Azaroak 22 da gaur.
Hauteskundeak izan ditugu duela bi egun. Eta ohitura den moduan, hauteskunde egunerarte (hausnarketa eguna salbu), beraien produktua saldu nahi izan digute politikariek, kanpaina amaigabe batean.
Baina nahiz eta hauteskundeak igaro, ez da pakerik izango gurean. Ez behintzat, kanpainei dagokienean.
Hauteskundeak igaro eta bi egunetara, gure herriko pertsona talde batek, "Muu" herri plataformaren bitartez, zezenketen inguruan egingo den galdeketaren gaineko kanpaina hasi du. Bi egun iraun digu pakeak.
Kanpaina bat amaitu, eta bestea hasi. Eta adi, honek udaberrirarte jarraituko omen du eta.
Baina tira, kontua da, herritar talde batek, "Muu" plataforma sortu duela (zelako izen orijinala, aizu!).
Hauek, azaroan hasi dute zezenketen kontrako kanpaina (azakartxo agian, denok nazkatuko gara eta, udaberrirako), eta horretarako, blog bat argitaratu dute interneten. Hemen duzue esteka.
Ez dago datu asko oraindik, baina betetzen joango direla agintzen dute. Eta nik, irrikaz itxarongo ditut beraien hitzak.
Baina noski, "Muu" herri ekimenaren blogaz aparte, beste blog bat sortu da gaur.
"Amparito, antitaurinoak eta beste hainbat pito" izeneko blog hau ere, gaur sortu da.
Blog honek helburu konkretu bat dauka. Ikusirik, "Muu" ekimenak, herri galdeketa hipotetiko horretan, zezenketen ezezkoaren aldeko kanpaina egiteko blog bat sortu duela, nik, baiezkoaren aldeko kanpaina egiteko blog bat sortu dut. Edo besteei kontra-kanpaina egiteko blog bat.
Joku zikina, irainak, eta borroka ikusi nahi baduzue, jarri "El Conquistador" ETB2-an, hemen ez duzue horrelakorik aurkituko eta. Hemen, elkar aurre egiteko blog bat sortu dut, kiroltasunez, humorearekin, eta ironiarekin.
Zezenketen eta zezen plazaren etorkizuna defendatuko ditut hemendik.
Beraz, has dadila kanpaina.
Hauxe berri pozgarria jaso berri dudana, alde batetik, kiroltasunez, humorearekin, eta ironiarekin izango delako, eta noski kanpaina honetan inorekin aserretzea ez da nire helburua. Ta gutxio hirekin, bazekit eta ze tallatako, ta ze bihotz honeko pertsona haizen, beraz ezer baino lehenago eskua ematen diat.
ResponderEliminarBestalde, Blog honek, zezenzaleok sakratua den zezenketen inguruan hausnartzearen alde zaudetela erakusten du, eta beraz zekorketarik gabeko festa zoragarri batzuk elkarrekin disfrutatzea posible dela. Gainera, eztabaida eremua zabaltzen ari delako ere pozten naiz, tortura eta hilketari inolako alderdi positiborik ikusi ezin zaionez, zenbat eta arrazoi gehiago azaldu kentzeko hobe.
Gainera puntu amankomunak ere baditugu, azken finean ni ere Zestoarra naiz, Amparitok dantzarako erritmoa dakarkit, eta Abuztuan barrerek nostalgia pizten didate, beraz, zekorketarik gabe laister egongo gaituk biok barreretan Amparito entzuten dantzan.
Orain arte urtero pentsatu izan bait dut: “hau da pena! Zestoar hauek guztiek zergatik nahi diote zezen horri horrelako sufrimendua eragin? ni al naiz arraroa Zezen plaza horretara sartu nahi ez dudalako? Orain badakit ezetz, zezen plaza horren inguruan festa zoragarriak elkarbizi nahi ditugunak asko gara, eta zekorketarik gabe festa majikoak izango ditugu datorren urtetik aurrera.”
Gonbitea onartzen diat!
ResponderEliminarAzken finean, festei buruz ari gaituk, eta zekorketak egon ala ez, berdin berdin egingo diagu dantza.
Baina badakik, batzuk ikuspuntu bat defenditzen diagu, eta besteek berriz, beste bat defendatuko duzue. Hala ere, seguru nagok, gauza askotan ados egongo gaitukela.
Beraz, badakik, hemen gerra guztiok emango diagu, bakoitzak bere erara.
Hasi duk kanpaina!! Eta luze egingo zaigulakoaren itxura hartzen zioat, beraz, pazientziarekin hartuko diat.
Izango diagu elkarren berri.
Pozten nau zezenketen alde daudenak (batzuk behintzat) eztabaidatzeko prest daudela ikusteak. Hala ere ez dut ulertzen, eztabaida baten aurrean nola irten dezakeen pertsona batek zezenketen alde.
ResponderEliminarZestoako zezenketen aldeko argumentu bakarra festa giroa dela esango nuke nik, ze animaliak torturatzen direnik ez dut uste inork ukatzen duenik.
Zergatik ez, festa egin baina animaliak torturatu gabe?, Zestoarrok hainbatetan azaldu izan dugu guk geuretzat festa eder bat egiteko gai garela, ez? zergatik ez horren aldeko apustu bat?
Gustatuko litzaidake norbaitek erantzungo balit, behar bada festaz haratago beste arrazoiren bat dagoen jakin nahiko nuke.
Ez da lehenengo aldia, galdera hau planteatu eta erantzunik gabe gelditzen naizena...
ResponderEliminarEpa, aizu, ez atera ondorioak azkarregi.
ResponderEliminarNik ez naiz blog honen menpe bizi, eta agian zu baino denbora gutxiago daukat, blogari eta iruzkinei kasu egiteko.
Gaur sartu naiz, aspaldiko partez, eta atzerapena barkatzeko eskatzen dizut.
Zure galderari erantzunez, sarrera oso bat egingo dut blogean, hemen kabitzen direnak baino lerro gehiagorekin. Baina motzean erantzuten sahiatuko naiz hemen.
Festa egin diteke animaliak torturatu gabe, eta ados agertuko nintzateke horrekin (nahiz eta batzuk ez sinestu hori), herriak hala erabakitzen badu. Hala ere, zekorketen inguruan sortu den festa guztia, mantendu daiteke, distantziak salbu, animalia torturatu gabe.
Ulertzen ez dudana ordea, zezenketak, edo bezerradak, edo taurino usaina daukan edozer deusestatzeko afana da.
Hor, animalismoaren gainetik, beste "printzipio" (aurreiritzi esango nuke nik) asko daude.
Bestalde, ados nago Zestoarren festarako gaitasunaren inguruan. Gehiago esango nuke, uste dut, Euskal Herri guztian (eta munduan ere bai), Zestoar bat ezagutzen duenik ez dago, honen festarako gaitasuna eta gogoa, zalantzan jartzeko gauza denik.
Honetaz aparte, bi zekorketen artean ia 1000 pertsona joateak, uste dut herritar asko biltzen dituela. Eta inork ez du hauen festarako gaitasuna dudan jartzen. Hare gehiago, ikusirik zezenketak ordubete eskas irauten duela, eta 17:00etatik, 20:00 pasa arte, festa eta jendetza biltzen dela, Zestoarron festarako gaitasuna guztiz konprobatuta geratzen dela uste dut.
Zezenketak bai/ez eztabaida teorikoak oso interesgarriak ez ezik, beharrezkoak ere badira.
ResponderEliminarBaina nik, beste ikuspuntu batetik heldu nahi nioke gaiari. Zezenketarik bai/ez galdetu beharrean, ea Zestoako Udalak antolatu behar al dituen galdetuko nuke nik. Honekin ez dut esan nahi beste gaia (zezenketarik bai/ez) saihestu egin behar dugunik.
Hemen, orain arte garbi jokatu ez duena udala izan da (izan “A” alderdikoa edo “B” alderdikoa). Garbiago azalduko dut:
1996an, Zestoako Udaleko gehiengo osoak “Animalien Eskubideen Adierazpen Unibertsala” delakoa onartu zuen. Ontzat ematen zuen, beraz, besteak beste, animalia hil behar bada, bat-bateko heriotza, minik gabea eta estuasunik eragingo ez diona izan behar duela.
Gero, berriz, 1995etik 1999ra arte, honako testu hau jarri izan zuen udalak zekorketako sarreratan: "Zestoako Udalak ohartarazten du ikuskizun hau Animalien Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren aurka doala".
Beraz, Cervantesen hizkuntzan esan ohi den bezala, “blanco y en botella…”. Erabaki horiek, aurkakorik hartu ezean, oraindik indarrean daude.
Ondorioz, nik uste dut, beste ezer baino lehen koherentzia eskatu behar zaiola udalari; hau da, zekorketak bateraezinak baldin badira udalak hartu dituen erabakiekin, ba zera: edo ez ditzala antolatu, edo bestela indarrik gabe utz ditzala hartutako erabakiak. Hori besterik ez.
Baina, noski, udala orain arte ez denez gai izan, ez bata ez bestea egiteko, ba herritarrak mugitu beharko dugu.
Jakina, norbaitek pentsa dezake: “Baina, tira, erabaki horiek testimonialak dituk, alegia, ‘un brindis al sol’, zenbait jende kontent geratzeko hartuak…”. Ados. Baina Zestoako Udalak hartu izan dituen beste zenbait erabaki ere testuinguruak edo koiunturak bultzatakoak izan dira, adibidez (mutatis mutandis) Franco herriko seme kuttun izendatzea. Erabaki horrek gaur egun ez du batere indarrik, “batere aktualitaterik”, baina hala ere, zenbait herritarrek hala eskatuta, indargabetu egin zen erabakia.
Hori da arrazoia! Erabakiak betetzeko dira eta zekorketen kasuan ere, horixe! Garai hartako antitaurinoekin ondo gelditzeko erabaki batzuk hartu bai, baina gero ahaztu…
Beraz, hemen galderak, zer paper jokatu behar du udalak?
Fernandok azaldu duen eztabaida ere, interesgarria iruditzen zait. Eta ados nago berarekin, udalak ez duela garbi jokatu dioenean.
ResponderEliminarNik esango nuke, udalak, bai taurinoekin eta baita antitaurinoekin, leku onean geratzeko estrategiak erabili dituela. Pastel guztia ez dio bati eman nahi izan, beti bi zatitan egin du, nahiz eta Fernandok esan bezala, kontraesan bat baino gehiagotan erori hori egitean.
Eta horri begira, iniziatiba pribatua irteera bat izan daiteke, noski. Udalak muzin egingo bazion zekorketen antolaketari, borondatea eta baliabideak egongo ziren zezenketekin aurrera jarraitzeko, modu pribatuan.
Baina alderdi horretatik ere, arazo asko azalduko ziren. Leku publikoaren erabilera pribatuak, eta beste hainbat gauzak ere gatazka sortu dezakete.
Baina tira, aukera bat da.
Gehiago esango nuke: herri galdeketan, zezenketen aldeko jarrera bat irtengo bazen, irudipena daukat, udalak lehenago edo beranduago, uko egingo diola zezenketak antolatzeari. Urte bat, edo gutxiagoko gauza izango zen.
Baina irudipen bat bakarrik da.
Honetaz ere hitzegingo dugu, badugu denbora eta.
aupa amparito, zorionak...eta segi humore puntu horrekin
ResponderEliminar