domingo, 15 de enero de 2012

"Por alusiones", esan ohi den moduan.

   Egun batzuk eztabaidatik kanpo eman ditut, nere arrazoiak medio. Eta itzuli naizenean, egoera nahiko aldatatuta aurkitu dudala aitortu beharrean nago.
   "Muu" herri ekimenaren blogeko iruzkinetan, nere azken sarrerari buruz, nahiko agresiboak iruditu zaizkidan zenbait erantzun aurkitu ditut. Hala ere, ez dezala inork pentsa, iruzkinetan erabilitako tonu horrek inongo molestiarik eragiten didanik. Baina tira, batzuen tonu aldaketak, eta hau burutzeko moduak, zer pentsa ematen dit.
   Eta horregatik, hemen erantzungo diet, denen aurrean, eta denek irakurri dezaten.

   Lehenik eta behin, "Anonimo" izenaren erabilerari buruz zenbait gomendio egingo dizkizuet.
   Konprenitu beharrean zudete, blog hauen artean sortu den eztabaida honetan, zein den egoera. Adibidez, zezenketen alde egiten duena, neu naiz. Hau da, Amparo. "Izen" bat daukat, edo tira, goitizen bat, zuzenagoak izateko. Baina dena dela, identifikagarria naiz.
   Bestalde, batzuek, "Anonimo" goitizen generikoa erabiliz izenpetzen dituzte beraien iruzkinak. Ez nago anonimatoaren aurka (neu ere anonimo bat naiz, goitizen batekin), baina bi edo hiru lagunek "Anonimo" goitizenez sinatzen badute, ez dakit nor den nor. Horrek, nahasmena sortzen dit, ez baidakit lehen "Anonimo" goitizenez hitz egin duen hura, geroago "Anonimo" goitizenez jardun duen haren berdina den, ala ez.
   Neu izan nintzen, kostata hori bai (ez nuen uste hain konplikatua izango zenik), blog honi "Anonimo"-en iruzkinak jartzeko baimena eman ziona. Eta alde horretatik , ezin naiz kexatu.
   Baina inongo informaziorik eman gabe, eta anonimatoa guztiz mantenduz, goitizen baten bidez sinatzeko aukera ere badago. Eta horregatik, hori egitea gomendatzen dizuet. Bestela, oso zaila zait "Anonimo"-en artean jendea ezberdintzea.
   Batzuek iada egin dute: "Roca...", "Odolik gabe,...", "Lute", "Fernando Arzallus", "Zezenak maite ditut,...", eta ahaztuko nuen besteren bat ere bai.
   Haietatik, anonimatoa mantendu nahi duten horiek, guztiz anonimoak dira. Baina identitate bat garbi utzi dute, goitizen bat erabiliaz.
   Beraz, goitizenarekin sinatzeko gomendioa egiten dizuet. Modu honetan, errazago zait erantzutea eta.

   Hau argituta, hasieran azaldu dudan hariari helduko diot.
   Esan dudan moduan, blogetik kanpo izan naizen egun gutxi hauetan, nahiko tonu agresiboko iruzkinak utzi dizkidate "Muu"-ren blogean. Eta gaur, horiei erantzuna ematen sahiatuko naiz.

   Lehenik eta behin, "Anonimo" batek utzitakoari buruz jardungo dut.
   Hemen daude irakurgai iruzkin horiek.
   Lehenego honek, aurkitu didan errorerik potoloena, nire denboraren kriterioa izan da. Eta hori izan dadila, luzerako, daukadan errorerik potoloena. Beste guztia ondo dagoela esan nahiko du, agian.
   Baina aurkitu didan errore potolo eta barkaezin hori ere, guztiz aldrebestutako iritzi batean interesatuki oinarritzen bada, zer esango dizuet ba, niretzako hobeto.
   "Anonimo" honek dioenaren arabera,  nire lehengo sarreran esan nuen esaldi bat, eta nire azkenaurreko sarreran esan nuena, ez dira bateragarriak.
   Nire lehen sarreran esan nuenez, zezenketen gai honen inguruko kanpaina luzea izango da, eta hobe dut pazientziarekin hartzea. Eta gaur egun, ez ditut hitz haiek atzera botatzen.
   Beste guztiak baino azkarragoa den "Anonimo" honek, denboraren erlatibotasuna ez du kontuan hartzen, edo ihes egiten dio. Eta ez naiz Einstein en teoriaz ari. Ez dakit "anonimo" honentzat hala den, baina niretzat, edozein motatako kanpainak (politikoak, kontzientziaziozkoak, ...), oso nekagarriak egiten zaizkit. Kanpaina politikoak hamabost egun irauten ditu, eta nahikoak dira guztiok nazka nazka eginda amaitzeko. Zentzu horretan, kanpaina batek sei hilabete irautea, oso luze eta nekagarria zait. Eta horregatik, pazientziarekin hartzea hobe dela pentsatzen dut, eta gomendatzen dut gainera.
   Geroago, nire azkenaurreko sarreran, gauzak ondo egiteko, gero eta denbora gutxiago dagoela adierazten dut. Eta dirudienez, hau esateak, eta lehen sarrera horretan adierazi nuen hark, bateraezintasun bat suposatzen dute, "anonimo" honen iritziz.
   Baina agian "anonimo" ez da konturatu, guztiz ezberdinak diren bi gauzari buruz ari naizela. Eta horra hor, nik lehenago aipatu dudan denboraren erlatibotasuna. Gauza bat ongi egiteko denbora zehatz bat beharko da agian. Baina gauza batetaz nazkatzera iristeko, agian denbora horren erdiaren erdia nahikoa da. Telebistako anuntzio batetaz nazkatzeko nahikoa ditugu hiru minutu. Baina publizitatzen den produktu hori egiteko beharrezkoak izan dira ordu eta ordu asko. Eta ikusten den moduan, gauza batek ez du bestea alteratzen.
   Beraz, guztiz bateragarria da zezenketen inguruko galdeketaren kanpainaz nazkatuta bukatzeko denbora nahikoa dagoela esatea, baina gauzak ongi eta zuzen egiteko nahiko denbora eskas dagoela pentsatzea. Denbora, Einstein-ek esan zuen moduan, erlatiboa da eta.

   Iruzkin berdinean, politikeroen inguruan jarduten du "anonimo" honek. Eta "sortzez garbia", kristautasuna, espiritu santua, eta grezia klasikoa nahasten ditu, gure herriko zenbait gauza ezkutatzeko. Halaber, "guaya" eta ez "guaya" nahasten ditu. Eta agian, eta honek kezkatzen nau, gaia "guaya"nor den eta nor ez denaren inguruan doala pentsatzen du.
   Berak ere badaki ordea, grezia klasikoan politikari eman izan zitzaion esanahia, eta gaur egun hartu duena, ez direla berdinak, ez praktikan behintzat. Horren kausa nagusitzat, giza eboluzioaren 2500 urte daudela uste dut. Artean, "sortzez garbia" etzen proiektu bat ere.
   Baina tira, gure herriko errealitate lotsagarrienak alde batera utzi nahi baditu, niri berdin dit. Baina ez dezala jardun iraganeko jarrerei buruz hizketan, arrazoi gehiago ematen dit eta niri. Gainera, honi buruzko ikuspuntua nahiko ondo azalduta dagoela uste dut. Baina agian hobeto azaldu beharko dudala pentsarazten didate horrelako iruzkinek. Batzuen ulertzeko arazo gehiago dituzte eta.
   Politika gauza nazkagarria dela deritzot, eta eztabaida honetatik kanpo geratu beharko lukeen faktore bat. Eta "sortzez garbiak" ez diren horiek, edo "guayak" ez diren horiek ere, gai hau eztabaidan sartzeko arriskua ikusten dut, kausaren ordezkaritzat jarriz gero. Eta aktibitate eta ordezkaritza politikoa, beste gai baten ordezkaritzarekin bateraezinak direla uste dut, gaiak ideologia politiko guztietako jendea biltzen dituenean.
   Gainera, ondo jakingo du berak ere, gure herrian zer nolako mina eta kaltea egin duten gorabehera politikoek. Eta ez badakizu, galdetu jendeari.
   Kristautasuna aipatu duzu, eta politikarekin lotuta ikusten dut. Gure herriko politikeroak (denak, koloreen independentziaz), jainko izatearen konpleju batekin, boterea nahi duten gaixo batzuk direla uste dut. Jaungoikoaren pare (existitzen bada, baina tira, hori beste eztabaida bat da), besteak gobernatzeko antsietateak barruak jaten dizkieten pertsona guztiz alienatuak direla uste dut. Beraien bizitza politikaren arabera antolatzen dute, bai lagunak, bai etsaiak, bai jarduteko modua,... dena. Boterea da beraien droga, eta joku garbia, zein zikina erabiliko dituzte nahi duten hori lortzeko.
   Nork joan behar du espezialistarengana? Haiek, ala nik? Edo zuk?
   Politika kaka duk. Eta eztabaida honetan sartzen badituk, dena kakazten amaituko ditek.
   Eta hori egiten utzi ala ez, gure esku zagok.

   "Tiempo al tiempo" diozu, galdeketaren nondik norakoak zehaztearen inguruan. Baina badakizu, gehiegi luzatzen badugu, "el tiempo se acaba".
   Eta nahiko denbora gutxi dago gauzak ondo zehazteko, gainera denbora pikutara bidaltzen hasteko, eta hau gutxiesteko.

   Bigarren "anonimoari" dagokionez (ez dakit lehengoaren berdina den, edo ez), arrazoia eman behar diot.
   Gaizki informatuta nengoen, eta irakurri ntuen egunkari zein komunikabideetan, etzen mozioa puntuz puntu adierazten. Inork etzuen bigarren puntu horren aipamenik egiten, eta nik, oker nire partetik, horrelako konpromezurik etzela existituko pentsatu nuen.
   Gero, nire blogean, idatzi nituenak idatzi nituen. Gaizki egina.
   Neu ez nitzen izan plenoan, eta ez nekien puntuz puntuko ezaugarririk. Neure errua.
   Baina grezia klasikoari erreferentzia bat eginaz, lehenago bezala, Platon aipatuko nuke. Honek esana da, gizakiak gaizki jokatzen duenean, ezjakintasunaren eraginez dela. Eta hau da nire kasua. Ez ikusi mamurik, ez dagoen lekuan.
   Nire "fe de errata" deitzen zioten hori, edo hutsen zerrenda, egiteko eskubidea daukat. Eta blog honetan, eta bestearen iruzkinetan idatzi dudan hitz andana ikusi eta gero, normala iruditzen zait hankasartze potoloren bat egitea. Ibiltzen den hari gertatzen zaio. Beraz, nire hitz horiek zuzendu nahiko nituzke, eta nire hankasartzea onartu.
   Halaber, hankasartze honek mindu duen hari nire barkamen zintzoena eskatu nahi diot.

   Azkenik, nire blogaren aktibitate handiari buruz jardun du norbaitek. Eta erantzun erraza dauka horrek.
   Nire ulermenetik at dauden faktore batzuen eraginez, hau da, ez dakit zergatik, nire blogak, azken hiru asteetan 1000 bisitaldi izan ditu. Ez dakit norbatek publizitatea egin didan kalean, edota kartelak jarri dituen. Baina azken hiru asteetan, mila bisita izateak, zerbait pentsarazten dit, eta idazteko gogoa pizten dit.
   Horregatik, azkenaldian asko ari naiz idazten. Eta denok dakigunez, asko idaztean, hutsak egiteko aukera handiagoa dago.
   Gainera, jendeak irakurtzen didala jakinda, gustorago idazten du batek.
   Badakizu, gustuko bidean, aldaparik ez. Eta lasai, oraingoz auspoa nahiko lasai daramat eta.
   Helduko dira ordea, arnasestuen garaiak.
 

2 comentarios:

  1. Konfirmatuko dizut nik: zezenketazale bat sare sozialetan publizitatea egiten ari zaizu, zezenketazaleei dei eginaz

    (barkatuko didazu, hor dauden aukeretatik ez dakit zein aukeratu behar dudan izena jartzeko, eta orain ez daukat banan bana proba egiteko astirik. Hurrengoan goitizen bat erabiliko dut)

    ResponderEliminar
  2. Tira, pentsatzen nuen norbaitek publizitatea egin zidala.

    Eskertzen dut. Baina ez dut nahi inoren ordezkaria izan. Zezenzaleek ere batu beharko luketela uste dut, eta beraien kausa indartu.
    Hala ere, eskertzen da publizitatea. Eta jarraitu dezala egiten mesedez, hemen jarritakoak gustuko baditu behintzat.

    Ondo izan!

    ResponderEliminar