jueves, 29 de diciembre de 2011

2. Puntua

   Honela nioen aurreko sarreran azaldu dudan lehen puntuan:

  • Pertsonen bizitza, beste guztiaren gainetik jartzen dut. Baita pertsonen sufrimentua, eskubide hurraketa, eta duintasuna. 
   Eta honela jarraitzen zuen nire "dekalogoak":
  • Aurreko puntuak, ez du esan nahi animaliena gutxiesten dudanik, ezta gutxiago ere.
   Gaurkoan, bigarren puntu hau sakonduko dut.
   Esan beharra daukat, lehengo puntuarekin zuzenki lotuta dagoela. Baina nola gure eztabaiden gai nagusia animaliak diren, puntu aparte bat eskaintzea erabaki nuen. Nire ikuspuntua gai honen inguruan, gehiago sakontzeko.

   Aurreko sarreran azaldu dut pertsonak direla nire eskalaren gorenean dauden kezkak. Baina bigarren puntuak dioen moduan, animalien kausa, edota beste edozein kausa (ekologismoa, naturismoa, ondare historikoa,...) dauzkat biagarren postuan.
   Horregatik, garbi geratzea nahi dut, ez dudala gutxiesten animalismoaren kausa. Nahiz eta norbaitek hori pentsatu, eta inplizituki leporatu.
   Animalismoaren inguruan daukadan ikuspuntua, nahiko berezitzat jo dezake, ezagutzen ez nauen edonork. Niretzat, animalia guztiak berdinak dira, eta praktikan azken muturreraino ematen dudan printzipio bat da hau.
   Gure kasu konkretuari erreparatuz, tontakeria bat da zezenak ez duela sufritzen esatea. Zezenak sufritu egiten du, eta punto. Horri ezezkoa esaten diona inozotzat joko nuke. Ez dakigu zer modutara bizitzen duen sufrimentua, baina sufrimentua hor dago. Ikusi egiten da.
   Hala ere, ez dakit zer neurritaraino humanizatu behar ditugun animaliak. Baina guztiak neurri berdinean humanizatzen ditugun bitartean, ez dago arazorik nire partetik behintzat.
   Zezenketetan sufrimentua bakarrik ikusten dute batzuek, eta horregatik ulertzen dut beraien kausa. Errespetatu ere bai, noski.
   Baina gure eguneroko bizitzan, animaliek hainbat eskubide hurraketa eta sufrimentu pairatzen dute. Bai plazakoa, oso bistakoa eta garbia dena. Eta baita ezkutukoa, inork gutxik ikusten duena.
   Eta ez. Ez da zezena sufritzen duen animalia bakarra.
   Hori bai, zezenak aurpegia dauka, espresio bat. Mina adierazi egin dezake. Eta horrek, askori pena ematen die, eta ematen digu.
   Baina behin, bizi izan nuen pasarte batek, atentzioa deitu zidan. Esango nuke, animalien ikuspuntu, eta defentsaren eredua birplanteatzera eman ninduela pasarte hark. Ikuspuntu zorrotza eta biguna ikusi nituen, gai berdinaren aurrean:
   Iraetara bidean nindoala, zezenzaleei zezenaren sufrimentua Maiatzaz geroztik gogoratzen ibiltzen den aurkako sutsu bat ikusi nuen, bizikletaz. Bere iloba, seme-alaba, edo lagun zuen haur koskor batzuekin zihoan Iraetara bidean, bizikletaz. Halako batean, Iraetara iritsi aurretik, ibai ondoan, bide-gorria alde batetik bestera igarotzen ari zen narrasti bat. Zirauna zen, argal eta luzea, ia 75zm. Nire aurrean zihoan pertsona sutsu honek, bizikletak eta oinezkoak geldiarazi, eta salbatzaile moduan, bizikletaren aurreko erruedarekin, burua birrindu zion zirauna gizarajoari. "Sugeak arriskutsuak dira, eta hobe hiltzen baditugu", esan zuen.
   Animalien defendatzaile hark, ez zekien mutur aurrean zeukana ez zela suge bat, zirauna baizik (barra-barra daude Iraetara bidean). Gogorarazi nion nik ordea, zirauna zela animalia hori, eta ez daukala ez pozoinik, ezta ezer, eta bere bidea egiten ari zela pake pakean. Berak ordea, "bueno, berdin du, haurrek ikas dezaten da gehienbat", esan zidan.
   Hori pasa zitzaidanetik, buelta asko ematen dizkiot buruari. Sentitzen dut, zeren batzuen morala dudan jartzera ere iritsi naiz, inongo eskubiderik gabe. Nire barkamena eskaera hemendik, haiei.
   Baina era batera ala bestera, sufrimenduaren norbanakoaren balorazioa ezberdina izan zitekeela konturatu nintzen.
   Pertsona hari ez diot ezer leporatu nahi, ez du eta ezerren errurik. Baina sufrimentuak sentimendu desberdinak pizten dizkigu, hau bistakoa izatearen, ala ez izatearen arabera.
   Aurpegia, espresio bat duten animalien torturak min egiten digu. Beraiekin sufritzen dugu.
   Baina aurpegirik ez dutenek, edo espresiorik ez dutenek ere, sufritu egiten dute.
   Zirauna gizarajo hark, sufritu egin zuen. Burua birrintzen diegun sugeek, sufritu egiten dute. Nazka ematen diguten aitzakiarekin birrintzen ditugun zomorro guztiek ere, sufritu egiten dute. Gure nazka jarri ohi dugu orduan, bere sufrimenduaren gainetik. Eta honen aurrean, ez du inork ezer egiten.
   Egunero jaten ditugun oilaskoek, eta arraultzeak ematen dizkiguten oiloek, sufritu egiten dute. Gehiago jan dezaten, argiarekin jokatzen dute, eta gau eta egunak engainatu egiten dizkiete, gehiago jan dezaten. 24 orduan, bi egun izaten dituzte, eta kaiola batean pasatzen dituzte. Eta honen aurrean ere, ez du inork ezer egiten.
   Jendeak ehizean pasatzen ditu goiz asko eta asko, animaliak tiroz hiltzen. Eta ez dugu herri platarformarik sortzen, horren aurka.
   Zoo batean, duintasuna guztiz galduta dagoen orangutan hark ere, ez du oso ondo pasako 10 metro karratuko kaiola batean. Kristalaren atzean dagoen musker ikusgarri hark ere, ez du ondo pasako han barruan. Eta gu berriz, Cabarceno-ra joaten gara, eta grazia egiten digute tximinoek. Eta horren aurrean ere, ez du inork protestatzen.
   Zirkuan, kapela eta esmokin bat jantzita dabilen hartz hark ere, egunero kaiolan jasango dituenak ikustekoak izango dira. Baina zirkua herrira etortzen denean, ez da inor joango kontzentrazio bat egitera. Eta horren aurrean, ez du inork protestatzen.
   Iraetako hiltegira arkumeak sartzen direnean, beraien patuaren usaina hartuta, sufritu egiten dute. Badakite nora doazen. Baina ez du inork protestatzen.
   Larruzko berokia jazten dugu, eta botak ere bai. Baina ez du inor protestatzen.
   Sufrimentua mila egoeretan jasaten dute animaliek, eta ez ditugu erdiak ere protestatzen. Bistakoa denak, edo aurpegi bat duen sufrimentuak, barruak mugitzen dizkigu. Ezkutukoak, inplizituak, edota gure gustuko zerbait inplikatzen duen hark, begiak estaltzen dizkigu. Bata erraz ikusten dugu, bestea berriz, ez dugu ikusten, edo ez dugu nahi ikusi.
   Nik alde horretatik, eta koherentziagatik, ez dut protestatzen. Sufrimendu horien parte sentitzen naiz, nahiz eta ez nahi izan nik, eta min egin hala izateak. Zezenketei uko eginda ere, oilaskoa jango dut, haragia, Zoora joango naiz, larruzko arropa jantziko dut, nire lagunak zomorroak zapaltzen ikusiko ditut eta Iraeta bideko ziraunak burua moztuta topatuko ditut.
   Ibaiko lau amuarrain, eta plazako lau zekorren artean, niretzat, ez dago alderik. Biek duintasun eta eskubide berberak dituzte.
   Askotan, gauza konkretu baten kontra joateko interesa bakarrik dagoela pentsatzen dut. Besteari uko egitea ez zaigu interesatzen. Zezenketen aurkako batekin eztabaidan nintzela behin, zera esan zidan: "nik ordea, oilaskoa jaten segiko diat. Gauza ezberdina dituk jatea, eta espektakuloa." Bizitzen ez duen, eta gustuko ez duen gauza bat kentzeak etzion inporta. Hori bai, gustukoa ezin zitzaion ikutu.
   Nik ez dut gezurrik esango ordea. Gustuko dudana ez dut nahi kentzerik. Halaber, ezin dut gauza bat gustuko izan eta beste bat ez, biek zentzu batean, kausa berdinaren aurka egiten badute. Horregatik esan dut animalia guztiak berdinak direla niretzat, aurpegia, espresioa edo eta zatarrak izan. 


   Gai honetan ordea, duintasunaren arazoa sortzen zaigu.
   Aurkakoek, zezenaren duintasunari barre egiten zaiola pentsatzen dute. Hau da, zezenaren sufriemntuarekin katxondetu egiten garela.
   Hori, ikuspuntu oso sinplista iruditzen zait. Eta hori diotenek, ez dute ez zezenzaleen, ezta joan ohi garen beste inoren filosofia eta izaera ulertzen.
   Zezenketetan, zezenaren ausardia, kemena, eta ez errenditzeko ahalegina txalotuak dira. Bere duintasuna horrela baloratzen da. Zezena kementsua bada, eta aurre egiten badio erasotzaileari, duintasuna duela ulertuko da, eta txalotua izango da. Badakit batzuek ez duzuela hau ulertuko, baina horrela da, eta horrela bizitzen da plazan.
   Ez zaio zezenari parrerik egiten. Ez gara animaliaz katxondeatzen. Gehiago esnago nuke, Zestoan, toreroetaz katxondeatzen gara, zilipurdika denbora asko pasa ohi dute eta.
   Duintasunaren arazoak ordea, bizitzaren balorazioaren arazoa ekartzen digu.
   Batzuek, bizitza baloratzen dute (edo dugu), bere osotasunean. Beste batzuek ordea, heriotza baloratzen dute.
   Nire ustez, heriotza, bizitzaren parte bat baino ez da. Guztietan azkena, bai, baina zati puntual bat bakarrik da. Zentzu horretan, gure plazan hilak diren zezenek, bizitza paregabea daukate. Aske bizi dira, lursail handietan, eta jan eta edan beste lanik ez dute. Noizean behin korrika jartzen dituzte, eta kaparen atzetik ere bai, ea zer kemen erakusten duten baloratzeko. Neurri handi batean, zezen hark bizitza ona dauka, lasaia, inongo miseriarik gabea, eta askatasunez josia.
   Hori bai, hil, plazan hilko dute. Eta sufritu egingo du bere heriotzean. Hare gehiago, borroka egiten sahiatuko da, ez dezaten hil, eta bizia emango du horretan. 
   Txanponaren bi aldeak ezagutuko ditu.
   Beste animalia askok ordea, ez dute sufrituko herotzaren momentuan. Baina kaiola batean sartuta pasako dute bizi guztia. Neurriz gabe jaten, gizentzeko, eta gau eta egunak nahastuaz, argi artifizialarekin, zoratzera heldu arte.
   Eta hor sortzen da dilema. Hiru urte sufritzen, heriotza garbi baten truke. Edo hiru urte bizi onean, heriotza plazan izan arte.
   Ni, hedonista xamarra naiz, eta nahiago dut (hedonista izan ala ez), bizitza eder eta oparoa, hiltzean sufrituko dudala jakinda ere. Nahiago aske bizi eta sufrituta hil, kartzelan bizitza osoa pasatzea baino.
   Baina tira, hori nire aukera subjetiboa da. Beste askok agian ez duzue hori nahi, edo beste era batera ulertzen duzue bizitza. Errespetagarria da zinez, baina agian ez nago zuekin ados, batek daki (ez dakit zuen iritzia oraindik, horren inguruan).


   Animalien inguruko borrokan oso ohikoa izan ohi da baita ere, espezieen biziraupena.
   Gogor eginda borroka, galtzear dauden espezie batzuk bizirauteko. Eta nire babes osoa dute horretan beren denbora eta baliabideak jarri dituzten milaka pertsonek.
   Zezenketek ere, sortzen dute dilema alde honetatik. Zezena, toreatzeko zezena, espreski toreatzeko sortutako espezie bat da. Gizonak sortu zuen.
   Baina nahiz eta gizonak sortu, esan beharra dago edertasun paregabea duen animalia sortu zuela. Lepoa goian, eta gorputz indartsua duen animalia da. Hona hemen argazki elegante bat:
Edertasun paregabeko animalia da zezena.
   Baina, nahiz eta oso ederra izan, ez dauka beste erabilerarik. Ez du haragitarako balio, eta ez du inongo errentagarritasun ekonomikorik, horrelako animalia bat izateak.
   Zezenketen abolizioak, animalia paregabe honen amaiera ekarriko zuen, poliki poliki. 
   Ez bapatean, norbaitek mantenduko zuen eta, animalia bat edo beste. Baina pixkanaka, bere amaiera iritsiko zen, guztiz ezereztu arte.
   Honelako animalia ederra, galduko zen, zezenketik gabe.
   Hauxe da baita ere, zezenketen miseria, batzuen ustez. Sufrimendu hark, espezie baten biziraupena lotzen duelako, neurri handi batean.
   Niri behintzat, edertasun aldetik, animalia paregabea iruditzen zait. Eta ez dut nahi galtzerik, baina sufritzeak ere, mugitzen dizkit barruko zizareak.

   Edertasunak edertasun, eta miseriak miseria, azaldu dizuet, neurrigabeko idatzi honen bitartez, nire animalien inguruko ikuspuntuaren zenbait gorabehera.
   Baina tira, eskerrak eta animoak hona amaierara irakurtzen iritsi den harentzat. Ez dauka meritu makala, gizarajoak. Zorionak zuri, hemendik.
   Hala ere, uste dut nahiz eta asko idatzi, luzeago jardungo nuela honi buruz. Gehiago sakonduaz, hemen idatzi dudan guztia.
   Baina datozen puntuetan ere, zezenketen gaia jorratuko dugunez, ez naiz gehiegi luzatuko. Izango dugu eta aukera, gaiari bueltaka jarraitzeko.

   Azkenik barkamena irakurleari, horrelako sarrera luzea idazteagatik. Eta eskerrak, irakurtzeagatik.

   Ondo izan eta ongi bizi, ahal den neurrian.


   Hurrenarte!!!
   

6 comentarios:

  1. Roca, ingo al deu dantza pottoka

    Zure hausnarketak, zure baitako koherentzia existentziala bilatzeko bidean lan on eta sakona dela ezin dut ukatu.
    Arrazoi guztia duzu aipatu dituzun hainbat kontutan, animaliek pairatzen dituzten tratu txarrak zezenketetaz haratago doaz zalantzarik gabe, baina aurrera bidea urrats txikiekin poliki poliki egin beharko dugu, pertsonen sentsibilizazioa eta aurrera pausoak batera joan daitezen.
    Besteen akatsetatik zure inmobilismoa justifikatzeak ez garamatza aurrera. Beraz nahiz eta beste batzuk ehiza egin edo beste tratu txar batzuk sortu animaliei zuk ez ezazu egin.

    Zure argudio horri jarraituz, zein da lehendabizi juridikoki debekatu behar dena?

    Gai honetan sakontzeko ez naiz aditua, baina abiapuntutzat UNESCO-ren baitan eztabaida sakona izango zela suposatzen dut, eta har dezagun animalien eskubideen adierazpen unibertsala abiapuntutzat, nahiz eta nire ustez ere, gaur egun, oraindik oso animalista den. Heriotzak bat batekoa izan behar du eta espektukulu izateak larriagotu egiten du, adierazpenaren arabera.

    Nire ustez, zezenketek puntu bat baino gehiago dituzte Zestoan lehenbizi kendu beharreko tratu txar bilakatzen dituztenak. Alde batetik, zuk esan bezala tratu txarra heriotzeraino darama. Eta nire ustez koska bat suposatzen duena, ikuskizun publikoa izatea da, eta ez hori bakarrik, gainera harrotasun handiz erakustea. Sentsibilizaziora bidean atzera pauso gaindi ezina da berau niretzat, gure haurrek herri guztia nola harrotzen den animalia bat poliki poliki hiltzean ikusten dute.
    Eta azkenik praktikotasunetik ikusita, kentzeko zailtasun gutxien duena da. Nahikoa da Zestoan beste mota bateko ikuskizun batzuekin ordezkatzea. Baina Muu-ren dekalogoan dioen bezala ez ditugu gutxietsi nahi gainontzeko tratu txarrak eta bide horretan sakontzeko eta hausnartzeko asko dugula uste dut. Entzuna dut nonbait herri galdeketa bat egin zela oiloek zenbat zentimetro karratu behar duten duintasunez bizitzeko granjetan… hor ere asko dugu hobetzeko, arrazoi guztia duzu.

    Aspaldi entzun nuen, ideologiak lehendabizi sentitu eta barneratu egiten ditugula; eta ondoren arrazoitzen saiatu. Zuk arrazoiketa gaitasun ikaragarria duzu, idazten ausartze hutsak erakusten du hori. Baina askoz erosoago sentituko zara ezetza defendatzen, hitz gutxiago beharko duzu eta berehala erakutsiko diozu Zestoa osoari animaliek ere tratu hobea merezi dutela. Zure hausnarketak erakusten dit duzun errealitatearen jabetza, eta jarrera aurrerakoiagoa lor dezakezu, etsipena alde batera utzita.

    ResponderEliminar
  2. Ni ez naiz aktiboa zezenketen kontrako kanpainetan, eta gure gaiari lotuta, bi arrazoi dauzkat horretarako. Lehenik eta behin, gustoko dut zestoako zezenketen inguruko giroa, eta ederki pasatzen dut ordu askoan zehar, zezenketen aitzakia hutsarekin. Bestalde ordea, printzipioak daude.

    Nik, ezin dut zopatik fideo bat salbatu, gero zopa jaten jarraitzeko. Zestoan lau zezen salbatzeak, ez dit bizimodua aldatuko, beste guztia egiten jarraituko dut eta, uzten didaten bitartean.
    Ezin dut defendatu aktiboki animalien kausa, neu naizenean hauei kalte egiten diena, inplizituki bada ere. Etzait koherentea iruditzen.
    Egunen batean, animalien kausaren bat defendatzen ikusten banauzue, pentsatu barazkijalea izango naizela, ez dudala larruzko erroparik erabiliko, eta abar. Neure buruarekin koherentea izateko, animalismoa defendatzen jarriko naiz, ni ez naizenean subjektu erasotzaile bat beraientzat. Eta horretarako, gauza askori egin beharko genion uko.

    Egunen batean igoko al dut koxka hori?

    Batek daki zer egingo dugun biharko egunean. Baina nik, printzipioz, ez daukat nire bizitza guztia iraulitzeko asmorik.
    Goizeko kafesnea ondoegi sartzen zait, esneari uko egiten hasteko.


    Ondo bizi!

    ResponderEliminar
  3. Roca: Seguruaski ez duzu zure soldata osorik gosea edo pobrezian bizi diren gizakientzat emango. Nik ere ez nire bizia animalia batenarengatik. Baina espero dut Zestoar gehienek zuk baino ahalegin handixeagoa egitea animaliak hobeto bizi daitezen aurrerantzean.

    ResponderEliminar
  4. Ez duzu diskurtso makala bota oraingoan! Baina esan beharra dago oso hausnarketa interesgarriak egin dituzula. Nik ere animaliei buruzko hausnarketa bat egingo dut zezenketen kontura mugatu beharrean.

    Hasteko egin duzun baieztapen bati buruz dudan iritzia emango dizut. Nire ustez ezin da esan animalia guztiak berdinak direnik, ez baitute berdin sentitzen. Zezena ugaztuna da eta, ugaztun guztiek oso nerbio-sistema garatua dute, giziakiok dugunaren ia berdina. Zezenak sufritzen duenaren ideia bat egin nahi baduzu, imaginatu hori zeuri egiteak suposatuko lizukena. Animalia guztiak zaku berean sartzearen sinplifikazioa egingo bagenu, zelula bakarreko animalietaraino iritsiko ginateke, eta, sufritzeko gaitasunari dagokionez, antz gehiago dute animalia horiek bakteria batekin zezen batekin baino. Ez euliak eta ez narrastiak ez dira hain animalia sinpleak, baina, ezta ugaztun bat bezain konplexuak ere. Gizakiak animalien aurretik jartzen ditut, nigatik hurbilago ikusten ditudalako, eta ugaztunak intsektuen aurretik jartzen ditut arrazoi beragatik.

    Ziraunaren pasarteari buruz, nire iritzia emateko aprobetxatuko dut, benetan kezkagarria iruditzen zait eta inguru hauetan dagoen jarrera zenbait animaliarekiko. Astakeria galanta iruditzen zait zirauna bat hiltzea eta gainera hilobei hori egin behar dela irakastea, baina, hori adinako astakeria iruditzen zait suge bat hiltzea, baita sugegorria izanda ere. Suge batek gizaki bati erasotzeko arrazoi bakarra beldurragatik bere burua defendatzea da eta, hori gertatzeko, zapaldu, eskuan hartu edo antzeko zerbait egin behar zaio. Gainera, sugegorriek (inguru hauetako suge pozoitsu bakarra) hortzaka egitean pozoi gutxi botatzen dute, badakitelako pozoi asko botata huts egingo balute defentsarik gabe geratuko liratekeela. Beraz, noizbait hortzaka bat jasoz gero (harrituko ninduke gertatzeak) joan lasai hospitale batera eta ez da ezer larririk gertatuko. Sugeak onura ekologiko ugari ematen ditu eta kalterik bat ere ez. Jakingo nuke zenbat pertsona hil diren suge hortzakaz Euskal Herrian azken mendean.

    ResponderEliminar
  5. Haragia jateari dagokionez, lehenengo eztabaidatu beharko genuke gizakiak animalietatik datozen elikagaiak jan behar dituen dieta osatu bat izateko, edo zenbat jan behar dituen; ni erabat seguru nago gaur egun jaten den kantitatea behar baino askoz altuagoa dela, baina ez nintzateke ausartuko batere gabe hobeto litzatekela esaten. Baliteke, neurri egokia aurkituta, nahikoa izatea duintasunez hazitako animaliekin.

    Zooak berriz, gehienetan dirua ateratzeko leku penagarriak direna arren, berez hainbat funtzio izan behar lituzkete: animalien bizileku ahalik eta duinena izatea, egoera larrian dauden animaliak berreskuratzea (gatibutasunean ugalduz, esaterako), ikustera joaten direnen hezkuntza... Baina hori betetzeko ez lukete animaliarik erosi behar, leku gabe dauden animaliak hartu besterik ez (adibidez, aberaskilo batek, legez kanpo bere finkan izandako lehoia, jada aske bizitzeko gaitasunik ez duena). Uste dut animaliak erosten dituzten zooak itxi beharko lituzketela, ilegalak eta etika ororen kontrakoak direlako. Baina, Zestoan ez dago horrelakorik. Zirkoekin ere, ikusi dugu zirko bikainak egin daitezkela animaliak erabili gabe (Cirque du Soleil, kasu), eta, animaliadun zirkoak ere ez ditut gustoko.

    Bukatzeko, lidiako zezenaren kontserbazioarena komentatuko dut. Zuk esan bezala gizakiak sortutako barietate bat da eta, niretzat egunean 50 litro esne emateko gai den behi bat bezain ederra. Gizakiak, bere gustora gurutzaketak eginez sortua, agresiboago,

    indartsuago... izateko. Niretzat ez du inongo zentzurik esperimentu horrekin jarraitzeak; horren bultzatzaile bakarra, korridetarako saltzea da, eta, beraz, dirua. Inork esnerik hartuko ez balu ez litzaiguke burutik pasatuko esnetarako behiak mantentzeko genetikaren “jolasean” jarraitzea. Korridak kenduta, zezenek, utziz gero, baliteke beren lekua hartzea naturan; orain duten bera, baina populazio txikiagoak osatuz, gizakiak ez bailioke jaten emango. Eta beren “purutasun” genetikoa galduko lukete beste behiekin nahastuz gero.

    Ondo segi!

    ResponderEliminar
  6. Esan duzun ia guztiarekin ados nago.

    Ikuspuntu objektibo batetik begiratuz, animalia guztiak berdinak ez direla diozunean, arrazoia daukazu. Ez dut nik kontrakorik esan.
    Baina niretzat, nire kontzientziarentzat, denak berdinak dira. Balio berdina dauka suge batek, eta zezen batek. Agian ez da horrela ikuspuntu biologiko batetik, baina nik horrela bizi dut. Iritzi bat da, azkenean.

    Sugeekin egin duzun defentsan bat nator zurekin. Esan nion bere garaian pertsona hari: bere bidea egiten ari da. Suge bat ikusten dugunean, bere bidea egiten ari da, gu bezalaxe. Hari ez dio inporta gu egon aurrean, edo inor ez egon aurrean. Hori bai, suge gorri bat zirikikatzen duenak, merezita dauka hozkada. Inozoa bera izan da, baina gaiztotzat sugea hartuko du gizarteak. Horrelakoak gara.
    Horrela daukagu gero gure sugegorri gizarajoa, guztiz estigmatizatua.

    Janariaren kasuan ere, hainbatetan ibili den argudioa erabili dezakegu.
    "Nola da posible garai hauetan, gizarte hain aurreratu batean..."
    Esaldi hori askotan erabilia izan da zezenketen kontra jarduteko.
    Era berean ordea, gaur egun badira gehigarri proteiniko eta bestelakoak, haragiak ematen dizkigun onurak ordezkatu ditzazketenak. Gizarteak asko egin du aurrera, eta posible da suplementuekin, haragirik jan gabe egotea. Horren adibide dira begetariano guztiak.
    Tofu-a eta antzekoak ere hor daude. Neutroa, baino oso gozoa prestatzen jakinez gero. Nik, oilaskoaren antza hartzen diot batzuetan.

    Bestalde, zooak hor daude. Eta batzuk lan bat egiten dute, animaliak galdu ez daitezen.
    Baina ia denak negozioak dira, beste edozein helbururen gainetik.
    Animalien babeserako lekuak egokiagoak iruditzen zaizkit, zoo bat baino.
    Zirkuen kasuan ere, ados naiz zurekin. Gehiago esango nuke gainera, normalean, karpan etorri ohi diren zirku horiek, kutre xamarrak izan ohi dira. Pailazoak ez dute graziarik egiten, eta malabarrak egiten ari denari pilota erori egiten zaio.
    Nik, aspektu horretan, nahiago dut bai, Cirque du Soleil. Superprodukzio bat da, baina nahiago dut.
    Malabarretarako, nahiago ditut kale artistak ikusi. Zirku asko baino askoz ere hobeagoak dira.

    Azkenean, iritzi kontua da dena.
    Nik ikuspuntu bat izan dezaket, eta beste edonork beste bat.
    Guztiak errespetatzen ikasi behar dugu, eta ahal den neurrian behintzat, guztien elkarbizitza bideratu.
    Eta azken honetan, nahiko bide daukagu egiteko denok.

    Nahiko ixilik dabil kalea, baina gaia konkretatzen den neurrian, eztabaida berotzen joango da. Eta gehiegi berotuko oten den beldur naiz.
    Hori ongi bideratu begarra dago, eta uste dut, eztabaida hauek oso onuragarriak direla elkar ulertzeko.

    Hasi prestatzen, kaleak denetik entzungo dugu eta, festak etorri bitartean.


    Bitartean, ondo bizi!

    Eta Urte Berri On!!!!!!!

    ResponderEliminar