miércoles, 8 de agosto de 2012

Hilabete barru...

   Gure festetan aldaketa proposatzen zuen galdeketa hori eta gero, eta emaitza ikusi eta hausnartu ondoren, ezer gutxi gehitu genezakeela uste dezake inork. Esan beharreko guztiak esanda gelditu zirela pentsatu dezake edonork, eta egin beharreko guztiak eginda.

   Baina ez.

   Galdeketak zauri sakona sortu du herrian. Galdeketaz geroztik bi hilabete pasa direnean, eta zekorketetarako hilabete justu gelditzen denean, oraindik gaur, sua ez da itzali.
   Akaso erruaren zati handi bat nirea izango da, gehiegi jarduteagatik. Baina dena dela, ni isilduta ere, suak piztuta jarraitzen du. Ez garretan, baina bai bizirik.
   Eta morboak gora egin duela esango nuke.

   Aurtengo irailak 8koa ikaragarria izango da. Aurreikuspenek diotenez (hau da, jendeak, kaleak,...), aurtengoan erdi-kalea lehertu beharrean izango dugu, 17:30 ingurura iristen garenean. Ekainak 3an egin genuen aldarrikapenaren segida izango da, festa borobiltzeko unea. Ondoren, eta aurreko bi urteetakoa berriz errepikatuko denaren esperantzan (azkena berau galtzen baita), plazara joango gara, sasi guztien gainetik berriz gure herriko plazara itzuliko diren zezenketak ikustera (tira, inoiz ez dira joan, baina kolokan izan ditugu).
   Baina aurtengo Irailak 8an gertatu beharreko beste une baten zain dago jendea. Zeren ez gara ez tontolapikoak, eta ahaztu behintzat, etzaigu ahazten batek eta besteak esandakoa.
   Jendea (batzuk behintzat), morbo itzelez, zekorketa ondorengo pasodobleen korroaren zain dago. Nik kareta kenduko zain.

   Sentitzen dut batzuek hartuko duten desengainua baina, Irailak 8an ez dut aurpegia erakutsiko.

   Erabaki hausnartua da. Gogoeta ugari egin dut horren inguruan, eta erabakia irmoa da.
   Bi hilabete izan ditut, galdeketa ondorengo tenperatura neurtu eta momentu horren inguruan pentsatzeko. Eta azkenean, aurpegia publikoki ez ematea erabaki dut.
   Lau arrazoitan laburtuko nuke nire erabakariaren zergaitia:

     1.- Ni neu ez nago prest aurpegia emateko, eta horrek suposatu dezakeen guztiari aurre egiteko.


   Aurpegia ematen badut, zenbait ondorio ekarriko dizkit, jakinekoa da hori. Eta egia esan, beldurra ematen dit ondorio horiei aurre egiteak. Ez beldur fisikoa, edota errepresio ekintzak edo hitzak jasotzeko beldurra. Beste beldur mota bat da, ez dakit, "vertigo"-a... edo horrelako zerbait.
   Ez dut neure burua prest ikusten, horrelako konpromiso publiko bati aurrakastaz aurre egiteko. Bapatean pertsonaia publiko bat bihurtzeak, eta agindu nuen kontestuan gainera (jendartean,...), beldurra sortzen dit.
   Horretaz aparte, bigarren arrazoiak aitortzen duenak ere, asko eragiten du lehen arrazoi nagusi honetan.

     2.- Herria ez dago prest horrelako albiste bat kudeatzeko.

   Ez dago prest orain, eta ez da inoiz prest egon. Ohitura itzela dugu herri honetan  sugandillak krokodilo bihurtzeko, eta koskak amilegi. Baba aleetatik zeppelinak ateratzen ditugu, eta ipurtargiak ilargiaren pare jartzen ditugu. Laranjadiko iturria urjauzi bihurtu duenik ere, egongo da seguruasko.
   Herri txikia gara.  Onerako eta txarrerako. Eta herri txikietan ohikoa izan ohi den mingain luze eta pozoindua daukagu. Hori gutxi balitz, denok ezagutzen dugu elkar, eta herritarrak "klasifikatzea" eta epaitzea, herriko kirol nagusia da.
   Kotillero hutsak gara.
   Horri, zekorketen inguruko galdeketa bezalako gai korapilatsu bat gehitzen badiogu, denbora luzerako saltsa daukagu herrian. Eta gure herria saltsan bustita dagoenean, gustora jarduten dugu, plisti-plasta bati eta besteari buruz.
   Zekorketen gaia bero dago oraindik, eta zenbait gauza ez ditu begi onez hartu jendeak. 
   Zenbait zezenzaleren ohitura normal eta ohikoen aurkako komentarioak entzun daitezke, eta beste batzuk oraindik galdeketa galdu izanaren errudun bila ari dira, edonori eta edozerri behatzarekin seinalatuz.
   Nik aurpegia emango banu, jende honekin liskarrean ibiltzeak etzidan inongo graziarik egingo. Eta badakit, guztiak ez badira ere, bakarren batek izango duela zeresana niretzako.
   Herria bero dago. Eta momentu konkretu horretan, oraindik bizirik dirauen suari gasolina botatzea, etzait zuzenegia iruditzen. Horregatik diot, herria ez dagoela prest, horrelako albiste bat kudeatzeko.
   Guzti honek, nire lehen puntuko arrazoian pisu handia izan du.
   Sua itzaltzen denean (inoiz itzaltzen bada, zeren zekorketen gaia... bueno, denok dakigu nolakoa den), izango duzue nire benetako izen abizenen berri. Egunak, hilabeteak, edo urteak pasa daitezke. Baina iritsiko da eguna.

     3.- Ez da nire momentua.

   Irailak 8an, banda erdikalean jotzen ari denean, etzait momentu egokia iruditzen aurpegia emateko. Zeren, azken finean, eta gertatzen ari den moduan, nire agerpenak protagonismoa kendu edo jan diezaioke momentu horretan benetako protagonista diren haiei.
   Zentzu horretan, "Errexill"-ek soloa jotzen badu, "Errexill" da protagonista. Eta ez ni.
   Bestalde, "Errexill" ez dut erabaki bat hartzera behartu edo bultzatu nahi. Eta "Nerva"-n soloa jotzeak bere erabakia izan behar du, edota zuzendariarena, edo denadelakoarena. Baina nire presentziak ez dut nahi inor nahi ez duen zerbait egitera bultzatzerik. Eta Josebak erabakiko du, soloa jo, ala ez jo.
   Jotzen badu, bera izango da protagonista. Eta ez ni.
   Bere momentua da. Bandaren momentua da. Ez dut beraien festan arrotz bat izan nahi. 
   Ez diet protagonismorik kendu nahi.
   Ez da nire momentua. Beraien momentua da.

     4.- Hau ez da amaitu, eta armak ezkutatu egingo ditugu, baina ez entregatu.

   Ekainak 3koa lehen borrokaldia bakarrik izan zen. Hemen ez da amaitzen dena.
   Antitaurinoek, zilegitasun osoz, beraien aldarrikapenekin jarraituko dute. Eta izango da seguruasko, beste borrokaldirik gai honen inguruan.
   Udal egitura honekin, edo beste berri bat sortzen denean. Baina zezenketen gaiaren inguruko beste eztabaida uneak sortuko dira. Fortzatu nahi izango dira.
   Eta horregatik, eta etorkizuneko prespektiba honekin, etzait egokiena iruditzen aurpegia ematea.
   Zeren aurpegia emango banu, blog hau etzen berdina izango. Idazten jarraitu nezakeen, baina etzen berdina izango. Izen bat izango nuen, aurpegi bat, abizen bat,... Idatziek idazle identifikagarri bat izateak, blogari puntu asko kenduko zizkiola iruditzen zait.
   Azken finean, Amparo edonor izateko aukera hutsak, edozein herritarren pentsamendu edo sentimenduak islatzeko modu bat ematen dit.
   Horregatik, eta etorkizunean gai honekin aurrera eta atzera jardungo dugula pentsatuz, Amparoren bloga gorde nahi dut. Etorkizunean ere, eztabaida sortzen bada, orainarte bezala, nire pentsamendu eta sentimenduen defentsan irmo jarraitzeko.
   Amparo ezkutatuko da. Baina ez dut horren erraz nire arma nagusia izan den identitate asmatu hori entregatuko.
   Izango baitira borroka gehiago.
   Eta hor egon nahi dut nik.


   Hau azalduta gelditu dela pentsatuz, kezkatzen nauen beste zenbait gauzei buruz hitzegitea gustatuko litzaidake.
   Hasteko, Irailak 8an, eta zezenketen aurkako elkarretaraztea egongo dela pentsatuz, elkar topo egingo dugulakoan nago. Batzuk erdikalearen alde batean, eta besteak beste aldean.
   Aurrez aurre egongo gara, elkarri aurpegia erakusten. Eta horrek beldurra ematen dit.
   Ekainak 3an ez genion elkarri aurpegirik erakutsi. Botua sekretua izan zen, eta gure botuaren erantzukizuna gugan hartu genuen, emaitza onartu genuenean.
   Baina Irailak 8an ez dugu botua emango. irailak 8an gure ekintzen erantzule izan beharko dugu. Bai kalearen alde batean egongo garenok, eta baita kalearen beste aldean egongo direnek ere. Elkar topo egingo dugulako.
   Eta ez dut nahi oldarkeriarik. Ez batzuen aldetik, eta ezta besteen aldetik ere.
   Batzuentzat taurinoen klimax-a izango da, eta etzaie ongi irudituko antitaurinoek beraien momentu gozo hori izorratzea pankarta eta leloen abestearekin. Besteei berriz, beraien kausari pisua emateagatik edo, momenturik egokiena hori irudituko zaie, beraien aldarrikapenak egiteko.
   Norbaitek probokazioa ikusi dezake hor. Edo norbaitek beste norbait probokatu dezake, behin elkar topo egiten dugunean.
   Eta penagarria irudituko litzaidake, herritarren artean benetako liskarra sortzea, festa une gogoangarri bat izan behar duen une horretan. Eta okerrenean jarrita, horrelako zerbait gertatzen bada, ez diot behin ere barkatuko horren sortzaileari, taurino edo antitaurino izan.
   Beraz, Youtuben famatua egin den Amparito Roca-ren bideoan azaltzen den moduan, inork ez diezaiola esan inori "Fuera!" edo antzeko esaldirik. Zeren tenperatura nahiko beroa dago oraindik, eta tontakeria bat nahikoa izan daiteke norbaitek burua galtzeko.
   Irabazle onak izan behar dugu zezenzaleok momentu horretan.
   Baina besteek ere galtzaile onak izan behar dute.

   Dena dela, momentu horietan gertatzen dena gertatzen dela ere, hemen sarrera bat izango du.
   Ezer ez dela gertatzen, edota izugarrizko borrokaldia gertatzen dela ere, hemen sarrera bat idatziko dut festak eta gero.
   Bertan, gertatu direnak kontatuko eta baloratuko ditut, eta zekorketen kronikatxo bat ere egingo dut.
   Baina hori festa ondoren nizango da.

   Ordurarte, pozik bizi, eta zoriontsuak izan.

   Festetan ikusiko gara (tira, modu metaforikoan ulertu ezazue esaldi hau). Hor ibiliko naiz, plaza inguruan.


   Ondo izan.







Amparo la que Baila con el Toro,  Zestoan, Abuztuak 8an.

8 comentarios:

  1. Anparo handia zara benetan!!
    Egia esan behar da eta, penetan nago hartu duzun erabakiaz baina usten dut erabaki ona hartu duzula.
    Segi horrela eta ondo pasa festak!!

    ResponderEliminar
  2. zorionak amparo kriterio oneko erabakia hartu duzu. niri ere agokia iruditzen zait. Nik ere ez naiz agertuko baina saltsan egongo naiz beste urte bat gehiago. disfruta dezagun gure festetaz animo eta ondo pasa amabirginak.

    ResponderEliminar
  3. ARRAZOI DUZU HAU EZ DA AMAITU. ARAZOA HARTZEN HARI DEN TAMAINA ETA GARRANTZIA IKUSIRIK, EZ DELA ONDO AMAITUKO IRUDITZEN ZAIT.
    ZEZENZALEEN BURUGABEKERIA ETA EUFORIA IRRAZIONALA!
    ESTATUKO KOMUNIKABIDEEN ERABILERA POLITIKOA!
    GEHINGOAK EMATEN DUEN BOTEREA!NAIZ ETA ARRAZOIRIK EZ IZAN!
    GATAZKA HAU KOLORE OSO ILUNA HARTZEN ARI DA ETA KONTUZ EZ BAGABILTZA ESKUETAN LEHERTUKO ZAIGU!!

    ResponderEliminar
  4. Zezenzaleen burugabekeria??? ETA ZEZENKETEN AURKAKOEN BURUGOGORTASUNA! Ez ala?

    ResponderEliminar
  5. AMPARITO LA QUE LE GUSTA VER MATAR AL TORO

    ResponderEliminar
  6. Hi ze pasatzea hi ... ez aldek beste idazlanik argitarau ber ? Bea Amparo maitte haut !

    ResponderEliminar
  7. Amparo hik aurpegia ez ematearen arrazoietako bat idazten segi behar huela zen. Irrikitan nago noiz idatziko duzun hurrengoa eta ez baduzu gehiago idatzi behar, uste dut hoberena hementxe bertan jartzea izango dela gehiago ez duzula idatziko. Horeala ez gara zure zain egongo. Aupa Amparo!

    ResponderEliminar
  8. Usteit ya garaya allauko uala hire beste argitalpen bat idazteko ez ? Hillero pare bat aldiz beitzeit hire blog hau ta aspaldiyan eztit sorpresaik topau ta faorez eskatzeit urrena laxte izangoan eo geyo eztan izango esateko. Emndik besarkada bero bat Amparo !!

    ResponderEliminar