nahi dizkiot, beraien fede ona zalantzan jartzeagatik.
   Kolektibo moduan, erakunde garbi eta zilegitzat jotzen dut, inork kontrakoa ziurtatzen ez didan bitartean.

   Hala ere, “Muu!” erakundea garbitzat jo arren, bere parte diren zenbait pertsonen jarrerak kritikagarriak iruditzen zaizkit. Eta hala irudituko zaizkit.
   Kolektiboak zilegitasun guztia mantentzen du. Baina kolektiboaren bizkarretara egin diren zenbait ekintzek, bertako kide diren zenbait pertsonen irudia eta sinesgarritasuna hankazgora uzten jarraitzen dute. Kolektiboak sinesgarritasuna du, kolektibo gisara, beraiek ez dutelako agindu ekintza horiek egitea. Baina bi pertsona hauek (nik berri dudanak behintzat), ez dute inongo sinesgarritasunik niretzat.
   Kolektiboa osorik eta sinesgarri mantentzen den moduan, bertako zenbaiten sinesgarritasuna eta fede ona oraindik zalantzan jartzen ditut, zenbait ekintza frogatuak izan direlako. Eta niretzat, hauek, ez dute kolektiboa ordezkatzen, eta ez dute ordezkatuko. Beraien ahotik entzuten dudan guztia, belarri batetik sartu eta bestetik irtengo zait. Eta beraien diskurtsoa guztiz koherentea izanda ere, ez dut kontuan hartuko. Bi pertsona hauek (nik dakizkidanak behintzat, agian gehiago daude), niretzat ez dute deus balio. Eta ez ditut inongo diskurtso baten ordezkaritzat joko.
   Esan beharrik ez, hau nire jarrera pertsonal bat besterik ez dela. Bi hauek, nahieran jarduteko gaitasun eta eskubide osoa mantentzen dute. Baina niretzat, beraien hitzak ez du balioko. Agian beste batzuentzat bai.

   Gai honekin jarraituz, izenburuan aurreratu dudan moduan, aitortza egitea tokatzen zait. Eta ez behintzat, hala nahi dudalako egin.
   Baina zenbait aurreiritzi izatea leporatu didate batzuek. Eta nahiz eta hauen hitzei ez diedan eman garrantzia handiegirik, “Muu!”-k egin duen moduan, nik ere transparentzia ekintza bat egin behar dudala iruditzen zait. Eta bide batez, zenbait gauza eta aurreiritzi gezurtatzeko tartea hartuko dut.

   Zenbait jendek, bai hemengo iruzkinetan, eta baita kalean entzu ahal izan ditudan komentarioetan ere, nire jarrera  helburu eta kolore politiko jakin batekin lotu dute. Nire kexak eta salaketak, motibazio ideologiko bat zutela azaltzen zuten batzuk.
   Baina nire kexak eta salaketak, hori baino sakontasun handiagoko arazo eta konplexutasun ideologiko baten fruitu dira. Eta hori azaltzeko nahian, nire joera eta ideia politikoak azaltzea veste irtenbiderik ez daukat.
   Ez nuen hau egitea pentsatzen. Baina entzundakoak entzunda, gauzak oso garbi utzi nahi ditut.
   Badakit, halaber, esatera noan honek, beste koloreko zenbait jenderen artean , eta niri babesa erakutsi didaten haien artean, agian ez dela parte onekoa izango. Baina entzundakoak entzun ondoren, azaldu beharra daukadala iruditzen zait.

   Lehenik eta behin, ezkertiar eta abertzaletzat dudala neure burua aitortu behar dizuet. Ezker Abertzaleari bozka egindakoa naiz, nazio mailako hauteskundeetan. Bai Batzar Nagusiak, bai Legebiltzarra, eta baita espainiako gorteetakoak ere. Halaber, zenbait manifestaldi eta mobilizazioetako parte izan naiz, eta zenbait aldarrikapen jardunaldietan ere parte hartutakoa naiz.
   Baina, herri mailan, ez dut sekula Ezker Abertzalea bozkatu. Ezta EAJ ere. Herri mailan, abstentzioa, edota botu nuluaren aldeko aukera egin izan dut. Ideologikoki ez nator bat EAJ-rekin, eta horregatik ez ditut bozkatzen. Baina herri mailan, nahiz eta Ezker Abertzalearekin ideologikoki bat egin, ez ditut behin ere bozkatu. Eta gauzak aldatzen ez badira, ez ditut luzean bozkatuko.
   Hainbat arrazoik bultzatuta, herri mailako Ezker Abertzaleari uko egiten diot. Arrazoiak nahi badituzue, eta eskatuz gero, azalduko ditut. Baina kontua hori da.
   Herri mailan, nahiz eta ideologikoki adostasun bat izan puntu askotan, ez naiz Ezker Abertzaleko bozkatzailea. Herri mailan, ukatu egiten ditut. Nazio mailan, ez.
   Buruari zertxobait emanez gero, erraz jakingo duzue horren zergatia.

   Hau jakinik, Ezker Abertzalearen jarrera puntual hau salatzeko nire arrazoiak aurreiritzi ideologikoetatik haratago doazela garbi utzi nahi dut.

   Hala ere, garbi utzi nahi dut, beste edozein ideologia politikorenganako errespetu eta begirune guztia dudala. Politikerien gainetik, pertsonak gara, herrikideak, berdinak. Eta hori ahaztu egiten dute batzuk. Politikerien gainetik pertsonak jartzen ditut, eta nik ez dut inorenganako tratu selektiborik egiten, eta egingo, beren kolore politikoaren arabera. Horregatik, herri mailan, politikan ez sartzearen aldekoa naiz. Denak dira ongietorriak, kolore bat izan, hala beste bat izan.

   Erratza pasa ondoren, eta aitortza egin ostean, bi mezutan laburtuko nuke nire iritzia.
   “Muu!” erakundea, kolektibo gisara, eta erakunde independiente bat bezala jo ondoren, zilegitzat eta sinesgarritzat jotzen dut. Eta barkamena eskatzen diet, beraien fede ona zalantzan jartzeagatik.
   Zenbait jenderen jarrera ordea, salagarria iruditzen zait. Eta hauek “Muu!” ekimenaren bizkarretara jardun dutela ulertu arren. Eta nahiz eta “Muu!”-k sinesgarritasun osoa mantendu erakunde gisara, zenbait pertsonak, eta bertako zenbait militantek, ez daukate sinesgarritasunik niretzat. Ez behintzat, maila indibidualean.

   Batzuen inplikazio ezak, ez ditu ekintzak ezkutatzen. Eta “Muu!” garbi egoteak (pozgarria alde batetik), ez ditu egin diren ekintza salagarriak ezkutatzen, ezta ezabatzen ere.
   Bereizketa eginda dago. Baina zenbait ekintza ez ditut ahazten. Eta “Muu!” oso garbi dagoela argi geratu arren, beste zenbaitek oraindik eskuak zikinduta dituzte. Tartean ni agian. Baina ni, hemen eskuak garbitzen sahiatzen naiz.
   Besteek ordea, emango al dute argibiderik? Garbituko al dute zikinkeria?



   Bob Dylanek esan zuen moduan: “the answer, my friend, is blowin´ in the wind
   


8 comentarios:

  1. Oso ondo. Zer moduz orain zekorketei buruz eztabaidatutzen badugu?

    ResponderEliminar
  2. Barkatuko didazu, aizu. Ez dut bordea eman nahi baina, "Muu!"-k barkamen publiko eta argi bat merezi zuela uste dut.
    Eta gai horri buruz jardun dugunez azken asteetan, argitu egin nahi nituen zenbait gauza.
    Ez pentsa ordea, zezenketen inguruko eztabaida alde batera utzi dudanik.
    Hemendik gutxira, nire dekalogoko bostgarren puntua argituko dut.

    Ondo izan.

    ResponderEliminar
  3. Eskerrik asko. Oso detaile polita izan da barkamena eskatzearena, gauzak diren bezala. Horregatik eskatzen dizut gaira itzultzeko, ea argumentazio koherente eta razionalik dauzkazun zekorketak defenditzeko, ohitura, anbientea eta atsegin izateaz aparte. Irakurtzeko desiatzen nago.

    ResponderEliminar
  4. argumentu koherente eta razional asko azaldu ditu Amparitok, zuek nahi adina baino askoz gehiago. Ziurrenik horregatik hitz egingo duzu tonu zatar horretan.

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. argumentuak zekorketen kontrakoen inkoherentziak plazaratzeko eman ditu, orain arte zekorketen alde eman duen argumentu bakarra giroa eta parafernalia gustuko dituela esatea izan da (eta nire uste apalean hori ez da argumentu bat, gustu kontua plazaratzea baizik)

      Eliminar
  5. Nik arestian aipatutakoaz gain?
    Ez naiz tonu zatarrean ari, zuzenean baizik, eta amparitok aipatu dituen arrazoiak oso eskasak eta ahulak iruditu zaizkit, horregatik daukate hainbeste zelofan inguruan.
    Bistakoa da zelofana eta lazotxoak ekarri dutela azken asteetako eztabaida nagusia eta ez zekorketak, erreferendumak edo antzerako ezerk. Beraz harira joateko eskatzen diot amparitori, hori besterik ez.

    ResponderEliminar
  6. Kontu bat labur laburrean:"Kolektiboak sinesgarritasuna du, kolektibo gisara, beraiek ez dutelako agindu ekintza horiek egitea", esan duzu. Uste dut laguntza bonoak saltzearen inguruan hitz egiten duzula ez? Ba argitu behar dizut laguntza bonoak saltzea Muu-ren "agindu" bat izan dela, alegia, Muu-k erabaki duela bere jarduera aurrera eramateko behar dituen xoxak lortze bidean bonoak saltzea. "Kritikei erantzunez, gardentasunez" sarreran argi jartzen du hori, 6. puntuan zehazki.

    ResponderEliminar
  7. Badakit laguntza bonoak saltzea "Muu!"-ren agindua izan zela. Baina "Muu!"-k eman zuen agindua, eta beste batzuk egin zituzten ekintzen artean, alde handia dagoela uste dut.
    "Muu!"-koek esan duten moduan, "ingurukoei saltzeko laguntza bonoak" ziren.
    Eta ez dut uste, inork honako agindurik eman duenik:

    –"Aizu, saldu itzazue laguntza bonoak. Eta zuek, partidu politiko bateko kargu zaretela aprobetxatuz, erabili ezazue militante sarea, zuen ingurukoekin batera, laguntza bonoak saltzeko. Eta partiduaren izenean dela esan behar baduzue, esan ezazue."

    "Ingurukoei" saldu, edo goian jarri dudan mezuaren arabera saldu, alde handia dago. Eta eman diren ekintzak zuzenki agintzeko, goian jarri dudan aginduaren gisako zerbait esan beharko zuen "Muu!"-k.
    Eta uste dut, "ingurukoei" saltzearen mezua gaizki ulertu zutela pare bat pertsonak.
    Beraz, "Muu!" ez da bi haien ekintzen erantzule, eta ezta zuzenki agindu duena ere.

    "Ingurukoak" oso zaku zabala dela iruditzen zait. Eta bat baino gehiagok hanka sartu zuten hori interpretatzerako orduan.

    Mundu guztia zure "inguruko" kontsderatzearen arazoa da hori.

    ResponderEliminar